Rouco, pontifex

Gaur goizeko 04:45etan esnatu naiz, Tenerifen nengoela. Izan ere, hiru ordu laurden geroago autobusak hartu behar gintuen aireportura eramateko, etxera bidean berriz ere. Eta burutazio zoro bat etorri zait: Rouco Varela izango da hurrengo Aita Santua. Asko idatzi da nola gerra hotzaren garaian CIAk eraman zuen kardinal poloniar bat San Petriren aulkira, Sobiet Batasuna eta bloke komunista desorekatzeko asmoz. Are gehiago idatzi da nola beste aldeko zerbitzu sekretuek prestatu zuten atentatu bat Carol Wojtyla hiltzeko. Zauritu bai, zauritu zuten Joan Paulo II, baina hil ez.

Harrezkero, Berlingo harresia erori zen. Beraz, orain arriskua ez dator Ekialdetik. Ordea, bai munduko enperadorea nola Opus Dei kezkatuta daude Espainiako gobernuarekin. Bakoitzak bere motiboak ditu. Eta 1978an hain ondo atera bazitzaien jokaldia, zergatik ez errepikatu orain? Zapaterok hor izango luke oposiziorik gogorrena, eta markajerik zorrotzena nazioarteari begira.

Dutxapean sartu naizenean, berriz, esnatu bezala egin naiz, eta ohartu burutazio hau amesgaizto baten hondarra baino ez dela izan. Baina, horrekin batera, pentsatu dut txiripa batek Rouco Vatikanoko burura eramango balu, euskaldunok beste izen bat asmatu beharko genukeela Aita Santua izendatzeko.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat Rouco, pontifex bidalketan

  1. egilea: Erramun Gerrikagoitia

    Barre ere gustura egin dut, batez ere, azkenean noiz diozun ezen “euskaldunok beste izen bat asmatu beharko genukeela Aita Santua izendatzeko”.

    Zorionak eta ez gal humorerik. Eskerrak zuri.

Utzi erantzuna Erramun Gerrikagoitia(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude