Oraindik ere galtzarekin segitu behar

Atzo iluntzerako banuen esperantza txiki bat, kardiologoak barruko galtza betiko kentzeko esanez gero, galtza bera sutara botako nuela, San Joan bezpera zela aprobetxatuta. Baina, oraingoz, ezin izango dut desio hori bete. Goizean Galdakaoko Ospitalean izan nintzen —bertan igaro nuen goiz osoa—, eta kardiologoak esan zidan oraingoz, ezetz.

Ezkerreko hanka ondo daukadan arren (gogoan izan urtarrilean tronbosia izan nuela bertan, eta harrezkero galtza estu bat jantzi behar izan dudala egunero), kardiologoak esan zidan oraingoz segitzeko galtza janzten, nahiz eta oraingoan galtza nasaiagoak agindu, udan hainbesteko berorik eragiten ez dutenak. Horrekin batera, iragarri zidan Sintrom bizi guztirako hartu beharko dudala (Sintrom botikak odola mehetzen laguntzen du). Berri etsigarri samarrak biak, beharbada iragan egunetan itxaropenak habia egin zuelako nire gogoan. Hala ere, Kardiologian jaso nuen berri on bat: senda-agiria eman zidaten. Horrek esan nahi du hemendik aurrera Hematologia arduratuko dela nire osasun arazoaz.

Eta Hematologiara joan nintzenean, Jesus Ojanguren medikuak, igarrita apur bat etsiturik joan naizela, esan zidan galtza zentzuz erabiliz gero, akaso ez dudala berau zertan uneoro jantzi; nahikoa izan daitekeela janztea denbora luzea egin behar dudanean jarrita edo zutik, baina ez, adibidez, mendira noanean, paseatzera edo ariniketan egitera. Beste behin, nire medikuak erakutsi zidan pragmatikoa dela oso, eta badakiela diskurtsoa modulatzen. Horrezaz gain, esan zidan datorren asteazkenean, goizean goiz froga berezi bat egingo didatela, odolaren koagulabilitatea neurtzeko.

Albiste gazi-gozoak, beraz, baina pozik egoteko modukoak, alde onak pisuzkoagoak dira-eta alde txarrak baino.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude