Gure telebista: Youtube

Bost urte baino ez ditu, eta denbora horretan Youtube jende askoren telebista bihurtu da. Beste modu bateko telebista da, jakina, bertan ikusi beharrekoa (ia edozer) ikusten baitugu guk nahi dugun tokian eta aukeratzen dugun orduan. Dagoeneko AEBetako kate handiek elkarrekin duten audientzia ia halako bi lortu du, eta bertan minuturo 24 orduko telebista igoten du jendeak. Ez da harrigarria?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Amandre kementsua

Youtuben denetariko bideoak aurki daitezke: zoritxarrekoak, joan den astean Manolo Lamasek Cuatron egindakoa kasu; bitxiak, robot batek atzo gazte batzuk ezkondu zituenekoa, adibidez; edo hunkigarriak, Mexikoko amandre honen historia erakusten duena, esaterako. Ahal baduzue, ikusi, merezi du-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Kazetaritza negargarria

Arkaitz Zubiagak jarri ninduen atezuan, Twitter-en utzitako mezuarekin. Klik egin nuen berak emandako loturan, eta bideoa ikusi nuen. Lotsagarria iruditu zitzaidan, zelan bihur zitekeen gizon baten probrezia gorria harropuzkeria zeltiberikoaren ikuskizun.

Sortu zutenean, Cuatro izan behar zen kalitatearen paradigma. Kaka zaharra. Albistegietako kirol saioak —goiko hau horien barruan sartzen da— jokabide oiesa eta arruntaren ispilu dira, barriobajero hutsak.

Eskerrak Internet eta Youtube hor dauden, bestela oharkabean igaroko zen Manolo Lamaren “grazia”. Haiei esker, berau zuzenean ikusi ez genuenok, aukera izan dugu ikusi eta iritzia emateko. Eta esan diogu Cuatrori egin duena ez dagoela ondo, narraskeria galanta izan dela, iraindu egin duela gizakion duintasuna.

Hainbeste jendek kritikatu du saioa, ezen kateak barkamena eskatu behar izan baitu, modu epelean, hori bai. Hori baino neurri gogorragorik hartzen ez badu, nirekin jai du Cuatrok.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Darwin Lotilandian

Bai, horrela deritzo Kepa Altonagak bere azken
liburuan, Darwin geurean, eliza katolikoak narkotizatutako Euskal
Herriari, Lotilandia, zeinak XX. mendeko 80. hamarraldia etorri arte ez
baitzuen onartu eboluzioaren teoria, mende bat lehenago Charles
Darwinek
formulatu zuena Ingalaterran.

Lotilandian elizako
zenbait gizon itzaltsuk euskara harresi gisa erabili zuten, kanpotik
zetozen ideia arrotzek errorik egin ez zezaten gure artean. Giro
horretan, hiztegigile famatu batek hitz bat asmatu zuen zientzialari
ingelesaren pentsaera adierazteko: “darbinkeri”, hitz erabat
iraingarria. Eta Darwinek bezala pentsatzera ausartu ziren euskaldun
bakanak, Jean Etxepare medikua kasu, bazterreratu egin zituzten,
isiltasunik hotzenera kondenatuta.

Gustura irakurri dut Darwin
geurean,
liburuxka apala neurrian, baina ederto erakusten duena urte
luzez Lotilandian bizi izan dugun lainopea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Nire susmoa Google News dela-eta

Aspalditik erabiltzen dut Google News informazioa jasotzeko, batez ere teknologiari lotutakoa. Azken aldi honetan baina, susmoa dut Googlek era berezian aurkezten dizkidala albisteak, oinarri hartuta nik gehien klikatzen ditudan gaietan, halako eran, non albiste gehienak lotuta baitaude Apple, Google eta Androidekin.

Seguru nago teknologia kontuetan albiste asko sortzen direla Nokia, Microsoft, HP, Dell, Samsung, Ubuntu eta beste enpresa askoren bueltan, baina niri bestelakoak agertzen zaizkit: Apple, iPhone, iPad, Google, Android…, eta uste dut hori horrela dela Google Newsek kontuan hartzen duelako zer gaitan egiten dudan klik maizen.

Eta hori ez zait gustatzen, zeren, era horretara, murriztu egiten zaizkit nire informazio iturriak, eta  ibil naiteke beti gai bertsuen inguruan bueltaka.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Titus Andronicus

Ostiral iluntzean Donostian izan ginen, Tabakaleran, bertan estreinatu zen-eta Degustación de Titus Andronicus, La Fura dels Baus taldearen azken lana, William Shakespeareren lan baten egokitzapena, Aduriz sukaldariarekin elkarlanean egina.

Gustura irten nintzen, harrituta talde katalanak zein ondo ekarri zuen gaur egungo moldeetara Shakespeareren lehen lana. Bideo jokoen, pantaila inguratzaileen eta beste tramankuluren erabilerak ez baitzuen moteldu —indartu baizik— lanari darion indarkeria. Zenbait une bereziki hunkigarriak izan ziren, Andronicusen alaba bortxatu eta mutilatu ondorengoak, esaterako. Giza izaeraren alde iluna ikusi genuen Tabakaleran.

Tragedia guztien ondoren jendeak jaten segitzen baitu —esaldi horrekin amaitu zen antzezpena—, guk ere horixe egin genuen Bodeguilla donostiarran, hantxe dastatu genituen-eta Tabakaleran tokatu ez zitzaizkigun jaki eta edanak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Joxan Ormazabal, in memoriam

Atzo jakin nuen Joxan Ormazabal hil dela, haur literaturan gehien irakurri dudan idazleetako bat. Gustuko nituen haren prosa erraza eta txinparta. Eta inbidia sentitu nuen orain zenbait hilabete irakurri nionean oso pozik ari zela 60 urterekin erretiroa hartuta. Horregatik, estutu egin zitzaidan bihotza jakin nuenean utzi egin gaituela.

Haren omenez, lotara joan aurretik, goiko bideo hau ikusi — orain dela gutxi Sautrelak egina— eta Antonio Bolas irakurri nuen. Eskerrik asko, Joxan!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Alberto Gorritiberea irrati profesionala

Berria egunkarian irakurri dut Onda Vascak kalean jarri dituela Herri Irratiko hainbat langile, tartean Alberto Gorritiberea. Pena hartu dut itzela, zeren (besteak oso gutxi ezagutzen nituen arren) Albertok belaunaldi oso bat markatu du Loiolako Herri Irratian. Esango nuke mende laurden pasatxo egin duela bertan lanean, eta gure inguruan sekula ez dut ezagutu Debagoiena berak bezain ondo ezagutu duen irrati profesionalik. Eta Debabarrena. Eta Goierri. Eta Urola.

Alberto kalean jarrita, mezuak garbia dirudi: jabe berrien esku, informazio lokala —eta euskarazkoa—, bazterreko kontua izango da Herri Irratian.

Mezu honen bidez, eskerrik beroenak eman nahi dizkiot Albertori, urte hauetan entzuleoi eskaini digun lan handiagatik. Besarkada handi bat, eta zorterik onena etorkizunean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Edurne eta Juanito: nolako Mari, halako Peru

Bi mendizale hauek —Juanito Oiarzabal eta Edurne Pasaban— Himalaia inguruetan dabiltza, eta izenburuak egin dituzte egun hauetan. Niri, berriz, bat ere gustatu ez horien jarduna.

Edurnek, ikusi zuenean Miss Ho korearra aurreratuko zitzaiola munduko zortzimilako hamalauak egiten, haren kontrako susmo txarrak barreiatzen hasi zen. Juanito Oiarzabalek, berriz, inguruko guztiak kakaztu nahi izan ditu, bera izan ezik noski, Tolo Calafat bidaidearen heriotza esplikatzeko orduan.

Mendizale horiek negozio oso bat antolatu dute mendiaren inguruan, esponsor sare handiarekin, eta beren negozioa babesten ari dira, mendiko mistika erabilita: elkartasuna, sakrifizioa, adiskidetasuna, garbitasuna, bla, bla, bla…

Hau ez da atzo goizeko kontua. Orain sei urte, blog hau sortu eta berehala, bertan mezu bat idatzi nuen Juanito Oiarzabalen inguruan, aitzakia hartuta garai hartan Euskadiko Kutxa egiten ari zen kanpaina bat, non Oiarzabal bera jartzen zuen segurtasunaren eredu. Orduan hau esan nuen:

  • Mundu guztiak daki euskal mendizaleen artean oso arriskutsua izan daitekeela Juanito Oiarzabalekin joatea gailur enblematiko horietako bat egitera. Birritan salbatu dute in extremis, behin Iñurrategi anaiek, eta bigarrengoz iragan udan. Bietan erakutsi zuen kalkulu eskasa, lidergorik eza eta egozentrismo itzela.

Sei urte joan dira harrezkero, eta ez daukat motiborik iritziz aldatzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Garaipenean eredu. Porrotean, ez hainbeste

Atzo triste oheratu
nintzen, ikusita Barça zelan geratu zen kanporatuta, Inter Milangoari
1-0 irabazita eta ikusita zein gaizki erantzun zion porrotari: Interko
jokalariak hasi zirenean euren balentria ospatzen, Barçak piztu egin
zituen zelaiko ihintzagailuak. Valdesek ere, lepotik oratu zion
Mourinhori, sutan honen jarrerarekin garaipena ospatzeko.

Garbi
dago Interren estiloa ez dela ikusgarria, eta atzo hamar jokalari jarri
zituela defendatzen, baina talde bakoitzak aukeratzen du nahi duen
taktika. Interrek egin zuen komeni zitzaion partida. Eta Barçak atzo ez
zuen asmatu berea egiten. Argi dago, halaber, aurten Barça ez dela ibili
iaz bezain ondo.

Nahiko nuke atzoko porrotetik Barçak ikasiko
balu porrotean ere eredugarri izan behar dela, porrota, berez, beti
mingarria den arren.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1