Mikrouhin labe zaharra

Joan den astean mikrouhin labeak planto egin zuen, eta hor gelditu zen, bihotzekoak jota bezala, kolorezko argi guztiak piztuta. Nola 18 urte egin dituen gurekin, eraman ere ez genuen egin konpontzera, seguru asko hura konpontzea garestiagoa izango zelako berria erostea baino. Penaz eta dolorez, atera egin genuen bere betiko habiatik, eta berria erosi, hori ere digitala.

Inves markakoa zen, handi samarra, eta hemen jeneralean erabiltzen diren gehienak baino sofistikatuagoa, aukera ematen zigun-eta dezente zehazteko bai denborak eta baita eragiketak ere. Kanadatik bueltan, horrelako bat nahi genuen, han ohituta baigeunden mikrouhin labeak erabiltzen. Eta lortu ere merkeago lortu genuen, urraturen bat-edo zuelako. Lanean, baina, txapeldunen pare ibili da urte mordo hauetan. Horregatik pena.

Orain, ostera, “Jon Larrañaga”:http://frommilwaukee.blogspot.com/2005/04/1.html lobaren mezu bat jaso dut Milwaukee-tik, eta haren hitzek harritu egin naute, antza denez, gure mikrouhin zaharrak esangura berezia izan du-eta harentzat. Honela dio:
Ezin dot sinistu!!!! Baina ez dakizue nola markatu nauen mikrohuin horrek!!!! Nik uste ikusi nuen lehenengo mikrohuina dela, eta gogoratzen naz beti-beti izan dozuela berdina. Nahasketa perfektua zeukan tradizio eta star-trek moduko modernidadearen artean. Mikrohuin hori desdeluego guztiz trek-ia zan.

Bihoaz, bada, hitz hauek zuretzat, Jon, hain bizi gorde duzulako labe zaharraren oroimena. Bota aurretik bidaliko dizut haren argazki bat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Odolkiak ordainetan

Egun hauetan bilkura entzutetsu bat egiten ari da AEBetan, D: All Things Digital, eta hor jende ospetsu asko agertu da, tartean Bill Gates eta Steve Jobs, Microsofteko burua eta Appleko lehendakaria, hurrenez hurren.

Bill Gatesek hitz egin zuenean esan zuen, besteak beste, iPod musika jogailuaren salmentek ezin dutela orain bezala luze iraun, jendeak tramankulu bakarrean nahi dituelako musika, agenda, telefonoa, etab.

Ondoren Steve Jobs etorri zen, eta eskatu zien iPod bat zeukaten entzuleei jasotzeko besoa. Entzuleen erdiak besoa jasota zutela, galdetu zion Microsoften jabeari: “Bill, jaso duzu besoa?”, bai baitzekien Gatesek ere badaukala iPod bat. (Eskerrik asko, MacWorld)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Bizenta Mogel

Irakurri nuenean Euskal klasikoen atarian, bilduma bat Patxi Salaberri irakasleak prestatua, ezusteko aurkikuntza egin nuen: Bizenta Mogel. 1782an Azkoitian jaioa, Mogel famatuaren iloba zen. Ipuin onac idatzi zuen, eta hor Esoporen alegiak ekarri zituen euskarara.

Baina niri liburu horri egindako hitzaurreak eman zidan atentzioa. 1804an idatzi zuen, eta hor Bizenta Mogelek argi adierazten du pertsona bitxitzat hartzen dutela, emakumea izanda, idazten duelako. Alegia, bere garaiko moldeak betetzen ez dituelako. Hona hemen pasarte bat:
Badakit, entzunaz beste gabe neskatx gazte baten izena dagoala itsatsirik liburutxo honen aurkean, jardungo dutela zinuka ez gutxik, diotela beren artean inoren lumaz jantzi nahi duela bela txikiak; hau da, besten beharrak hartu nahi ditudala neretzat, ez dagokiola neskatxa bati bururik hausitzea liburuginen: asko duela gorua nahiz jostorratza zuzen erabiltzea.

Bizenta Mogelek argi adierazten du hor emakume eta idazle kontzientzia, noiz eta XIX. mendearen hasieran. Mereziko luke arreta handiagoa gure partetik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Autoargitalpena

Joan den mendeko laurogeigarren hamarkadan autoedizioa aldizkarietan nola, halaxe hasi da eragiten zenbait lekutan autoargitalpena liburugintzan. Begira, bestela, nola egiten duen lan Lulu.com argitaletxe birtualak. Balizko egileak aukeratzen du plantilla bat bere liburua argitaratzeko. Ondoren, testua isurtzen du plantilla horretan. Eta, hirugarrenik, klik egiten du publish botoian, liburua argitaratzeko. *Voilà!,* liburua salgai dago. Erosle batek erosten duenean ale bat, Lulu.com-en softwarea arduratzen da egin beharreko guztiez, gizakiaren eskuen parte hartzerik gabe. Hori bai, amaieran, Lulu.com-ek irabazien %20 poltsikoratzen du.

Lulu.com-ek 30.000 liburu baino gehiago eskaintzen ditu, eta hilero 1.000 liburutik gora argitaratzen omen. Bob Young jabeak dioenez, 2006rako enpresaren salmentak 10 milioi dolarrera iritsiko dira.

Nola irabaz liteke hainbeste diru halako tirada txikiak eginez? Erosleak eskatu ahala argitaratzen duelako enpresak, ez ale bat gehiago, ez eta bat gutxiago ere. Liburu bakoitzetik ale gutxi izan daitezke, baina… gogoratzen buztan luzearen teoriaz?

BussinesWeek aldizkarian izan dugu horren berri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gipuzkoako Foru Aldundia oker dabil

Apirilaren hondarrean Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat egin zuen Diario Vasco egunkariarekin, blog lehiaketa bat antolatzeko. Ez zituen aintzat hartu ordura arte Gipuzkoan bertan blogintzan egindako ahalegin oparoak, eta DVrekin ezkondu zen.

Nork bere ezkontideak hautatzen ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskubide osoa du berea aukeratzeko. Hautuak, ordea, sortu zituen protesta batzuk, adibidez, Blog&roll lehiaketa printzipioz gaztelania hutsez izan behar zelako, eta aitzindarien lana kontuan hartzen ez zelako.

Okerrena, baina, orain dator: Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo ofiziala hasi da hainbat informazio banatzen, eta hor aldatu egiten da euskal blogintzaren historia, DVri emateko ez daukan aitzindaritza. Hori, ordea, ez diogu onartuko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu berri du e-gobernua eta hiritarren parte-hartzea, jadunaldi batzuk, non gonbidatu dituen Europa Presseko ordezkari bat, eta beste bat DVkoa, teknologia berriez hitz egiteko. Eta DVren ordezkaria aurkezterakoan, hauxe dio:
DIARIOVASCO.COM fue el primer medio digital en incorporar foros de discusión sin pre-moderación, y ha sido también el primero en poner a disposición de sus usuarios un servicio de blogs.

Diario Vasco aitzindari blogintzan?

Blogei dagokienez, hori ez da egia. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta DVk badakite Euskal Herrian lehen bloga, Sustatu, 2001ean kaleratu zela, CodeSyntax (Eibar) eta Goiena (Debagoiena) enpresek sortua. Lehen blog zerbitzua Eibar.org erakundeak sortu zuela 2004ko uztailean. Goiena.net-ek 2005eko otsailaren 22an aurkeztu zuela bere blog komunitatea KMn, Donostian,. Eta gero etorri zela DV bere blog zerbitzuekin. Baina…, hor egon liteke aitortu gabeko koxka diputazioarentzat, blog horiek guztiak euskaraz daudellako. Horiek ez ezik, beste asko ere, 170 blogetik gora, euskaraz daude, eta Aurki.com albiste biltzaileak jasotzen ditu uneoro.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aukeratzea dauka nahi dituen aliatuak, baina, mesedez, ez dezala historia faltseatu. Euskal blogariok ez diogu utziko. Irakurri, bestela, zer dioen Luistxo Fernandezek bere blogean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Almut

Ivan Noble kazetaria iragan otsailean hil zen, minbiziak jota, ia bi urtez bere gaixotasunaren gorabeherak blog batean idatzita. Blog hartan, inoiz ez zituen aipatu izenez bere familiako kideak. Orain, berriz, BBCk haren liburua atera duenean, Ivanen emazteak idatzi egin du BBCn.

Almut Noblek, horiek baitira bere izen-deiturak, gauza interesgarriak esaten ditu artikulu horretan. Berau irakurtzen ari nintzela, Begorengan pentsatu nuen, nire emaztearengan. Izan ere, guk gaixoaren ikuspegia eskaini dugu geure blogetan, baina zer pentsatzen dute horretaz gure emazteek, gaixotasuna gurekin batera bizi izan dutenek?

Hona hemen Almut-en zenbait gogoeta:

  • Hasieran ez zitzaidan gustatu Ivan bere gaixotasunaren berri ematen hastea. Gogorra zen zure bizitza pribatua mundu guztiaren esku ipintzea.
  • Hala ere, Ivanen kontakizunak are eta errealagoa egiten zuen gure egoera. Ez zegoen modurik gaixotasuna ukatzeko.
  • Ivanen mezuek lagundu zidaten haren sentimenduak hobeto ulertzen.
  • Bukaera aldera, konturatu nintzen nolako indarra jasotzen zuen Ivanek mezu haietatik.
  • Jendearen erantzunak harrigarriak izan ziren. Ivanek sekulako babesa jaso zuen jendearen partetik.
  • Muturreko emozioak bizi izan genituen: tristura itzela eta zoriona.
  • Arriskutsua da pentsatzea “zergatik?”. Gure gorputzak oso konplexuak dira, eta batzuetan onartu beharra dugu zerbait oker daitekeela.
  • Jarrera positiboa daukat, eta horrela segitu nahi dut.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Lazarraga eta Cervantes

Oso gustura irakurri dut joan den astean Oihana Elortzak Pruden Gartzia Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendariari Goienkarian egindako elkarrizketa. Elkarrizketa horretan Pruden Gartziak hitz egiten du Joan Perez Lazarragak eta Miguel Cervantesek ustez izandako harremanaz, hizkuntzen erabileraz XVI. mendean, eta Oñatik eta Arabak izan zuten loturaz.

Elkarrizketa oso interesgarria da, eta Goienak argitaratu egin beharko luke Sustatun, euskaldun guztiek irakur dezaten, baita Debagoienekoak ez direnak ere.

Pruden Gartziak uste du Esteban Garibai eta Lazarraga senideak zirela, eta badaki Garibai eta Cervantes oso lagunak zirela. Hortik hasita, Prudenek uste du Lazarragak eta Cervantesek bazutela elkarren berri. Hauxe dio horren gainean:
Lazarragak idazten du ehun urte lehenago Gasteizen gertatutako istorio bat. Kontatzen du nola bere birraitona zoratu egin zen eta armadura bat soinean zuela, nola ibiltzen zen zaldi gainean lantza, ezkutu eta guzti oihuka, norbaitekin borroka egin nahian.

Garibai konexioa

Ez dakit Pruden Gartziaren hipotesiak egiaztatuko diren ala ez, baina, niri behintzat, oso interesgarria egin zait elkarrizketa oro har, eta anekdotaren atzean dagoen informazioa, alegia, XVI. mendean nolakoa zen euskaldunon harremana Madrilgo gortearekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Hileta

“Aita, joan naiteke Ainhoarekin elizara, Remeiren hiletara?”, galdetu zidan Mirenek, ikusita bere lagun bati gurasoek ez ziotela utzi joaten. “Bai, gura baduzu”, erantzun nik. “Horrelako egunetan, jendeak bi arrazoi izaten ditu elizara joateko: edo fededunak dira, eta behar dute hara joan otoitz egitera; edo, bestela, elkartasuna adierazi nahi diote hildakoaren familiari.”

Mirenek joan beharra sentitu zuen, asteburuetan sarri jolasten delako Amaiarekin, Remeiren alaba gazteena. Eta, berak ere, nahi zuen, helduon antzera, babesa eskaini bere laguntxoari. Hiletak hasi aurretik, han agertu zen lagun talde batekin, eta denak batera sartu ziren elizara. Gero, harrituta etorri zen etxera, zenbat jende ikusi zuen negar egiten. Aldi berean, baina, pozik zegoen, egin beharrekoa eginda.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Agur, Remei

Mirenek esan zidan, etxera sartu baino ez: “aita, Remei hil da!” Zur eta lur geratu nintzen. Banekien azken aldian makal zebilela, oso argalduta, eta oraindik ospitalean, baina ez nuen espero horrelakorik. Josu etorri zitzaidan gogora, senarra, eta Andrea eta Amaia, alabak.

**Remei Teixidó** Katalunian jaio zen orain 45 urte. Elorriora ezkondu zen, eta hemen bizi zen aspaldiko urteotan, bere familiarekin batera. Orain hiru bat urte minbizia antzeman zioten, eta harez gero hor ibili da, tratamenduekin bueltaka, ezin ezabatu gaixotasuna. Baina kementsua zen Remei, adore handikoa.

Azken kimio saioetan hasi berritan, esan zigun pozik zoratzen zebilela, kimioak ez baitzion kalterik egin. Hain zegoen pozik, ze nire liburua irakurtzen hasi zen.

—Baina zuk badakizu euskaraz, ala? Begok.

—Defendatzen naiz; bosgarren mailaraino ikasi nuen. Remeik.

Gero gainbehera hasi zen, kimioak kalterik ez, baina onik ere ez baitzion egiten, itxura guztien arabera. Eta atzo, eguerdian, joan egin zitzaigun. Agur, Remei. Besarkada handi bat zuei, Josu, Andrea eta Amaia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Filmak bikoiztearen kontra

Atzo iritsi zitzaidan berri bat Argiaren Harian, eta aipatzen zituen “Lourdes Oñederra”:http://www.armiarma.com/zaldiero/087.htm idazle eta irakaslearen hitz batzuk, *Diario de Noticias de Álava* egunkarian esandakoak:
Erabat nago filmak jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin ikustearen alde, eta uste dut gure umeak lehenbailehen ohitzea litzatekeela onena, azken batean ohitura kontua baita neurri handi batean (…) (Urtzi Urrutikoetxeak) arrazoi osoz azpimarratzen zuen nola filmak bikoizteko grina hau Espainiako kontua zen… Eta nik diot, ozenegi hitz egiteko era espainiarrean, ba ote da zerikusirik kanpoko filmak beti bikoiztearekin?

Goitik behera sinatzen ditut nik ere hitz horiek, nahiz ez dudan erantzunik azken galderarentzat. Beste herrialde batzuetan ibili naizenean —Holandan edo Israelen, kasu—, han hori egiten zen, filmak jatorrizko bertsioan eman, azpitituluekin. Israelen, adibidez, filma ingelesez badago, azpitituluak joango dira hebraieraz eta arabieraz, bietan. Hemen, aldiz, ohitu egin gara espainiarren ohituretara, eta hortxe segitzen dugu, tematuta erabat, sistema zaharkitu eta garesti bati lotuta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 12 iruzkin