Elorrioko alkatearen txiribuelta

Ekainaren 11 ezkero Ana Otadui da Elorrioko alkatea. Hauteskunde kanpaina ere alkate izateko asmoarekin egin zuen, bera izan baitzen zerrendaburua EAJ alderdian. Izendapenetik hilabete igaro aurretik, ostera, uztailaren 10ean, Ana Otaduik berak jakitera eman zuen aurrerantzean lehen alkateordeak hartuko dituela alkatetzaren ardura, denbora eta soldata, eta berak, batzorde baten ardura salbu, Eusko Legebiltzarrean segituko duela, parlamentario bezala.

Erabakia hartu den moduan (hauteskundeak igarota, ez lehenago), iruditzen zait itsuskeria galanta dela Elorrioko botoemaileentzat, Ana bera alkate izateko asmoarekin aurkeztu baitzen eta kanpainaren garaian sekula ez baitzuen publikoan aipatu karguaren ardurak beste inoren bizkar utziko zituela. Horretarako asmoa baldin bazuen, horren berri bozketa egin aurretik eman behar zuen, botoemaileek kontuan izan zezaten.

Datozen udal hauteskundeetan galdetu egin beharko diegu Elorrion aurkezten diren alkategai guztiei asmorik duten alkatetzaren ardurak hartzeko, botoa eman aurretik jakin dezagun zer egin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 5 iruzkin

Bilbora, itsasadarrean gora

Hona hemen txangolariak
Joan den uztailaren 15ean, ostirala, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko lankide talde batek ikasturte amaierako txangoa egin genuen Bilbo inguruan.

Lehendabizi, “Euskal Herria” ontzia hartu genuen Santurtzin, eta Bilboko udaletxe pareraino joan ginen, itsasadarrean gora. Esperientzia paregabea izan zen, uretan gora egin ahala, Bilboren historia industriala errepasatu genuen-eta.

Gero, Bilbo zaharreko zenbait leku bisitatu genituen, Pedro eta Aitor Zuberogoitia anaien gidaritzapean, gehiago jakin nahi genuelako zelako bilakaera izan zuen euskarak Bizkaiko hiriburuan.

Ondoren, Artxandara igo funikularrez, eta bertan bazkaldu genuen, bapo bazkaldu ere. Ikusi nahi badituzue orduko argazkiak, Flickr-en dituzue ikusgai. Mila esker Idoia Linaza, Olaia Jimenez eta Aitor Zuberogoitia lankide antolatzaileei, egun bikaina eskaini ziguten-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Harry Potter, formatu digitalean

J.K. Rowling andereak erabaki du —paperean bildumaren 400 milioi ale saldu ondoren— argitaratuko duela Harry Potter bilduma osoa formatu digitalean, baina DRM barik, alegia, kate gabe. Era horretara, baten batek baldin badu etxean Kindle, Nook edo beste irakurgailu digital bat, denetan irakurri ahal izango du liburua, beronek marka digital bat eramango du-eta, jakiteko nor den eroslea.

Seguruenik, argitaletxeak haserretu egingo ziren erabaki horrekin, gehienak DRM sistema mugatzailearen alde baitira, baina nork esango dio ezetz munduan liburu gehien saltzen duen egiletako bati? Esperimentua ondo irteten bazaio, argitaletxeak pentsatzen hasi beharko dira DRMk alternatiba zentzuzkoak behar dituela.

Bide batez, zer gertatuko da Harry Potter-en euskarazko bertsioarekin? Salgai jarriko da formatu digitalean? Eta jartzen bada, DRMrekin etorriko da? Onartzen dira apustuak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

MUtelebistaren lehen urtea

Irailaren amaieran hasi ginen MUtelebista egiten, Mondragon Unibertsitatearen telebista korporatiboa, Internet bidezkoa. Ikasturtean barrena 34 erreportaje igo ditugu sarera, asteazkenero bat. Esperientzia aberatsa.

Hasieran Idoia Astigarragak eta Gabonak ezkero Aitor Arregik koordinatu dute taldea, ganoraz eta profesionaltasunez biek. Eguneroko lanean, berriz, bikote gazte bat: Idurre Lazkano arduradun tekniko moduan eta Itziar Irizar ikaslea, aurkezle eta editore lanetan. Apur bat urrutixeago, Erredakzio batzordea: Idoia Peñakoba, Susana Azpilikueta, Marian Iñurritegi, Amaia Aizpuru eta ni.

Denon artean lortu dugu telebista berezia egitea: korporatiboa bai, baina bizia eta informal samarra, gazte ukituarekin. Eta horretan zerikusi handia izan dute gazteenek, asmatu baitute euren nortasuna txertatzen telebistari.

Orain indarrak hartuko ditugu datorren ikasturterako, baina aurretik agur esango diogu Itziar Irizarri, agur sentitua inondik ere, oso gustura ibili baikara berarekin. Zorte on, Itziar, eta izan dezazula etorkizun oparoa, merezi duzu-eta!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

M-15, SGAE eta hauteskundeak

Emilio Botin eta Teddy Bautista auzipetuta ikusteak harritu egin ninduen hasieran, biak baitira Espainiako bankurik inportortanteeneko burua eta SGAEko agintari gorena, ukiezinak orain arte. Gero, berriz, hasi nintzen pentsatzen baten bat hariak mugitzen ari zela, Maiatzaren 15eko jendearen haserrea gozatu eta haien botoak erakarri guran.

Zeintzuk dira erakunderik gorrotatuenak Espainian, ez bakarrik M-15eko indignatuen artean, baizik eta herritar askorentzat? ETA su-etenean dagoela, eta azken urteotako krisi ekonomikorik gogorrenean, bankuak eta SGAE, biek ala biek egin dituzten desmasiengatik.

Politikariak ez aipatzearren, jakina. Baina azken horiek agintean daude, eta zerbait egin behar zuten erakusteko, akatsak akats, “sistema demokratikoak funtzionatzen duela”, horrelakoetan aipatzen duten moduan. Eta zer egokiago lapur zuloan eragitea baino, itxurak egiteko besterik ez bada?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Mikel Irizar erretiratu dela-eta

Mahaia, prest
Atzo bazkari ederra izan genuen Esteñibar baserrian, Elorrion, aitzakia hartuta Mikel Irizarrek erretiroa hartu duela Kutxan. Hori dela-eta, Aranzabal eta Irizar familiak bertan elkartu ginen, jai-giroan, 40 bat lagun guztira.

Eguraldi ona, giro hobea, janari gozoa, edari paregabeak, bertso jarriak, eta musika ona izan genuen. Amaitzeko, berriz, pilota: Aimar Olaizola eta Xalaren arteko finala, uju eta aja artean. Gehienak, pozik Xalaren garaipenarekin. Flickr-en dituzue argazkiak ikusgai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Mirenekin hizketan, Skype bidez

Ama-alabak Skype bidez hitz egiten
Euskal Herrian arratsaldeko 18:00ak direnean, Seattle inguruan goizeko 09:00ak izaten dira. Ordu horretan egiten dugu berba Miren alabarekin, ordu erdiz-edo, joan den igandea ezkero AEBetan baitago, familia batean bizitzen.

Horretarako Skype erabiltzen dugu, asmakizun ederra, doakoa izanik, elkar ikusteko aukera ematen baitigu. Oraingoz denbora gutxi darama paraje haietan, baina pozik dabil Miren. Argazkian, ama eta alaba, kontu kontari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Miren, AEBetara

Amaia Basabe eta Miren Aranzabal
Gaur goizean Miren alaba AEBetara joan zaigu, bertan biziko baita hilabetez familia batean, Seattle hiriaren inguruetan. Hori dela-eta, goiz jaiki behar izan gara, 04:00etan, hegaldia goizaldean abiatu baita. Argazkia Loiuko aireportuan atera dugu, eta bertan Amaia eta Miren agertzen dira, lagun eta bidaideak, hegazkineratu aurretik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Azkenean, galtza sutara

Barruko galtza sutara botatzen
Bai, azken momentuan, Esteñibar baserrian geundela, Elorrion, eta bertan San Joan sua piztuta zegoela, erabaki nuen  barruko galtza sutara jaurtiko nuela, une hartan jantzita nuena. Di-da batean erantzi, eta sutara. Orain beste era bateko galtza jantzi beharko dut, ez hain estua. (Argazkilaria: Oskar Alberdi)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Oraindik ere galtzarekin segitu behar

Atzo iluntzerako banuen esperantza txiki bat, kardiologoak barruko galtza betiko kentzeko esanez gero, galtza bera sutara botako nuela, San Joan bezpera zela aprobetxatuta. Baina, oraingoz, ezin izango dut desio hori bete. Goizean Galdakaoko Ospitalean izan nintzen —bertan igaro nuen goiz osoa—, eta kardiologoak esan zidan oraingoz, ezetz.

Ezkerreko hanka ondo daukadan arren (gogoan izan urtarrilean tronbosia izan nuela bertan, eta harrezkero galtza estu bat jantzi behar izan dudala egunero), kardiologoak esan zidan oraingoz segitzeko galtza janzten, nahiz eta oraingoan galtza nasaiagoak agindu, udan hainbesteko berorik eragiten ez dutenak. Horrekin batera, iragarri zidan Sintrom bizi guztirako hartu beharko dudala (Sintrom botikak odola mehetzen laguntzen du). Berri etsigarri samarrak biak, beharbada iragan egunetan itxaropenak habia egin zuelako nire gogoan. Hala ere, Kardiologian jaso nuen berri on bat: senda-agiria eman zidaten. Horrek esan nahi du hemendik aurrera Hematologia arduratuko dela nire osasun arazoaz.

Eta Hematologiara joan nintzenean, Jesus Ojanguren medikuak, igarrita apur bat etsiturik joan naizela, esan zidan galtza zentzuz erabiliz gero, akaso ez dudala berau zertan uneoro jantzi; nahikoa izan daitekeela janztea denbora luzea egin behar dudanean jarrita edo zutik, baina ez, adibidez, mendira noanean, paseatzera edo ariniketan egitera. Beste behin, nire medikuak erakutsi zidan pragmatikoa dela oso, eta badakiela diskurtsoa modulatzen. Horrezaz gain, esan zidan datorren asteazkenean, goizean goiz froga berezi bat egingo didatela, odolaren koagulabilitatea neurtzeko.

Albiste gazi-gozoak, beraz, baina pozik egoteko modukoak, alde onak pisuzkoagoak dira-eta alde txarrak baino.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina