Da Vinci kodea

Atzo bazkaria izan genuen elkarte batean. Aurrez aurre lagun bat izan nuen, eta Aste Santuaz hitz egiten ari ginela, bat batean esan zidan irakurtzen hasi dela Da Vinci kodea, justu jakin duenean eliza katolikoak debekatu edo gaitzetsi egin duela liburu hori.

Beraz, eliza katolikoa lortzen ari da nahi zuenaren kontrakoa: jende gehiagok irakurtzea Dan Brownen liburua. Merezia du atsekabea, oraindik ere, Erdi Aroan bezala, uste baitu Egiaren monopolioa duela, eta beste guztiok men egin behar diogula, bestetik gabe. Ez da konturatzen asper-asper eginda gaudela liburu debekatuen Indizeaz, non eliza katolikoak, Inkisizioaren garaitik hasita, sartzen zituen bere gustukoak ez ziren liburuak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Prospektiba

Eneko Astigarraga da blogari aspaldikoenetako bat Euskal Herrian, eta egiten du blog bat, Prospektiba, izugarri interesgarria. Nahi baduzu jakin zer joera aurreikusten diren teknologian, soziologian, eta beste esparrutan, jo lasai Prospektibara, hor izango duzu-eta informazio asko eta ona.

Gainera, hedabide anglosaxoiak ez ezik, frantsesak ere kontrolatzen ditu Enekok. Beraz, gutariko gehienok baino informazio iturri hobeak ditu. Eta, honezkero konturatuko zinenez, Enekok lotura ugari eskaintzen ditu bere informazioetan, ugari eta baliagarriak. Horregatik, ni behintzat, sarritan sartzen naiz Enekoren blogean.

Eneko laguna dut. CodeSyntax enpresan egiten du lan, eta, horrezaz gain, eskolak ematen ditu ESTEn, Donostian. Gizon lasaia da, amoltsua, eta entzuten daki. Ahal baduzue, egiozue bisita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Teknologiaren bizkortasuna

Zenbait teknologiak sekulako eragina dute gure bizitzetan. Kontua da gero eta denbora gutxiago behar izaten dutela erabat eraginkor bihurtzeko. Adibidez:

  • Irratiak 40 urte inguru behar izan zituen 50 milioi entzule lortu bitartean.
  • Telebistak 15 urte behar izan zituen 50 milioi ikusle irabazteko.
  • Internetek 5 urte baino gutxiago behar izan ditu 50 milioi erabiltzaile lortzeko.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Literatura liburuak

Petrus lagunak galdetu zidan atzo zeintzuk diren nire libururik kutunenak euskal literaturan. Dekalogoaz galdetu hark, eta hamar liburu eskainiko nik, garbi utzita liburu hauek zirrara berezia eragin zidatela irakurri nituenean. Horregatik, nire zerrenda osatzen dute, ez beste inorena.

  • Egunero hasten delako. (1969) Sekulako zirrara eragin zidan bai Saizarbitoriaren estiloak eta baita liburuaren edukiak ere. Uste dut liburu horrekin sartu nintzela helduaroan, nahiz eta plazaratu eta urte batzuk geroago irakurri nuen. Hordago.
  • Ipuin antzeko alegi mingotsak. (1975) Mikel Zaratek idatzi zituen alegiok, eta Gero argitaletxeak kaleratu. Izugarri gozatu nuen, eta hor aurkitu, beste inon baino argiago, Mikel Zarateren kosmogonia.
  • Hamaseigarrenean aidanez. (1983) Kanadan nengoela irakurri nuen, zur eta lur Anjel Lertxundik nolako maisutasunez jasotzen zuen baserri giroko mundu itxia. Erein.
  • Narrazioak. (1984) Oraindik gogoan dut nola irakurri nuen liburu hori Ottawako Parlamentuaren ondoko parke batean, harriturik Sarrionandiaren fabulatzeko ahalmenaz, eta idazteko dotoreziaz. Elkar.
  • Sasiak ere begiak baditik. (1986) Zenbat barre egin nuen liburu hori irakurtzen! Zor nion Aingeru Epalzari aitorpena, liburua oso atsegina izan baitzen. Elkar.
  • Obabakoak. (1988) Urte batzuk geroago irakurri nuen, baina harrapatu egin ninduen alde guztietatik. Maisulana, edozein aldetatik begiratzen diozula ere. Erein.
  • Behi euskaldun baten memoriak. (1991) Hiru bat aldiz irakurri dut, eta gero eta gehiago gustatzen zait. Maiteminduta nago liburu horrekin. Pamilela.
  • Gerezi denbora. (1999) Gerra Zibila Inazio Mujika Iraolaren ikuspegitik. Haren estiloak harrapatu egin ninduen. Alberdania.
  • Eulien bazka. (2003) Behin hasita, ezin liburua esku artean utzi, amaitu arte. Horrela harrapatu ninduen Hasier Etxeberriaren liburu horrek. Susa.
  • Han goitik itsasoa ikusten da. (2004) Zelan gozatu nuen liburu hori irakurtzen! Julen Gabiriak begirada du berezia, eta liburu horretan ederto erakusten du zer dohain dituen fabulatzeko eta kontatzeko. Elkar.

Goiko horiek dira nire liburu kutunak. Nahi baduzu egin zuk zeure zerrenda, eta utzi hemen, erantzun batean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Hamar liburu gogoangarri

Hogei urterekin-edo hasi nintzenetik euskara ikasten, liburu asko irakurri ditut euskararen gainean, baina gutxi batzuk iritsi dira mugarri izatera nire bilduma partikularrean. Mugarri, eragin handia izan dutelako niregan. Denak ez, baina gehienak etxean gordetzen ditut, eta baita erabili ere. Hauek dira: – Kintanaren hiztegia. (1970) Ez dakit inoiz aitortu zaion, baina Xabier Kintanaren hiztegiak belaunaldi oso bat markatu zuen. Garai hartan sekulako premia zegoen, eta berak asmatu egin zuen hiztegiarekin. Ipar Ameriketara joan nintzenean, aldean eraman nuen. Zoritxarrez, ez zait geratzen orduko alerik etxean, seguru asko galduta etxe aldaketa ugarietan.

  • Euskara batua zertan den. (1977) Txillardegiren liburu horrekin ikasi genituen euskara batuaren gorabeherak. Ondo azpimarratuta dago oraindik ere, nahiz eta azalak dagoeneko aterata dituen, plastikotan bilduta. Jakinek argitalpen zoragarria egin zuen liburu horrekin: koloretan, ondo antolatua…
  • Euskal gramatika. (1978) Hori ere Txillardegirena. Ediciones Vascasek atera zuen, oso argitalpen zainduan hori ere. Kontsulta liburua izan nuen hainbat urtez.
  • Euskal ortografia. (1978) Ortografia baino dezente gehiago ikasi nuen Mikel Zarateren liburu horretan, Leopoldo Zugaza editoreak kaleratua, Mikel izan baitzen euskarak izan duen pedagogorik onenetakoa.
  • Euskararen auziaz. (1988) Artean euskaltzainburua zen, baina gauza askotan heterodoxo baten ikuspegitik idatzi zuen liburua. Zenbait estamentutan ahazturaren putzura bidali zuten, ez zitzaien-eta gustatu Villasantek liburu hartan esandakoak.
  • Idazkera-liburua. (1993) Joxe Ramon Zubimendik eta Pello Esnalek egin zuten liburu hori, eta niretzat izan zen aurkikuntza moduko bat. Hortxe hasi nintzen jabetzen euskarak zer arazo dituen ondo komunikatzeko.
  • Arpoi baten eran. (1996) Inazio Mujika Iraolak prestatu zuen, Juan Bautista Agirreren zenbait testurekin. Eta bertan aurkitu dut nik prosa bizia, erabat komunikatiboa eta egokia gaur egun ditudan premietarako.
  • Euskara batuaren ajeak. (1997) Ibon Sarasolak lurrikara moduko bat eragin zuen euskalgintzan liburu horrekin (Alberdania), baita niregan ere. Oraindik ere gustura irakurtzen ditut horko gauzak.

    Izan ditut beste liburu batzuk beharbada gutxiago erabili ditudanak, baina beti gertu izan ditudanak. Bi ale ekarriko ditut hona:

Bestelakoak

  • Letrak kalekantoitik. (1996) Hizkuntzaren alde ludikoa gozatu dut Anjel Lertxundiren liburu horretan. Behin baino gehiagotan ohera eramaten dut, eta beti aurkitzen dut zerbait harrigarria hor. Bitxi bat.
  • Egunkariaren estilo liburua. (2001) Aurreko edizioak ere erabili nituen, baina azkena geratzen zait apalategietan. Zalantzak-eta argitzeko erabili dut, batez ere toponimiari dagokionez.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Tom Wolfe

Asteburu honetan irakurri dut elkarrizketa bat “El País Semanal”:http://www.elpais.es/ aldizkarian, eta bertan Tom Wolfe idazle amerikarrak huntaz eta hartaz hitz egiten du, bere azken liburuaren harira. Blogak ere aipatu ditu, eta hauxe esan:

—Zer hedabide interesatzen zaizu?

—Uste dut badirela zenbait astekari, onak. Horrelako gehiago egin beharko lirateke, horiek hobeto betetzen dute-eta informazioa egunkari handiek baino. Eta blogak ere, onak dira seguruenik: jende horrek guztiak zirkulazioan ipini du informazioa. Seguru asko, blogak dira kazetaritzari gertatu zaion gauzarik onena. Blog gehienak zaborra dira, baina bilatuz gero, beti aurkituko da zerbait interesagarria. Blogek errepikaraz ditzakete hainbat zurrumurru, prentsak argitaratzen ez dituena, gauza asko egin dezakete. Informazio-iturriak dira, eta ematen digute hainbat informazio, lehen ez genuena. Informazio gehiago behar da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ansolatarrak

Atzo, San Jose eguna, Lekeition elkartu ginen, urtero bezala, familiaren Ansola adarrarekin, Begoren ama Ansola baitzen, eta Lekeitiokoa. Sasoi batean Sebastiana Erkiaga izaten zen bilkuraren arrazoi, Begoren amuma, baina hura 102 urte bete aurretik hil zenetik, erabaki genuen jarraitzea, oraingoan Benito Ansola garai batean Lekeitioko bikario, eta herri bereko zine bileren antolatzailearen inguruan.

Ansolatarrek, Aranzabaldarrok ez bezala, sekulako zaletasuna dute kantatzeko, batez ere mahaiaren bueltan elkartzen direnean: batek txistua eta danbolina jo, besteak zuzendu, eta gainerakoek abestu. Hori ederto egiten dute. Ikustekoa izaten da Maritxu nora zoaz abesten hasten direnean, neskak alde batetik eta mutilak bestetik, nolako giroa sortzen den jatetxean: azkenean, beste mahaietako jendeak ere kantuan amaitzen du.

Aitortzen dut ezdeusa sentitzen naizela nire mahaikideen abileziaren aurrean, baina nik ere gustura parte hartzen dut erritualean. Hala ere, ez dakit zenbat iraungo duen ohiturak, familiako gazteenek ez ditut ikusten-eta hain kantuzale.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Arratsaldekoa

Atzo egun berezia izan genuen HUHEZIn, Euskadi Irratiaren talde bat Eskoriatzara etorri baitzen, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatera. Literatura Astearen azken eguna zen, eta, hori zela eta, han agertu ziren Arratsaldekoa saioko kideak, Arantxa Iturbe, Tere Beloki eta Nekane Peñagarikano.

Goizeko ekitaldia grabatu egin zuten, non ikasleek poesia errezitatu, abestu eta testuak irakurri zituzten, eta arratsaldean irratsaioa bera zuzenean egin, denon aurrean.

Guretzat festa moduko bat izan zen ikustea nola egiten zuten programa: ikasleen irakurraldiak eta abestiak, JJren ateraldiak, Arantza Ozaetaren iritziak Literatura Astearen gainean, Jon Sarasuaren iritziak Infokom karrerari buruz… eta batez ere aurkezleen beraien naturaltasuna eta profesionaltasuna. Azken orduan Jaime Otamendi gehitu zitzaien, ostiralero egiten duen moduan, eta hark ere erakutsi komunikatzaile petoa dela. Esandakoa, festa bat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Pedefeatu

Aurreko batean bilera batean ginela, fakultatean, lankide batek aipatu zuen halako karpetatan utzi beharreko dokumentuak “pedefeatu” beharko zirela, hau da, PDF formatuan ezarri, inork ez aldatzeko oharkabean.

Badakit PDF dela formatu unibertsal horietako bat, Adobek egina, eta ahalbidetzen duela ordenagailu batean egindako dokumentu bat, edozein programa eta letratipo erabilita, berdin-berdin ikustea beste ordenagailu batean, nahiz eta horrek ez eduki lehen egileak zituen programak eta letratipoak. Hori banekien.

Baina inoiz entzun barik nengoen “pedefeatu” aditza. Eta, behin entzunda, han hasi ziren beste lankide batzuk ere, “pedefeatu” gora, eta “pedefeatu” behera. Beti ikasten da zerbait.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Arantza Ozaeta

Egun hauetan Literatura Astea egiten ari da HUHEZIn, Eskoriatzan. Literatura eta Bidaia da aurtengo mintzagaia. Beharbada Jon Arretxek ez zuen asmatu bere aurkezpenaren formatuarekin: diapositibak eta musika uztartu zituen, baina erritmo eta bizitasun gutxirekin.

Berriz, herenegun Anjel Lertxundirren bertsiorik onena ikusi genuen: sekulako bidaia antolatu zigun, literatura bidaia, eta horrek bai, eskaini zigun plano mordoa bidaia hori irakurtzeko: aipuak, pasadizoak, idazkuntza…, sekulako lana hartu zuen hura prestatzen, baina bihotzetik eskertu genion hara bildu ginen guztiok. Eta atzo, beste horrenbeste. Harkaitz Canok oso gosari xarmangarria eskaini zigun, diamanterik gabea, baina erakargarria oso, New York maite dugunontzat.

Gure gozamenaren atzean, baina, pertsona baten lan izugarria dago. Arantza Ozaetak Erroma eta Santiago astindu ditu urtean zehar idazle horiek ekartzeko HUHEZIra. Berari zor diogu egun hauetan hartzen ari garen atsegina. Bihotz-bihotzez maite du Arantzak literatura, eta orain zazpi urte erabaki zuen horrelako Literatura Asteak antolatzea urtero. Eta lortu du gure paraje hauetan beste inork lortu ez duena: enpresa pribatuek ordaintzea Literatura Astearen faktura.

Lankide dut Arantza, eta bihotzez eskertu nahi diot hartu duen lana, eta egin digun oparia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1