Ansolatarrak

Atzo, San Jose eguna, Lekeition elkartu ginen, urtero bezala, familiaren Ansola adarrarekin, Begoren ama Ansola baitzen, eta Lekeitiokoa. Sasoi batean Sebastiana Erkiaga izaten zen bilkuraren arrazoi, Begoren amuma, baina hura 102 urte bete aurretik hil zenetik, erabaki genuen jarraitzea, oraingoan Benito Ansola garai batean Lekeitioko bikario, eta herri bereko zine bileren antolatzailearen inguruan.

Ansolatarrek, Aranzabaldarrok ez bezala, sekulako zaletasuna dute kantatzeko, batez ere mahaiaren bueltan elkartzen direnean: batek txistua eta danbolina jo, besteak zuzendu, eta gainerakoek abestu. Hori ederto egiten dute. Ikustekoa izaten da Maritxu nora zoaz abesten hasten direnean, neskak alde batetik eta mutilak bestetik, nolako giroa sortzen den jatetxean: azkenean, beste mahaietako jendeak ere kantuan amaitzen du.

Aitortzen dut ezdeusa sentitzen naizela nire mahaikideen abileziaren aurrean, baina nik ere gustura parte hartzen dut erritualean. Hala ere, ez dakit zenbat iraungo duen ohiturak, familiako gazteenek ez ditut ikusten-eta hain kantuzale.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Arratsaldekoa

Atzo egun berezia izan genuen HUHEZIn, Euskadi Irratiaren talde bat Eskoriatzara etorri baitzen, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatera. Literatura Astearen azken eguna zen, eta, hori zela eta, han agertu ziren Arratsaldekoa saioko kideak, Arantxa Iturbe, Tere Beloki eta Nekane Peñagarikano.

Goizeko ekitaldia grabatu egin zuten, non ikasleek poesia errezitatu, abestu eta testuak irakurri zituzten, eta arratsaldean irratsaioa bera zuzenean egin, denon aurrean.

Guretzat festa moduko bat izan zen ikustea nola egiten zuten programa: ikasleen irakurraldiak eta abestiak, JJren ateraldiak, Arantza Ozaetaren iritziak Literatura Astearen gainean, Jon Sarasuaren iritziak Infokom karrerari buruz… eta batez ere aurkezleen beraien naturaltasuna eta profesionaltasuna. Azken orduan Jaime Otamendi gehitu zitzaien, ostiralero egiten duen moduan, eta hark ere erakutsi komunikatzaile petoa dela. Esandakoa, festa bat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Pedefeatu

Aurreko batean bilera batean ginela, fakultatean, lankide batek aipatu zuen halako karpetatan utzi beharreko dokumentuak “pedefeatu” beharko zirela, hau da, PDF formatuan ezarri, inork ez aldatzeko oharkabean.

Badakit PDF dela formatu unibertsal horietako bat, Adobek egina, eta ahalbidetzen duela ordenagailu batean egindako dokumentu bat, edozein programa eta letratipo erabilita, berdin-berdin ikustea beste ordenagailu batean, nahiz eta horrek ez eduki lehen egileak zituen programak eta letratipoak. Hori banekien.

Baina inoiz entzun barik nengoen “pedefeatu” aditza. Eta, behin entzunda, han hasi ziren beste lankide batzuk ere, “pedefeatu” gora, eta “pedefeatu” behera. Beti ikasten da zerbait.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Arantza Ozaeta

Egun hauetan Literatura Astea egiten ari da HUHEZIn, Eskoriatzan. Literatura eta Bidaia da aurtengo mintzagaia. Beharbada Jon Arretxek ez zuen asmatu bere aurkezpenaren formatuarekin: diapositibak eta musika uztartu zituen, baina erritmo eta bizitasun gutxirekin.

Berriz, herenegun Anjel Lertxundirren bertsiorik onena ikusi genuen: sekulako bidaia antolatu zigun, literatura bidaia, eta horrek bai, eskaini zigun plano mordoa bidaia hori irakurtzeko: aipuak, pasadizoak, idazkuntza…, sekulako lana hartu zuen hura prestatzen, baina bihotzetik eskertu genion hara bildu ginen guztiok. Eta atzo, beste horrenbeste. Harkaitz Canok oso gosari xarmangarria eskaini zigun, diamanterik gabea, baina erakargarria oso, New York maite dugunontzat.

Gure gozamenaren atzean, baina, pertsona baten lan izugarria dago. Arantza Ozaetak Erroma eta Santiago astindu ditu urtean zehar idazle horiek ekartzeko HUHEZIra. Berari zor diogu egun hauetan hartzen ari garen atsegina. Bihotz-bihotzez maite du Arantzak literatura, eta orain zazpi urte erabaki zuen horrelako Literatura Asteak antolatzea urtero. Eta lortu du gure paraje hauetan beste inork lortu ez duena: enpresa pribatuek ordaintzea Literatura Astearen faktura.

Lankide dut Arantza, eta bihotzez eskertu nahi diot hartu duen lana, eta egin digun oparia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Mari Treku

Mari Treku hil da, Mattin bertsolaria zenaren alarguna. Inoiz ez nuen ezagutu Mari Treku, baina haren liburu bat irakurri nuen orain hogei bat urte, Mattin, nere gizona, Auspoa argitaletxeak kaleratua, eta izugarri gustatu zitzaidan. Geroztik, hainbat aldiz irakurri ditut haren kronikak Herria aldizkarian. Emakume argia iruditu zitzaidan Mari Treku, adoretsua, eta zentzuduna. Goian bego.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ikuskizun harrigarria

Igande iluntzean zerbait harrigarria gertatu zitzaion Mireni: une batez, telebistan ikusi zuen Felipe Atutxa ginekologoa, zeinek 1995ean bera munduratu zuen Quiron ospitalean, Donostian.

—Begira, Miren. Gizon horrek lagundu zion amatxori zu jaio zinenean. Burutik hartu, eta berak atera zintuen amatxoren maginatik.

—Horrek…?

Gizon burusoil bat zuen pantailan, zuriz jantzita, eta hitz egiten ez-dakit-zertaz. Baina Mirenek hura ezin sinetsirik zegoen. Ama etorri behar baietz esatera. Orain badaki gauza bat gehiago, nahiz eta arraroa egiten zaion.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Superbai

Goio Aranak blog bat sortu du, Superbai, non diseinatzaile mondragoetarra diseinuaz eta bestelakoez arituko baita.

Goio laguna dut, eta garai batean lankide, Arrasate Pressen. 1988an, katea utzi Fagorren, eta Arrasate Pressera etorri zen, ikastaro arin bat eginda MacIntosh ordenagailuarekin nola erabili Pagemaker programa. Harrezkero, hazi egin da Goio: maketatzaile izatetik diseinatzaile izatera pasatu zen, eta, seguruenik, bera izango da euskal diseinatzailerik sarituena nazioartean. Goio Aranaz gehiago jakin nahi duzuenok, Sustatun irakur dezakezue.

Orain arteko mezuetan Goiok gogoeta egin du diseinuaren gainean, eta horretarako erabili ditu begi bistan ditugun elementuak, adibidez alderdi politikoen anagramak, gure herrietako paretetan ikusteko modukoak. Bere iruzkinak aberasgarriak dira, oso. Ahal baduzue, gorde Superbai gogokoenetan. Nik, behintzat, harpidetu dut Bloglines albiste biltzailean, horrek ekar diezadan begi bistara, Goiok zerbait idazten duen bakoitzean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Blogarion besta

Joan den asteazkenean Espaloiak zabaldu zuen deialdia apirilaren 17rako. Egun horretan, bozketa eguna EAEn, euskal blogariok elkartuko gara Elgetan bertan, arratsaldeko 18:30ean.

Beste leku batzuetan bilkura horiei deitzen diete Blogs & Beers, blogak eta garagardoa, baina nik bat egin nahi dut Asier Sarasuak eta Julen Gabiriak hemen egindako proposamenarekin, eta horregatik proposatzen dizuet gure arteko bilkura hauei deitzea BST, Blogak, Sagardoa eta Txakolina, edo modu errazagoan, eta bat egiteko euskaren tradizioarekin, besta, blogarion festa izango direlako.

Apirilaren 17an Elgetan izango naiz, bestarako prest, eta gonbidatu nahi zaituztet blogari guztiak anima zaitezten etortzera. Blog irakurleak edo blogari izan nahi duzuenak ere ongi etorri beroa jasoko duzue.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Elorrio kt 3, laugarren

Gaur jokatu dute Mirenek-eta azken partida ligan. Zelan jokatu, gainera: 16-7 irabazi diote Galdakaoko talde bati.

Aurten ez genuen gauza handirik espero txapelketa honetan, Elorrioko jokalari guztiak hasiberriak direlako. Hala ere, bospasei partida irabazi dituzte, eta, beraz, laugarren sailkapen nagusian. Denok uste genuena baino dezente gehiago. Zorionak, beraz, gure neskei, eta baita Kris entrenatzaileari ere. Ahaztu barik Josi, Rocio eta Eli, horien laguntza ere ezinbestekoa izan baita.

Orain, denboraldia ondo bukatzeko, bazkaldu egingo dugu denok batera, jokalariek, gurasook eta zenbait laguntzailek. Lejarazu tabernan izango da hori, arratsaldeko 14:30etan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Bloglines

Azken aldi honetan Bloglines albiste biltzailea ez dabil oso santu. Azken hiru egunotan, adibidez, ez du bat ere albisterik jaso Faro honetatik, nahiz eta egunero atera dudan zerbait.

CodeSyntaxeko lagunek esan didate Faroaren feedak ondo daudela, beraz, arazoa Bloglinesen bide dago. Beraz, Faroa Bloglinesen irakurtzen duzuenok, pazientzia eta egonarria, laster konponduko da eta. Mila esker.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin