Pribatutasuna

Batek baino gehiagok galdetu dit ea beldurrik ez ote dudan, bloga dela kausa, nire pribatutasuna galtzeko. Bi puntu bereiztuko nituzke hor.

Alde batetik dago nire gaisotasuna, eta horren inguruan idatzi dudan guztia. Hori azaltzeko, behin baino gehiagotan aipatu dut gaisotasunak berak biluztu ninduela; beraz, alperrik nuela ezer ezkutatzen ibiltzea. Horregatik, besteak beste, erabaki nuen kontatzea Sustatun nire gaisotasunaren gorabeherak.

Bestetik dago zer esaten dudan Faroan, hor ere, ezarian-ezarian, nire kontuak agertzen baitira. Faroan ez ezik, nahi duenak nire argazkiak ikus ditzake Flickr webgunean, edo zer irakurtzen dudan ikusi, del.icio.us programan klik eginez. Beraz, aurreko batean Luistxok esaten zuen moduan, Joxe konpletoa kolpe batean.

Horrek, ordea, ez dit beldurrik ematen. Behin irakurri nion idazle bati —badakit zientzia fikzioaz idazten zuela, baina ez dut gogoratzen haren izenik—, irakurri nion teknologia berriek pikutara bidaliko dutela pribatutasuna, eta bakarrik gutxi batzuek, oso jende aberatsak, eutsiko diotela pribatutasunari, majo ordainduta, hori bai. Eta besteok hobe dugula saiatzen ez bagara, kosta ahala kosta, pribatutasuna gordetzen.

Dagoeneko Osakidetzak badaki zer gaisotasun ditudan. Euskadiko Kutxa ere jakinaren gainean da zenbat irabazten dudan. Eroskik ederto esan lezake zerekin betetzen dudan erosketa otarrea. Hazienda ere jakitun da nire diru kontuez. Eta seguru nago Ertzaintzak baduela horren guztiaren berri. Hortaz, non geratzen da nire pribatutasuna?

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

3 Responses to Pribatutasuna

  1. egilea: Anonymous

    Kaixo Joxe, Hiru bat hilabete daramatzat zure bloga noizean behin bisitatzen. Zurea izan zen irakurri nuen lehenengoa baina harrez gero beste pare bat ezagutu dittut. Eta pribatutasunaz idazten duzun hontan neri gertatutako anekdotatxoa kontatuko dizut: nik uste nuen blog-era sartzen den pertsonaren anonimotasuna guztiz bermatua zegoela eta, beraz, blog-aren jabea eta bere irakurlearen artean zentzu bakarreko erlazio bat dagoela, irakurleak idazlea ezagutzen duelako eta idazleak ezin dituelako bere irakurleak, ez behintzat guztiak, identifikatu (irakurleak kontrakoa nahi ez badu behintzat). Gauza da, orain egun pare bat lagun batek esan zidala badakiela bere bloga bisitatu dudala (eta noiz egin dudan ere bai, gainera!). Ni harrituta geratu naiz, nik ez baitnekien blog bat zuenik ere. Azkenean jakin dut (edo hala uste dut gertatu dela)bere blog-era sartzeko erabilitako ordenagailua identifikatu zuela eta pentsatu zuela berau erabiltzeko aukera dugun milaka pertsonetatik (publikoa baita)bere bizitzari buruzko interesen bat izan dezakegun hiruzpalau pertsonetako bat izan zela bere blog-a bisitatu zuena.Ez nintzen ni izan baina hori gutxienekoa da. Pasarte honek pentsarazi dit, batetik, blog-a sortzen duenak onartu behar duela bere pribatutasuna ez dagoela bermatua (eta hala nahi badu mezu elektronikoak bidali besterik ez du bere lagunekin kontaktatzeko) baina, bestetik, blog irakurleak ere ez daudela guztiz salbu besteren bizitzatan kuxkuxeatze puntua duen blog irakurketan ari direnean. Ondo segi eta eskerrik asko zure bizitzaren zati bat gurekin konpartitzeagatik.

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Kaixo, lagun! Nire kasuan, onartzen dut nire pribatutasuna oso higatuta dagoela, eta nire irakurleak anonimoak izan daitezkeela. Ez dit inporta. Hori bati, zuk ondo diozun bezala, irakurleak ere jakin beharko luke edonora doala ere, arrastoak baino ez dituela uzten Internet dontsu honetan, eta arrasto horiek salatzen dutela nor den, eta nolakoa. Ondo segi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude