Kirmen

Atzo aingeru bat ikusi nuen, baina ni ohartu ez. Arratsaldean izan zen, fakultatean. Bilera egiten ari nintzen Iñakirekin, gure ikasleen praktikak eta proiektuak zirela eta. Bat-batean, mutil bat agertu zen, itxuraz Psikopedagogia ikaslea, eta Julenez galdetu zuen. Julen ez zegoen bere lekuan, baina alboko gela batean zen, bilera batean.

Mutilak esan zidan hitzaldi bat ematera etorria zela Eskoriatzara, eta hura bukatutakoan otu zitzaiola Juleni kuku bat egitea, baina hura ez molestatzeko. “Julen, gizon bat daukazu hemen, zutaz galdezka”. Hitz horiek esan, eta berehala konturatu nintzen zerbait arraro gertatzen ari zela han. Ohartu nintzen mutil haren ahotsa ezaguna egiten zitzaidala. Eta hobeto begiratuz gero, aurpegi hura ere…

Kirmen Uribe izan nuen begi bistan, nire idazle kutunetako bat, eta ni konturatu ez. Eskerrak jainkoek ez nindutela zigortu eta gatzezko irudi bihurtu!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Manuel Agud Querol

Atzo irakurri nuen egunkari atzeratu batean, nola EHUk egoitza bat egingo duen ikasleentzat Donostian, eta egoitza horrek Manuel Agud Querol zenaren izena eramango duen.

Aspaldi batean, batxilergoa ikasten ari ginela, Manuel Agud Querol gure irakasle izan zen Peñaflorida Institutuan, Donostian. Greziera irakasten zigun, baina, horregatik baino, nik gogoratzen dut Manuel Agud, haren izaera irekiagatik. Haren eskola orduek parlamentu txikiak ematen zuten askotan, denetik eztabaidatzen baikenuen. Burgosko epaiketaren urteak ziren, urte latzak, baina guk askatasun erabatekoa genuen ikasgelan edozertaz hitz egiteko, nahiz eta zenbait gauzatan hark eta guk ikuspegi desberdinak izan.

Horregatik estimatu izan dut beti Manuel Agud Querol, eta uste dut inoiz izan dudan irakaslerik onenetakoa izan zela, unibertsitatean aurkitu nituen gehienak baino hobea. Horregatik, poztu egin naiz irakurri dudanean ikasle egoitza berria Manuel Agud Querol deituko dela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Robin Williams

Herenegun arratsaldean ohartxo bat nuen postetxekoa. Atzo joan nintzen hara, eta pakete bat nuen, zain. Barruan bi liburu, orain hiru bat aste Amazon liburudendan erosiak. Biak dira Robin Williams adituarenak, eta biek mac ordenagailua eta beronen programak dituzte aztergai.

Lehena da The Little Mac Book, Panther Edition, eta hor, jakina, batez ere Mac OS X sistemaren azken bertsioa aztertzen du. Bigarrena, berriz, Cool Mac Apps, eta horrek aztertzen ditu Applek eskaintzen dituen 17 aplikazio: Safari, Mail, iPhoto, iMovie, etab.

Aspaldi nuen Robin Williamsen berri, eta dagoeneko hamar bat liburu dauzkat, hark idatzita. Diseinua dela, tipografia, macintosh ordenagailuak, pagemaker programa… asko idatzi du Robin Williamsek, eta ondo. Sekulako argitasuna du gauzarik korapilatsuenak ere argiro azaltzeko. Horregatik, bere liburuak 13 hizkuntzatara itzuli dira, eta dagoeneko aberastu ere egin da, hainbeste salduta.

Orain astia aurkitu behar bi liburuak poliki-poliki irakurri eta ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Egingo dut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ken Zazpi

Aitor dut: musika kontuetan pleistozenoan nabil oraindik. Baina alaba gaztetxo bat edukitzeak laguntzen du egunean aritzeko, eta hori gertatu zait niri. Mireni esker izan dut Ken Zazpi musika taldearen berri.

Eta orain, bigarren aitorpena: izugarri gustatzen zait Ken Zazpi. Musika polita egiten dute, indarra darie, letra onak dauzkate, eta abeslari bat, aparta. Belaunaldi oso bat markatzeko moduko taldea, beren garaian Itoiz eta Hertzainak taldeek egin zuten legez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 14 iruzkin

Pribatutasuna

Batek baino gehiagok galdetu dit ea beldurrik ez ote dudan, bloga dela kausa, nire pribatutasuna galtzeko. Bi puntu bereiztuko nituzke hor.

Alde batetik dago nire gaisotasuna, eta horren inguruan idatzi dudan guztia. Hori azaltzeko, behin baino gehiagotan aipatu dut gaisotasunak berak biluztu ninduela; beraz, alperrik nuela ezer ezkutatzen ibiltzea. Horregatik, besteak beste, erabaki nuen kontatzea Sustatun nire gaisotasunaren gorabeherak.

Bestetik dago zer esaten dudan Faroan, hor ere, ezarian-ezarian, nire kontuak agertzen baitira. Faroan ez ezik, nahi duenak nire argazkiak ikus ditzake Flickr webgunean, edo zer irakurtzen dudan ikusi, del.icio.us programan klik eginez. Beraz, aurreko batean Luistxok esaten zuen moduan, Joxe konpletoa kolpe batean.

Horrek, ordea, ez dit beldurrik ematen. Behin irakurri nion idazle bati —badakit zientzia fikzioaz idazten zuela, baina ez dut gogoratzen haren izenik—, irakurri nion teknologia berriek pikutara bidaliko dutela pribatutasuna, eta bakarrik gutxi batzuek, oso jende aberatsak, eutsiko diotela pribatutasunari, majo ordainduta, hori bai. Eta besteok hobe dugula saiatzen ez bagara, kosta ahala kosta, pribatutasuna gordetzen.

Dagoeneko Osakidetzak badaki zer gaisotasun ditudan. Euskadiko Kutxa ere jakinaren gainean da zenbat irabazten dudan. Eroskik ederto esan lezake zerekin betetzen dudan erosketa otarrea. Hazienda ere jakitun da nire diru kontuez. Eta seguru nago Ertzaintzak baduela horren guztiaren berri. Hortaz, non geratzen da nire pribatutasuna?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Auschwitz

Telebistaren aurrean jarri naiz une batez, eta begiak CNN telebistan pausatu zaizkit. Auschwitz ageri zen, hango kontzentrazio esparrua, eta Europako hainbat agintari eta herritar, gogoratzen hirurogei urte igaro direla naziek egindako sarraskitik.

Irudi horiek ikusten ari nintzela, gogoratu naiz nola orain zortzi bat hilabete irakurri nuen liburu bat, Alemaniara deportatua, fraide euskaldun batek idatzia, Grégoire Joannategik. Hark nozitu zituen bi kontzentrazio esparru: Büchenwald eta Dachau.

Gogora etorri zait, halaber, Anjel Lertxundik gaur Berrian idatzi duen zutabea. Hausnarketa zorrotza Anjelena, euskaldunok ere kontuan hartu beharrekoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Leran

.flickr-photo { border: solid 2px #000000; }.flickr-yourcomment { }.flickr-frame { text-align: left; padding: 3px; }.flickr-caption { font-size: 0.8em; margin-top: 0px; }
Leran , originally uploaded by Joxe .

Aprobetxaturik anbulatoriora joan behar nintzela, ondo jantzi, eta osteratxo bat egin dut Elorrio inguruan. Argiñetan, nekropolisaren ondoan, haur batzuk ikusi ditut, elurretan jolasten. Tremendo ari ziren pasatzen, gora eta behera, lera gainean.

Gero, etxera etorri eta irakurri dut Sustrai Colinaren zutabe ederra Berrian. Eta Julen Gabiriaren pieza bere blogean. Zoragarriak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Txoritokia

.flickr-photo { border: solid 2px #000000; }.flickr-yourcomment { }.flickr-frame { text-align: left; padding: 3px; }.flickr-caption { font-size: 0.8em; margin-top: 0px; }
Txoritokia , originally uploaded by Joxe .

Gure etxean bi esparru ditugu: bat bizitzeko, eta bestea lan egiteko. Azken hau goian dago, teilatupean, eta eskailerak igo behar dira bertara joateko. Hori da gure txoritokia, hamar bat metro koadro, eta hor egiten dut lan nik, etxean nagoenean.

Mahai handi bat daukat, L formakoa, eta hor dauzkat tramankulu gehienak: ordenagailua, eskanerra, inprimagailua, telefonoa, eta faxa. Eta orain, routerra, wi-fi sarea antolatzeko. Horiek, mahai gainean. Mahaipean, berriz, hiztegiak eta kontsulta liburuak, idazteko lagungarri.

Txoritokia leku aproposa da irakurtzeko eta idazteko, argia baita, eta toki isila. Hala ere, badu eragozpenik: metro eta erdi garai nola den, beti jarrita egon behar. Eta udan, beroa da, oso beroa, etxeko berotasun guztia hortxe pilatzen da-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Etxeko-balkoitik

.flickr-photo { border: solid 2px #000000; }.flickr-yourcomment { }.flickr-frame { text-align: left; padding: 3px; }.flickr-caption { font-size: 0.8em; margin-top: 0px; }
Etxeko-balkoitik , originally uploaded by Joxe .

Elurra dela-eta, gaur etxean geratu naiz. Fakultatean ere, ez dago eskolarik. Giroa aprobetxaturik, balkoira irten eta argazki bat egin dut. Aurreko baserri horrek Belengua du izena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Dick Turpin

Atzo arratsaldean, lo kuluska bat egitekotan nintzela kafe garaian, ezusteko galanta: Dick Turpin agertu zitzaidan txirrina joka. Orain pare bat urte ezagutu nuen Dick, berak ere Sustatun idazten baitzuen, batez ere teknologia kontuak.

Kanpoan elur pikorta ari zuen, eta guk txokolate beroa egin. Trebea da Dick txokolatea egiten, eta biok ere gustura edan genuen, ogi xigortuarekin batera, garai zaharretan legez.

Biok mac zaleak izaki, errepaso ederra eman genion Applen bilakaerari. Pozik ikusten du Dick-ek Applen piztuera, baina gogor kritikatu zituen Cupertinoko enpresaren zenbait ohitura, oso Microsoft erakoak. Azkenik, “moñoñoa” iritzi zion nire Powerbook berriari.

Bereiztu zenetik bere bikotekidearengandik, oso gaizki pasatu du gure lagunak. Hori zela-eta, erabaki zuen denboraldi batez, behintzat, gehiago ez idaztea Sustatun. “Lur jota nengoen, eta gogorik ez idazteko”. Orain beste neska batek egin dio tilin, eta esan liteke bizipoza ere itzuli zaiola begietara. Uzkur dago, hala ere, ez baitu nahi itxaropen faltsurik sortu bere bihotzean.

Pare bat ordu berriketa gozoan arituta, neguko jaka jantzi eta automobilaren bila joan zen Dick Turpin. Gasteizera zihoan, gaua neskaren etxean pasatzeko asmoz. Etekin ona ateratzen ari zaio urte sabatikoari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina