Euskara ofizial Espainian?

Herenegun Juan Jose Ibarretxek eskatu zuen euskara ofiziala izatea Espainian, Europako Batasunean ofiziala izan aurretik, Espainian ofiziala izatea.

Eskariak kontraesan gordinean ezartzen ditu espainiar asko. Izan ere, haientzat Hego Euskal Herria Espainia da eta, beraz, euskara Espainiako kulturaren ondarea. Baina hizkuntza jakin beharraz hitz egiten denean, gaztelania jakin behar da erkidego guztietan, eta beste hizkuntza guztiak “ikas litezke, bakoitza bere eremuan solik”. Horientzat, oso erosoa zen euskararen ofizialtasuna eskatzea Europako Batasunean.

Baina Bruselatik begiratuta, kontraesana oso deigarria da: nolatan Espainiak eskatu Europari, honek ofizial egin ditzala hizkuntza horiek —euskara, katalana eta gailegoa—, Espainiak berak egiten ez dituenean?

Oraindik ez dakit zer erantzun izan duen Espainian Ibarretxeren proposamenak, baina txistu berezia sentitzen dut belarrietan, imajinatuz bakarrik zer esango duten zenbait tertulianok.

Pierre Trudeau politikari kanadiarrarekin gogoratu naiz. Ikusi zuenean Quebecen gero eta indartsuagoa zirela indar independentzia zaleak, erronka latza egin zuen: Kanada eremu elebiduna izendatu. Eta benetan lortu zuen Kanada osoko administrazioa elebiduna izatea, nahiz eta horrek sekulako gorrotoa ekarri zion zenbait lekutan, Kanadako Mendebaldean batik bat.

Espainian ez dut ikusten Trudeauren parekorik, ausartuko dena euskara, katalana eta gailegoa ofizial egiten estatu espainiarrean. Espainiar gehienak ere ez dut uste prest daudenik horretarako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gaztelumendi

Patxi Gaztelumendik blog pertsonal bat sortu du, Gaztelumendi, eta hemendik aurrera, hortxe isuriko ditu bere hausnarketak eta iritziak. Patxi aspaldi dabil Interneten, Indymedian batez ere, nahiz eta nik Sustatun ezagutu nuen. Euskadi Irratian ere hitz egiten du teknologiaz. Ongi etorri, Patxi!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Egunkariako auzipetuak

Gaur nire gogoa Madrilera doa, Euskaldunon Egunkariako auzipetuengana. Besarkadarik beroena Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Pello Zubiriari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

e-gor blog

Igor Leturia mondragoetarrak blog bat sortu du, e-gor blog, eta hor batez ere idatziko du komikien gainean eta informatikari buruz, horiek dira-eta bere zaletasunik handienak. Igorrek eibar.org -en plataforma erabili du bloga egiteko. Ongi etorri, Igor!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gure aita abadea da, eta zer?

Elkar argitaletxeak bilduma bat du, Eta Zer? izenekoa, zoragarria nire ustez. Etxean zazpi ale baditugu, baina gehiago ere uste dut badirela. Guri behintzat, izugarri gustatzen zaizkigu liburu hauek, zortzi urtetik gorako neska-mutikoentzat eginak. Liburu bakoitzean jorratzen da arlo bat, problematikoa izan daitekeena zenbait haurrentzat: gizentasuna, erremerrea, betaurrekoak, langabezia…, beti ere alde positibotik jorratu ere. Istorioak politak dira, eta lasaigarriak oso, arazo horiek dituzten haurrentzat.

Hona hemen orain arte kaleratutako zenbait izenburu:

  • Potoloa Naiz, Eta Zer?
  • Niri Ez Zait Futbola Gustatzen, Eta Zer?
  • Nik Erremerre Hitz Egiten Dut, Eta Zer?
  • Nire Aita Etxekoandrea Da, Eta Zer?
  • Honelakoxea Da Nire Arreba, Eta Zer?
  • Nik Eserita Egiten Dut, Eta Zer?
  • Beldurtia Naiz, Eta Zer?
  • Betaurrekoak Ditut, Eta Zer?
  • Arreba Txiki Bat Dut, Eta Zer?
  • Etxe Bitan Bizi Naiz, Eta Zer?
  • Txakurra Daukagu Etxean, Eta Zer?
  • Idatzi ere, primerako idazleek idatzi dituzte: Anjel Lertxundik, Andoni Egañak eta Arantxa Iturbek, besteak beste. Opari polita izan daiteke Gabonetarako. A, eta artikulu honen izenburua, oraindik idatzi gabeko liburu bati dagokio, eta baliteke inoiz ez idaztea.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

    Gure batzokia

    Oier Araolaza zur eta lur dago nola Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eman dion Athletic-i 360.000 euro inguru, Euskadi hitza eramatearren elastikoan, UEFAn jokatzen duen bitartean.

    Ni bat nator Oierren harriduraz, kontuan hartuta, gainera, azken bospasei urteotan Athleticek iruzur egin diola Haziendari, eta ez dituela denon diru kutxan sartu hainbat milioi. Horrela zigortzen ditu Eusko Jaurlaritzak iruzurleak?

    Ematen du batzoki handi batean bizi garela, eta hor afiliazioak inportanteagoak direla zuzentasuna baino.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

    Flickr

    Pozik nago Flickr programarekin. Berari esker, joan den larunbatean ipini nuen lehen argazkia blog honetan. Arrakasta izan aurretik, baina, abiatu nintzen Patxitrapero lagunak adierazitako bidetik, baina trakets samarra izaki, ezin irtenbidea aurkitu.

    Flickr-en, ostera, dena egin zitzaidan erraza. Aurretik izena emanda nengoenez, hantxe eskegi nuen saskibaloi taldearen argazkia. Gero, Faroaren ezaugarriak sartu nituen Flickr-en, eta azkenik, argazkira itzulita, blog this! botoiari eman nion, eskegi zezan aukeratutako argazkia hemen, eta voilà! Oraindik badut zer hobetu Flickr-ekin, baina hori ere ikasiko dut.

    Bide batez, badakizue zer esan nahi duen flicker hitzak? Fred lagunak esan didanez, jartzen duzunean begien aurrean pospolo bat piztuta, garraren aurreko paisajeak egiten duen dardarari esaten zaio flicker.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

    Valdecillatik bueltan

    Atzo Santanderren izan ginen, Valdecillako ospitalean. Kontrola genuenez, goizeko 09:00etan irten ginen etxetik, eta arratsaldeko 17:00etan etxeratu, kontsultan 15 minutu eginda. Egun osoa galduta, beste modu batera esateko.

    Nire ahoa aztertuta, medikuak erabaki zuen prednisona gehiago hartu behar dudala, kortikoide bat erretxazoa kontrolatzeko, ahoan zauri batzuk ditut-eta. Inoiz baino gehiago jaitsia genuen prednisona kopurua, azken bi asteotan egun batean 10 mg. hartzen bainuen, eta hurrengoan ezer ez, txandatuz. Orain, hortaz, 10 mg. eta 5 mg. tartekatuko dut hilabetez. Eta hortik aurrera, hasi jaisten poliki-poliki, ea erretxazo aztarnarik ez den agertzen.

    Horrezaz gain, eskaner bat egin beharko dut Galdakaoko ospitalean, ikusteko linfomaren aztarnarik agertzen den berriro. Eta Valdecillan, berriz, egingo didate kimerismoa, jakiteko arrebak emandako hezur-muinaren zelulak erabat nagusitu diren, azken aldiz agertzen ziren moduan, edo atzera egin duten.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

    Sexuaren indarra blogosferan

    Blogak berandu agertu ziren Txinan, 2002an, eta harrezkero izugarri hazi dira. Hazkunde horretan zerikusi handia izan omen du Mu Zimei emakume kazetariak, zeinek idazten baitzuen aldizkari batean, Guangzhou hirian. Halako batean, ordea, Mu-k sortu zuen bere bloga, eta hor hasi zen kontatzen bere abentura sexualak, xehetasun guztiekin:

    Lana dela-eta, oso lanpetuta bizi naiz, baina nire denbora librean txortan egitea gustatzen zait. Badaukat non aukeratu, inoren ardura hartu eta maitasuna eman beharrik gabe. Ohekideek ez didate arazorik sortuko. CDak bezalakoak dira niretzat, ez baitute soinurik egingo, non eta nik ez ditudan pizten.

    Mu-ren blogak gori-gori ezarri zuen sarea Txinan. Blogak ere gero eta ezagunagoak egin ziren. NewScientist aldizkariak dioenez, Mu hasi zenean bere blogarekin, Txinan zeuden 20.000 blog. Handik gutxira, berriz, 160.000. Sina.com webguneak dio Mu Zimeik erakartzen dituela egunean 10 milioi bisitari. Eta Sohu.com bilatzaileraen hitzetan, txinatarrek “Mu Zimei” izena idazten dute gehien bilatzailean, “Mao Zedong” mitikoarena baino gehiago.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

    Generoa

    Joan den ostiralean irakurri nion Anjel Lertxundiri zutabe bat Generoaz, eta gustatu. Atzo, berriz, Graxi Urmenetaren erantzun bikaina leitu nuen, hori ere Berria egunkarian, eta Graxik ikuspegia aldarazi zidan.

    Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina