Txara

Hiztegiak dio txara dela eremu bat zuhaiska asko hazten dituena. Sastraka berbaren sinonimoa izango litzateke. Elorrion txara eta txaraka izenekin izendatu da sastraka.

Luis Villasante zenak Axular liburuan dioenez, sara litzateke txara horren bariante bat. Era horretan, Lapurdiko Sara eta Mondragoeko Sara guneek (azken hau Kanpazarko gainetik hurbil) hortik jasoko zuketen izena, garai batean bazter horiek “dena oihana zirelakotz”. Zarautz ere, zara huts izango litzateke = puro jaral. Beti Villasanteren arabera (27.or.).

Kontua da Elorrion bazegoela eremu bat —Argiñetako nekropolira bidean, Bedoia baserriaren ondoan— mundu guztiak Txarie zeritzona. Harik eta inguru hartan txaletak egin ziren arte. Orduan, sasi ilustraturen bati otu zitzaion eremuari izena aldatzea, jasoagoa-edo egiteko. Harrezkero paper ofizialetan esaten diote “El Jaral de Bedoya”, horrelaxe, Caceresen balego bezala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 4 iruzkin

2009ko udan irakurritakoak

Udako oporrak aproposak dira, oso, irakurtzeko, eta nik ere horixe egin dut aurten, ahal izan dudanean. Hona hemen irakurritakoen zerrenda:

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Osakidetzaren hanka-sartzea txertoekin

Ederra egin didate Galdakaoko Ospitalean. Ez didate, bada, eman txerto bat urtarrila ezkero iraungita zegoena! Asteartean Hematologia departamenduan ez ziren okerraz konturatu, txertoak bertako anbulatoriotik jaso zituztenean. Ni ere ez. Zer pentsatuko nuen Osakidetzak txerto zaharkituak emango zizkidala!

Atzo, berriz, bigarren txertoa jaso ondoren —Itziar erizainak ipini zidan hepatitisaren kontrakoa, Elorrioko anbulatorioan—, goiz erdian Itziarrek berak deitu zidan esanez ipinitako txertoa joan den urtarrilean zegoela kadukatuta, bera txostena egiterakoan konturatu zela. Ohartu bezain laster harremanetan jarri zen Osakidetzako hainbat departamendurekin, jakiteko zer gerta zitekeen, badaezpada.

Zur eta lur geratu nintzen, harrituta horrelako hanka-sartzearekin, baina lasai, ordura arte ez bainuen ezer arrarorik sentitu. Eguerdian berriro deitu zidan Itziarrek, eta orduan esan zidan trankil egoteko, esan ziotenez, kasurik okerrena izan zitekeela hartutako txertoak eraginik ez izatea. Besterik ez.

Osakidetzako baten batek hanka-sartu, eta beste batek okerra konpondu. Eskerrik asko, Itziar!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 4 iruzkin

Urte erdian 8 txerto hartuko ditut

Bai, gripe arrunta eta A gripearen txertoez gain —biak hartu beharko ditut, arrisku taldean bainago—, datozen sei hilabeteotan beste sei txerto hartu beharko ditut, jeneralean haurtzaroan hartzen direnak, hezur-muineko transplantea egin zidatenean galdu bainuen immunitatea, txikitan hartutako txertoek emandakoa. Hauek dira gainerako seiak:

  • H. influenzae
  • Hepatitisa
  • Poliomielitisa
  • Tetanos-difteria
  • Pneumokokoa
  • Elgorria-errubeola-hazizurriak

Atzo hasi nintzen programa berezi horrekin, propio pentsatua hezur-muineko transplantea izan dugunontzat, eta atzo bertan eman zidaten lehena: H. influenzae. Lehen txanda honetan lau hartuko ditut, 48 orduko tartearekin batetik bestera. Azaroan izango dut bigarren txanda, orduan errepikatu egin beharko dira gehienak, eta urtarrilean hirugarrena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Hego haizearekin batera, fundizio kiratsa

Atzo, etxeko leihoak ireki, eta sekulako fundizio usaina sartzen zen, txiza usainaren oso antzekoa. Irten kalera, eta hego haizea zebilen Elorrion. Hego haizea dabilenean, fundizio usainak inbaditzen du herria. Hemen, behintzat, horrela izaten da.

Herri polita da Elorrio, hori ez dago ukatzerik. Baina kalitate eskaseko airea arnasten dugu hemen, fundizioen erruz batez ere. Garai batzuetan protesta biziak egin ziren aire ustelaren kontra. Beharbada, horrengatik, kiroldegiaren osteko parkinean furgoneta bat dago, Eusko Jaurlaritzarena, bertako airearen kalitatea neurtzeko. Hor dago, ez dakit zenbat denbora, baina betiko legez segitzen dugu, kiratsa arnasten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Seme-alabekin eskolaz hitz egiten

Gure seme-alabak laster itzuliko dira eskolara, irailaren 9an, hor nonbait. Eskolara bueltatu bai, baina gero gutxi hitz egiten dugu eurekin zelan doazkien gauzak eskolan. Askotan eurek ez dutelako gogo handirik izaten, eta beste askotan gurasook ez dakigulako nondik hasi. Hori gogoan, Will Richardson pedagogoak hainbat galdera prestatu ditu ikasturte honetan bere seme-alabekin erabiltzeko. Hona ekarri ditut, pentsaturik guretzat ere baliagarriak izan daitezkeela:

  • Ezer esanguratsurik egin duzu gaur?
  • Zer ikasi duzu gaur munduaren gainean?
  • Zeinekin diharduzu lanean?
  • Zerk harritu zaitu?
  • Zer egin dute irakasleek zurekin?
  • Baduzu galderarik erantzun barik oraindik?
  • Zelan aldatu duzu mundua?
  • Zer ikasi dute gaur zure irakasleek?
  • Zer partekatu duzu munduarekin?
  • Zertaz jakin nahi duzu gehiago?
  • Zer gustatu zaizu gaur?
  • Zerk eragin dizu barrea?
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Urtean 365 argazki

Flickr harrigarria da. Orain jakin dudanez, badu proiektu bat, 2009/365 photos izenekoa, non nahi duenak parte har baitezake, urtean egunero argazki bat egin eta igota. Berdin dio zer argazki mota den. Urtebetean hor geratuko dira pertsona baten joan-etorriak, gora-beherak, pozak eta penak.

Antza denez, talde hau 2008an hasi zen, irakasle talde batek Twitter-en horrela erabakita, baina aurten ere izan du jarraipenik. Une honetan 239 kidek hartzen dute parte bertan, eztabaida-gune eta guzti.

Gustatu zait proiektu honen ideia. Jarraipena egingo diot, eta, beharbada, 2010ean neu ere animatuko naiz bertan parte hartzen. Ikasleei ere aurkeztuko diet Web 2.0 ikastaroan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Andrew Shandro

Andrew Shandrorekin batera
Bere etxean bizi izan nintzenean, Vancouverren, Andrew Shandrok 11 urte zituen. Urteen joanean baina, mutiko hura goi mailako txirrindulari bihurtu zen mendiko bizikletan, batez ere aldapa beherako lasterketetan. Birritan irabazi zuen Munduko Kopa espezialitate horretan, eta lautan Kanadakoa.

Gaur egun Whistlerren egiten du lan, bertan udaleku bat zuzentzen baitu mendiko bizikletan aritzeko, eta hor izena ematen dutenek jaso dezakete goi mailako txirrindularien aholkua, beti ere aldapa beherakoan. Horrezaz gain, hainbat bizikleta enpresarekin dago lotuta.

Uda honetan berarekin izan ginen, Whistlerren ari zela txirrindulari talde batekin. Gogoratzen zen, bai, 1982an bere etxean hilabete batzuez bizi izan zen euskaldun hartaz.

Nahi baduzue ikusi zelako gauzak egiten dituen Andrew Shandrok mendian behera, erreparatu bideo honi, merezi du-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Ordainpeko Twitter urte bukaerarako

Biz Stone Twitter-eko sortzaileetako batek iragarri du orain dela gutxi VentureBeat aldizkarian urte honen amaierarako bere enpresak ordainpeko eskaintza bat kaleratuko duela enpresei begira batez ere, berauek darabilte-eta Twitter marketina egiteko ez ezik, baita bezeroekiko harremanak lantzeko, publizitatea zabaltzeko, etab.

Ordainpeko kontuek zerbitzu gehiago eskainiko dituzte, hala nola estatistikak eta analisiak. “Zaila izan liteke”, esan du Stonek, “bereiztea nork darabilen zerbitzua asmo profesionaletarako eta nork modu pertsonalean. Horregatik, gure asmoa da zerbitzu estrak sortzea, jendea prest egongo dena ordaintzeko”. Hala ere, Stonek garbi utzi nahi izan du erabiltzaile pertsonalei ez zaiela behartuko Twitter ordaintzera.

Twitter aspaldi dabil aztertzen zelan atera etekin ekonomikoa bere zerbitzuari, aintzat hartuta azken urte eta erdian izugarri hazi dela mundu osoan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Twitter: laburra eta ona, birritan ona

Ikusita zelako arrakasta izaten ari den Twitter, mundu osora zabaltzen ari baita etengabe, Dom Sagolla adituak liburu bat argitaratuko du urrian: 140 karakter: estilo liburu bat labur idazteko. Egileak berak Twitter-en aitortu duenez, hiru urte eta erdi egin ditu informazioa biltzen, eta hiru hilabete eta erdi liburua idazten.

Liburuak 272 orrialde izango ditu, eta Jack Dorsey Twitter-eko sortzailetariko baten hitzaurrea izango du. Liburua ingelesez idatzita dago, eta ingelesa izango du aztergai, baina interesgarria izango da, markatuko ditu-eta hainbat puntu, beste hizkuntza batzuetan ere aintzat hartzekoak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin