Gonbidatuta zaudete Munibe plazara

Ramon Aranzabal, Andoni Etxebarriarekin
Gaur 22:30ean nire anaia Ramonek
(ezkerrean, Andoni Etxebarriarekin batera) aurkeztuko du “Gau magikoak Munibeko plazan”, ikuskizuna. Bi urtean
gogor egin du lan hau prestatzen, baina dagoeneko dena du gertu:
babesleak hitzartuta, margolanak eginda eta eskegita —bat izan ezik,
hori larunbatean eskegiko da, ikuskizunean erabili eta gero—, dantzak
eta jantziak probatuta, komunikazioa landuta…


Eguraldia soilik ez
dago seguru, baina hondamendi bat gertatu ezean, ikuskizuna egin egingo
da,
Ramonek horrela du erabakita, aprobetxatu nahi du-eta udako
solstizioaren lilura.


Joan den igandean Munibe plazan izan
nintzen, Bergaran, orduan egin baitzen lehen probasaiioa plazan bertan
(lehendik Musiraka dantza taldeak hainbat saio egin zituen Osintxun),
eta sinistuta irten nintzen gaur iluntzekoa ikuskizun ederra izango
dela. Osagaiak, behintzat, primerakoak ditu: lekua, ordua, margoak,
istorioa, musika, dantza…



Ramonen ausardia

Egia esan, harrituta
nago Ramonekin, ikusita zelako ur handitan sartu den proiektu honekin.
Atzean geratu da Fagorreko langile hura, deseatzen zegoena erretiroa
noiz hartuko, bere ametsak betetzeko.


2008an erretiratu zenetik, bere energia
guztiak proiektu honetan erabili ditu, eta bide horretan denetik egin
behar izan du: proiektua diseinatu, margolanak pintatu, gidoi bat
idatzi, babesleak bilatu eta haiekin negoziatu, laguntza teknikoa
bilatu, dirua arriskatu, komunikazio lanak egin, antzezleak bilatu,
antzezpenak zuzendu…, eta hori guztia ganoraz eta irribarre batekin.
Hori dok eta, Ramon!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

San Joan sua, Esteñibarren

San Joan sua Esteñibarren, Elorrion
Atzo iluntzean Esteñibar baserrian izan ginen –Gazeta auzoan, Elorrion–, azken hamabost urteotan bezala, hantxe igaro genuen-eta San Joan bezpera.

Betiko moduan, Mikel Irizarrek prestatu eta gobernatu zuen sua, baina atzokoan sekula baino ume gehiago izan genituen inguruan, eta horrek are eta bereziago egin zuen ilunabarra, ikusita txikiek zein ondo pasatzen duten horrelako gau magiko batean, kantatzen lehendabizi eta suaren inguruan gero.

Eskerrik asko Esteñibarko jaun-andreei, beste behin ere, gau zoragarria eskaini zeniguten-eta!
tagzaniapaste
Esteñibar baserria, Elorrio map

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Telebistako berriak, lau minutuan

RTVEk ondo
aprobetxatzen du sarean lehenago pantailarako egindako lana. Ikusi,
bestela, zer egiten duen “El Telediario en cuatro minutos” atalean.
Hartzen du, oso-osorik, albistegiaren sarrera, lau minutukoa, eta,
dagoenetan, sareratzen du bere webgunean, telebistakoa eman eta gutxira.

Hala ere, nire gusturako, luzetxo geratzen da. Nik minutu bat kenduko
nioke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Munilla vs. Arregi

Calvino XVI. mendeko Suitzan Castelliorekin nola, halaxe jokatazen ari da XXI. mende hasiera honetan Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako gotzaina Joxe Arregi teologoarekin: isilarazi nahi du edo, bestela, Hego Ameriketara bidali.

Hala ere, Castellio bere garaian bezala, Joxe Arregi ausartu egin da ezetz esatera, eta salatu egin du Berria egunkarira bidalitako gutun batean Gipuzkoako gotzainaren jarrera —(koldarra, diot nik), honek ez baitu nahi agindua berak eman, zikindu egingo luke-eta gotzainaren irudi dagoeneko mailatua—, eta hitz egiteko askatasuna eskatzen du. Horren harira, teologo azpeitiarrak zenbait galdera kaleratu ditu, adibidez:

  • Nola liteke Elizan, egiaren izenean, errore teologikoak gehiago pertsegitzea gezurra, harrokeria, handigosea eta diru-gosea baino, pederastia ez aipatzearren?

Ez dakit Iban Zalduak ez ote dion zeharka erantzun galdera horri, atzo nire Facebook-en utzitako ihardespen batean:

  • Eta zer espero daiteke Eliza bezalako egitura jerarkiko, bertikalista eta ez-demokratiko batengandik? Ni harritzen nauena da halakoekin jendea harritzen segitzeak…

Ni ez naiz harritu, baina amorrua sentitu dut eliza ofizialaren jokabideagatik, zelan estali nahi dituen dogma, intolerantzia, eta fanatismoa sekretismoa eta zurikeria erabilita. Eta kasu honetan, Joxe Arregiren adierazpen askatasuna aldarrikatu nahi dut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Zelan sustatu arte ekitaldi bat sarean

Aurreko batean adimen mapa hau eraman nuen ikasgelara, eta 1.
mailako ikasleei erakutsi nien, Komunikaziokoei, ikus zezaten adibide
bat, zelakoa izan daitekeen Community manager baten lana. Bertan
erakusten da zelako estrategia antolatu dugun Ramon Aranzabal
pintorearen ekitaldi bat, “Gau magikoak Munibeko plazan”, sarean
sustatzeko.

Aplikazio asko erabili
ditugu helburu hori lortu eta Ramonen nortasun digitala lantzeko, denak
Web 2.0 erakoak, eta beste zenbait, aplikazioak elkarren artean
lotzeko. Hilabete eta erdi izan dugu proiektua lantzeko, eta, oraingoz,
emaitzak onak izan dira.


Ikasleak harrituta geratu ziren zenbat lan
eskatzen duen horrelako estrategiak antolatzea, planifikazioa eta asmoak
gauzatzea, baina nago adibideak lagundu ziela sareko lanak hobeto
ulertzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Egunkariak, agerian

Egunkariak irakurtzen Donostian
Aspaldiko partez, asteburu honetan Donostian izan gara. Larunbat goizean Bretxara hurbildu nintzen, alde zaharrean, eta bertako plazako eraikin berrian geratu, egunkariei begira. Gustatzen zait zelan erakusten dituzten eguneko egunkarien azalak: begi-bistan eta irakurtzeko moduan. Zeren, zenbait saltokitan, askotan, oraindik ere egunkariak jartzen dituzte barrukoz kanpora, halako eran non bezeroak ezin dituen irakurri.

Egunkariak ezkutatzen badizkidate, haserretu egiten naiz, eta bertan ez dut erosiko. Ostera, egunkariak bistan jartzen dizkidaten tokietan joera dut zerbait erosteko, egunkari bat ez bada, aldizkari bat. Eskuzabalak beti irabazten du. Edo gehienetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Martin Barker gurean

Martin Barker Komunikazioko irakasleekin
Joan den astean Komunikazioko irakasleok aukera izan genuen goi mailako ikertzaile baten lanaz gozatzeko Mondragon Unibertsitatean, hiru egunez gurekin izan baikenuen Martin Barker, Zine eta Telebista Ikasketetako irakaslea Aberystwyth-eko Unibertsitatean, Galesen.

Hiru egunez, Martin Barker-ek erakutsi zigun zelakoa den irakasteko pasioa, lanerako seriotasuna eta ikertzeko metodoa. Ni, behintzat, txundituta geratu nintzen bere lan egiteko moduaz. Thank you, very much, Martin. It was a great pleasure to meet you! (Argazkia: Mari Carmen Bonilla & Yera Sanchez)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Aurpegiz aurpegi

Sam Mendes antzerki eta zine zuzendariak (American
Beauty,
Road to perdition, Revolutionary
road…
) iragarki ederra egin dio Apple enpresari, azaltzeko iPhone 4 telefono berriaren “Face time” ezaugarria, alegia, bideokonferentzia egiteko ahalmena, telefonoa erabilita. Iragarki ederra, baina…

Iragarkiak ez du esaten “Face time” ezaugarria erabiltzeko nahitaezkoa dela wifia izatea. Zoritxarrez, ginekologoarenean ez dute wifirik izaten —gehienetan ez—, ezta etxe edo parke guztietan ere. Halaber, iragarkiak isilean gorde du “Face time” erabiltzeko, wifiaz gainera, behar dela alde bietako lagunek iPhone 4 edukitzea, ez du-eta balio batek iPhone 3G edukitzeak eta besteak iPhone 4.

Hortaz, “Face time” ezaugarri polita da, eta arrakasta izango du seguruenik, baina ez dut uste etorkizun hurbilean jende asko ikusiko dugunik berau sarri erabiltzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Komunikazio-glosategia, lo

Joan den ostiralean Mondragoen izan nintzen, unibertsitateak antolatutako jardunaldi batean, IKTak eta Hezkuntza, eta bertan Komunikazio-glosategia izan nuen mintzagai. Azaldu nuen zelan sortu zen, zelan zabaldu, eta zelan hasi ginen bertan edukiak sortzen…, harik eta nekatu ginen arte.

Gaur egun glosategia lo dago, bertan ez dugu ia edukirik sartzen, seguruenik oso lanpetuta gabiltzalako beste lan batzuetan. Eta pena da, zeren erabili dutenean, ikasleak gustura ibili dira bertan. Horietako zenbait, gainera, berau erabiltzen hasi dira karrera amaierako proiektuetan, bertako glosategia osatzeko.

Glosategia lo dago, baina ez hilda. Dagoeneko badu corpus txiki bat eginda, 811 sarrera, eta hori ez dugu errekara botako. Kontua da pentsatu beharko dugula modu bat berau berpizteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Mouton 1928

Adituek zin egiten dute ondoko hau benetan gertatu zela, orain urte asko. Niri, posta elektronikora iritsi zait…

Gizon bat Ritz Carlton hotelean sartu zen, Parisen, bere bikotekidearekin batera, eta eskatu zuen botila bat MOUTON, 1928koa. Zerbitzaria dekantazioko bonbila bete ardorekin itzuli zen, eta apur bat zerbitzatu zion kopan, gizonak probatzeko. Honek kopa esku artean hartu, usaindu, probatu, kopa mahai gainean utzi eta esan zuen disgustura:

—Hau ez da Mouton 1928!

Zerbitzariak, baietz. Berehala, mahaiaren bueltan ziren bertako maitrea, hoteleko kudeatzailea eta chefa. Hauek, alferrik saiatu ziren gizona konbentzitzen hura zela berak eskatutako ardoa.

Halako batean, baten bati bururatu zitzaion gizonari galdetzea zelan zekien hura ez zela Mouton 1928koa…

Gizonak erantzun, soseguz eta argi:

—Nire izena da Phillipe de Rothschild, eta neuk egin nuen ardo hori…

Denak zur eta lur…

Orduan zerbitzariak urrats bat aurrera egin eta aitortu zuen bonbilako ardoa CLERC MILON zela, 1928koa. Eta gehitu zuen: ezin nuen jasan azken Mouton 1928koa edatea.

Hala ere —jarraitu zuen zerbitzariak—, oker ez banabil, bere gorentasuna da Clerc Milon mahastietako jabea, eta horiek Mouton herrixkan bertan daude. Mahats biltzea ere maila berean egiten da, berdin kimatu, mahats aleak aldi berean jaso, eta birfintzeko arrautzak ere oilo berenak izaten dira… Ardoak berdinak dira, eta bien artean alde geografiko txiki-txikia baino ez dago…

Rothschild hurbildu egin zitzaion zerbitzariari, eta xuxurlatu zion belarrira: Gaur gauean etxera itzultzen zarenean, esaiozu zeure emazteari eranzteko arropa, sar iezaziozu hatz bat aurretik eta beste bat atzetik, eta antzeman zer aroma eta buket diferenteak dituzten, bakarrik alde geografiko txiki-txiki horrengatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina