Putaxio

Sasoi batean ba omen zen Bermeo aldean morroi bat xelebre samarra, eta zeritzan Iñaxio. Baina nola ohitura zuen putetxez putetxe ibiltzeko, denek deitzen zioten Putaxio.

Bermeon ez ezik, Arrasaten ere putaxio asko zebilen garai batean, batez ere gu baino mutil zaharragoen artean, zeinek desiratzen egoten baitziren noiz bilduko hogerleko batzuk, Bilbora joan eta Cortesetan barrenak husteko.

Orain dela gutxi jakin izan dut San Klaus ere kasta horretakoa dela, Gabon hauetan behintzat egunero ikusi dutela Erletxetan putetxe bateko balkoian gora eta behera. Hark ere, kamioizaleek nola, zelanbait askatu behar barrenak Ipar polotik urrun dabilenean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Explorer

Luistxok arrazoia du: Internet Explorer erabat zaharkituta dago, Mac OS 9.0 sistemarekin dabilena behintzat, bai. Nik horrelako nabigatzaile bat erabili dut 2000. urtean iMac bat erosi nuenetik.

Orain dela gutxi arte oso ondo ibili naiz Explorer-ekin, baina azken urtean arazoak izan ditut, gero eta arazo gehiago, zenbait webgune gustuko behar bezala ikusi eta erabiltzeko. Arazoak izan ditut del.icio.us-ekin, arazoak Blogger-ekin, arazoak Bloglines-ekin… azken aldi honetan asko erabiltzen ditudan plataformekin. Horregatik erabaki dut ordenagailu berria erostea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ordenagailu barik

Egun hauetan ordenagailu barik nabil. Berria erosi dut, PowerBook bat, baina lagun bati eraman diot, egunean jarri eta zaharretik gauzak alda ditzan: dokumentuak, helbideak, etab.

Hori dela eta, zaila dut egunero Faroan idaztea. Horretarako lagunen ordenagailuak erabiltzen ditut. Gaur, esaterako, arrebaren etxetik ari naiz hau bidaltzen.

Mirenekin batera igo naiz ordenagailua duen gelara, eta hementxe nabil artikulua idazten. Mireni izugarri gustatu zaio Bloggerren tripak ikustea, nola idazten dudan artikulua, nola kopiatzen dudan Bloggerren, nola egiten ditudan loturak, eta nola argitaratzen dudan.

“Aita, esan niri esker idazten ari zarela artikulu hau, nik lagundu dizut-eta ordenagailua piztu eta martxan jartzen”, esan dit Mirenek, eta nik esandakoa egin. Ea bihar nondik idazten dizuedan. Ondo segi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Boot

Nork ez dio, noiz edo behin, ostikada bat eman kafe makinari, dirua sartuta kaferik ematen ez duelako? Edo aspaldian tabernan musika jogailuari, ez zebilenean?

Antza denez, ordenagailuen garai jurasikoan ere, trastoa ez zebilenean, garrantzitsua omen zen leku egokian ostidaka on bat ematea makinari, berau lanean has zedin. Eta badirudi langintza horretarako botak erabiltzen zirela, boot direlakoak.

Horregatik, lehen izen bat zena, boot, gero aditz bihurtu zen ingelesez, to boot, ordenagailuari ostikada on bat ematea botekin, lanean has zedin. Gaur egun esan nahi du “ordenagailua piztu”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Bi artikulu interesgarri

Egun hauetan bi artikulu irakurri ditut, interesgarriak oso. Lehena Luistxo Fernandezek idatzi du Ingelesen Hilerrian. Luistxok hausnarketa egiten du zertan geratu den Eusko Legebiltzarrak software librearen alde egindako aldarrikapena.

Bigarrena Jabi Zabalak utzi digu Sarean. Eta hor Jabik aletzen digu 2004ak zer utzi digun teknologiari dagokionez. Ahal baduzue, irakurri biak, merezi dute-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Julen Gabiriak badu bloga

Bizitza horrelakoa da, egun batean ematen dizkigu albiste tristeak, eta hurrengoan ezin alaiagoak. Atzo Salem lagunaren heriotzaz jardun nuen. Gaur, berriz, berri ona ekarri nahi dut euskal blogarientzat: Julen Gabiriak blog bat sortu du, Lagun Batek Esan Dit Lagun Batek Esan Diola, eta horretarako eibar.org plataforma erabili du.

Orain arte paperean gozatu dugu Julenen sormenaz, idatzita utzi baititu bi eleberri, bost ipuin, itzulpen bat eta biografia bat. Hemendik aurrera, ostera, sarean utziko dizkigu Julenek ohiko dituen perlak. Irakurri besterik ez dago blogean zer idatzi duen.

Ongi etorri, Julen, eta zorionak. Dagoeneko agindua eman diot Bloglinesi egunero ekar diezadala zure blogaren berri, albiste freskoekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Salem eta Miren

.flickr-photo { border: solid 2px #000000; }.flickr-yourcomment { }.flickr-frame { text-align: left; padding: 3px; }.flickr-caption { font-size: 0.8em; margin-top: 0px; }
Salem eta Miren , originally uploaded by Joxe .

2003ko egun batean Ormaiztegin izan ginen Salem, Gurutze eta Beñat bisitatzen. Orduan te gozoa prestatu zigun Salemek eta, bide batez, erakutsi zion Mireni sahararrek nola prestatzen eta zerbitzatzen duten tea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Salem hil da

Jaiki bezain laster jakin dugu Salem hil dela, Salem Hach-Embarek lagun sahararra. Borrokatzaile amorratua, gaztetatik aritu da bere herriaren alde lanean, Saharan bertan eta munduan zehar. Izan ere, 1976a ezkero Salem diplomatiko lanetan ibili da Eskandinavian, Indian, Londresen, Asian… eta Euskal Herrian.

Minbizia osatzen ari zela, orain hogeita hamar bat urte, Salemek Gurutze Irizar ezagutu zuen, erizain bat Ormaiztegikoa, eta Kanariar Uharteetan ziharduena lanean. Orduan planto egin zion minbiziari, eta antzarak perratzera bidali. Aldi berean, maitasun hitzarmen bat egin zuen Gurutzerekin. Maitasun horren fruitu izan ziren Garazi eta Beñat, bikotearen seme-alabak, eta baita Euskal Herrian barrena Salemek eta bere lagunek ereindako elkartasun hazia.

Orain urtebete-edo minbizia agertu zitzaion berriro. Eta ikustekoa da nola aurre egin dion Salemek gaixotasunari: indarrez, umorez eta lanean. Eta nola zaindu duen bere familiak aldi horretan. Gurutze, Garazi eta Beñat, besarkadarik maitekorrena zuei.

Zure eremuetara itzuli zara, Salem, basamortuaren bakera. Ikusi arte!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Urteberri on!

Oñatin amaitu genuen urtea. Anaia bat dugu han bizitzen, eta, azken urteotan, haren elkartean egiten dugu Urtezaharreko afaria aranzabaldarrok, gure bikote eta seme-alabekin batera. Guztira 19 lagun.

Berba asko egiten dugu Urtezaharreko afarian, denetik, gainera: SAren erantzuna Ibarretxe Planari, EAEko aurrekontuak, Anoeta eta San Mamesen arteko aldea Euskadiko futbol selekzioa hartzeko orduan, tsunamiak, Da Vinci Kodea, Skype programa Interneten telefonoz hitz egiteko, Camile hartzaren hilketa, nola prestatzen den triatloilari bat, eMule programa filmak jaisteko saretik, etab.

Baina une gorena iristen da Jon eta Larraitz ilobek urtero prestatzen duten lehiaketarekin. Txikiak zirenean gustatzen zitzaien antzerki lantxo bat prestatu eta antzeztea nagusioi. Orain hiruzpalau urte, berriz, hasi ziren lehiaketa bat antolatzen. Mahaiaren alde batekook osatzen dugu A taldea eta beste aldekoek B taldea. Abilidade proba bat prestatzen digute hasteko, galdera-erantzunak gero, eta amaitzeko, beste proba bat taldean egin beharrekoa. Ondoren, sariak. Zaharrek (amama Paulak 87 urte ditu), gazteek (Mirenek, 9) eta tartean gabiltzanok parte hartzen dugu lehiaketan, denok, eta ikusteko izaten da nolako egoerak sortzen diren.

Atzo ere horrela agurtu genuen urte berria, mahaian sarrerakoak, bildotsa, intxaur-saltsa eta turroiak genituela, txakolina, Errioxako ardoa eta xanpainarekin batera. Ordubiak aldera, etxerako bidea hartu genuen.

Urteberriko bazkaria, berriz, Elorrion egingo dugu, Esteñibar baserrian. Zuek ere, ondo izan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Eibarko saihesbidea

Atzo Eibarren izan nintzen, eta berriro igaro nuen hango saihesbidea. Handik pasatzean —hain da bidea eskasa eta arriskutsua— galdetu nion neure buruari: Gipuzkoako Foru Aldundia ausartuko zen saihesbide hori egiten, baldin eta Eibarko alkatea sozialista barik jeltzalea izan balitz?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina