Ahozko euskararen oihartzunak

Tarteka bi liburu hasi naiz irakurtzen, eta bietan aurkitu dut idazteko modu bitxi bat, urrundu egiten dena Sebero Altubek proposatutako bidetik, azken urteotan hain arrakastatsua.

Lehen liburua da Odolean Neraman, Joan Mari Irigoien idazleak kaleratu berria, eta bertan horrelako esaldi bat aurkitu dut:

Eta irten ginen, ekin genion mugaz bestaldera eramango gintuen aldapari, utzi genuen atzean Juan el Pitoren benta, heldu ginen mendateko gainera, eta beherakoan, nik ez dakit zer gertatu zitzaigun, automobilak zibarena egin zuen, bidegainean koipe-aztarnaren bat zegoelako, beharbada. (37. or.)

Bigarren liburua da Ahulerio, liburu bat Pello Añorgak idatzia haur txikientzat, eta bertan beste esaldi hau aurkitu dut:

Eta gurasoak, bada, egin ziren kezkatu, egin ziren larritu eta aztoratu. “Oso ahul dago gure semea, oso ahul; eta, gainera, dorpe. Eta, beraz, zerbait egin behrko dugu”. Eta egin zuten gauza bat: bizkortzera bidali zuten Aurelio…

Liburu biak ez daude goitik behera estilo horretan idatzita, baina bietan agertzen dira ahozko euskarararen oihartzunak. Horrek esan nahi du zenbait idazle hasi direla aditzak aurreratzen, eta, ondorioz, irakurtzea ere erraztu egiten dela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Sarean.com, berritua

Jabi Zabalak berritu egin du, erabat, bere bloga, Sarean.com, eta niri izugarri gustatu: argia da, atsegina eta irakurterraza. Lehen bezain interesgarria, beraz, baina erakargarriagoa. Zorionak, Jabi!

Gehiago jakin nahi baduzue Jabiren gainean, irakurri hauxe.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Izarak tolesten

Gaur ohean geratu naiz, katarroak jota. Eguerdian, baina, jaiki naizenean, gora igo naiz, ordenagailura, eta ireki egin dut leiho eder hori, mundua begibistara ekartzen didana, Internet. Han eta hemen apur bat kuskuseatu, eta Xabier Mendiguren Elizegiren testu eder batekin egin dut topo, bere amari eskainia, atzo izan baitzen Santa Luzia, jostunen eguna.

Izarena irakurrita, mila oroitzapen etorri zaizkit arrapaladan, neu ere aritua bainaiz horrelako lantxoak egiten. Baina, Xabierrek ez bezala seguruenik, horrelakoetan beti nenbilen presaka jolastera joateko. Eskerrik asko, Xabier.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Talibanak

Behin baino gehiagotan ahoa bete zaigu zer gaiztoak diren talibanak emakumeekin. Baina erraz ahaztu dugu geu ere talibanen agindupean bizi izan garela orain gutxi arte. Horratx hiru adibide:

  • Kontu korronteak. 1975a arte, emakumeek ezin zuten kontu bat ireki edozein aurrezki kutxatan, senarraren baimen barik. Euskal Herriaz hitz egiten ari naiz, jakina, ez Afganistanez.
  • Débito conyugal. Ezkontzaren barruan, débito gonyugal deitzen zen arauak aukera ematen zion edozein senarri edonoiz sexu harremanak eskatzeko bere emazteareari. Eta horrelakoetan emazteak obligazioa zuen gizonaren apeta asetzeko.
  • Entrática. Gu txikiak ginela, edozein emakumek haurra eduki berritan, eta umetxoa bataiatu aurretik, elizara joan beharra zuen kandela batekin, eta eliza atarian abadeak zeremonia berezi bat egingo zion, entrática, emakume “zikina” berriz garbitzeko, eliz komunitatean ostera ere sar zedin.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Errege bisitaren ajeak

Egun batzuk igaro dira Espainiako errege-erreginak Arrasatera etorri zirenetik, eta uste dut MCCk ez duela asmatu, monarka espainiarrak ekartzeagatik baino, nola kudeatu duen kontu guztia.

Baina aurrera egin aurretik, datu batzuk emango ditut, lagunduko digute-eta hobeto ulertzen zer gertatu den: Fagor Etxetresna Elektrikoak saltzen du bere produkzioaren %70 estatu espainiarrean, eta hor ateratzen du etekin bat, %30ekoa, beste inon ez duena. Beraz, Fagor lider da estatu espainiarrean, eta hor irabazten du dirurik gehien. Antzeko zerbait gertatzen da Eroskirekin: hirutik bi Espainian saltzen du. Berdintsu MCC taldeko enpresa handienetan.

Boikota
Badago, hala ere, beste datu bat aintzat hartzekoa: PP agintean egon zen urteetan kanpaina gogorrak antolatu ziren Espainiako zenbait hedabidetan, eta horietan guztietan esaten zen euskal kooperatibak ari zirela ETA finantzatzen. Antza denez, kanpaina horiek kalte handia egin diete kooperatibei. Eta egoera horri buelta emateko-edo, MCCk antolatu du Espainiako errege-erreginen bisita, horrek zelaituko dituelakoan gaur egun Espainian aurkitzen dituen aldapa asko.

Hori esanda, aitortu behar dut nire iritzirako MCCk eskubide osoa duela nahi duena gonbidatzeko Arrasatera: Espainiako errege-erreginak, Aita Santua, Putin, Bekham, Sharon Stone edo Maria Santisima. Garbi izanda, noski, Juan Carlosek eta Sharon Stonek gauza diferenteak ordezkatzen dituztela. Aitortu nahi dut, halaber, aurreko eskubideari eransten zaiola beste eskubide bat, protesta egitekoa, eta hori dute gonbidatua begi onez ikusten ez dutenek.

Niri, egia esan, askoz ere gehiago gustatuko zitzaidakeen Garaia inauguratzeko gonbidatu balute beste pertsona bat, neutroagoa eta aldi berean lotuagoa Garaiak izan nahi duenarekin, adibidez, Tim Berners-Lee, amarauna sortu zuena Interneten. Mundu guztian da mirestua, eta esangura berezia du. Baina gure agintariek, nahiago Borboiak.

Sekretismoa
Dena dela, aukeraketan baino, uste dut MCCk huts egin duela komunikazioan. Dena sekretupean eraman du azken unera arte. Kooperatibista gehienek, kargudunak izan edo ez, kanpotik jakin izan zuten Espainiako errege-erreginak zetozela MCCk gonbidatuta. MCCko inork ez die Euskal Herriko korporazio handieneko langileei txintik ere esplikatu, zergatik gonbidatu dituzten Juan Carlos eta Sofia, zer onura edo kalte ekarriko dien gonbidapen horrek, etab. MCCk tratatu ditu bere langileak umeak balira baino okerrago.

Orain MCCk berak neurtu beharko du zer etekin atera dion bisita horri: Espainian eta Euskal Herrian. Espainiakoa neurtzeko, denbora beharko da. Dena dela, Errege Etxeak ez zuen asko lagundu, erregeak berak adierazita Cristina infanta haurdun dela berriz ere, ostegunean bertan eta baita ostiralean ere, hedabide askotan hori izan baitzen albiste nagusia errege-erreginen inguruan.

Eta Euskal Herriari dagokionez, bisitak lehen baino okerrago utzi ditu gauzak: langile gehienak disgustura aukeraketarekin eta korporazioak nola tratatu dituen, eta hedabideetan banaketa irudia talde kooperatiboaren barruan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Kleenexak

Erabaki dut: hemendik aurrera kleenexak bakarrik erabiliko ditut neure mukiak-eta jasotzeko. Lotsatu egiten naiz apur bat hau aitortzerakoan, 52 urterekin hartu baitut erabaki hori, berandu seguruenik, baina ez beranduegi.

Egun hauetan burutik beherakoarekin nabil, katarroarekin, eta hor ibili naiz musuzapia aldean, berori karga-karga eginda. “Txerrikeria galanta!”, esaten zidan Begok. Beste behin ere, berak arrazoia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Lehen garaipena

Gaur Galdakaon izan gara, Gandasegi eskolan, eta hor bizi izan dugu gure neskatilen lehen garaipena saskibaloian. Hasieratik bukaera arte irabazten joan dira elorriarrak, ganoraz gainera. Hotz egiten zuen, baina pozik itzuli gara, 20-8 irabazita.

Lau partida eta garaipen bat. Ez dago gaizki gure hasi berrientzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ipuin bat gauero

Orain arte Begok edo nik kantatzen genion Loa, Loa oheratzerakoan, eta lasai geratzen zen gure Miren. Orain, berriz, amak kantatzea nahi du, eta nik ipuin bat kontatzea… gauero.

Lehen gauean, boteprontoan, kontatu nion istorio bat Juan Mari Bandres politikariari entzun niona: bazegoela behin artzain bat erabat maiteminduta ilargiarekin, eta egunero gutun bat jaurtitzen zion harri bati lotuta. Jakina, haren harririk inoiz ez zuen egin ilargiraino. Hala ere, mutil hura bihurtu zen munduko harri jaurtitzailerik onena.

Herenegun Joseba Sarrionaindiaren ipuin labur bat aurkitu nuen Erein argitaletxeko Milabidai liburu horietako batean, eta hura kontatu nion. Atzo, berriz, Odisearen pasarte bat azaldu nion, sirenena.

Oraingoz, hirurak gustatu zaizkio Mireni, baina erne ibili beharko naiz, han eta hemen istorio egokiak aurkitzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Eneko Barberena

Eneko gure auzoan jaio zen, Musakolan, eta han bizi da, Mondragoeko errepublika hartan, unibertsitatean ez dabilenean, Zuzenbidea ikasten ari baita EHUn. Bera da, gainera, gure auzoan sortu den idazle ganorazko bakarra.

Eneko gaztea da oraindik, 21 urte, baina dagoeneko hainbat sari irabazi ditu, eta bi liburu argitaratu, bigarrena orain dela gutxi, Durangoko Azokan.

  • Igogailuak, Dow Jones eta Beste Droga Batzuk. Ipuin liburua. Apokaliftin elkartea.
  • Lurrunak Ez Du Oraindik Kristalik Estali. Poesia. Gaztesarea.

Ez nuen joaterik izan haren liburuaren aurkezpenera, baina jarraitzen ditut Enekoren nondik norakoak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gaztelurrutia

Beñat Gaztelurrutiaren aita hil da. Beñat bera entzunez ezagutzen dut, eta hedabideetan ikusita, baina hurbiletik jarraitu dut haren aitaren gaixotasuna. Izan ere, ni gaixotu eta laster jakin nuen Angel ere Galdakaora eraman zutela, hura ere minbizi mota batek jota.

Eta harrezkero, jakin dut noiz hartu duen kimioa, noiz egin zioten hezur-muinaren auto-transplantea, noiz eman zioten senda agiria…, eta noiz agertu zitzaion berriro minbizia. Azken albistea izan nuen orain pare bat egun, ostera ere Galdakaon zegoela, pneumoniak jota.

Behin baino gehiagotan gertatu zait, batez ere lasterketa luzeetan, kilometro batzuk eginda, lasterkide batzuk geratu izana inguruan, eta haiekin batera egin izana lasterketa. Eta kilometroak aurrera egin ahala, baten bat atzean geratu bada, pena hartu izana, hortik aurrera bakarrago sentitu naizelako.

Bidelagun bat galdu dut. Pena hartu dut utzi gaituelako, eta bihotzetik sentitzen dut bere familia eta lagunengatik. Beñat, besarkada handi bat zuri eta zureei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin