Anakronikoak

Ez nintzen egon Aritxulegin ETAko hiru kide agertu zirenean, eta ezta Kanpazarren ere Espainiako Armadaren soldaduak azaltzerakoan. Bata bestea bezain anakronikoak iruditzen zaizkit, beste garai bateko zaharkinak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 6 iruzkin

Dejà vû

Izen horrekin bataiatu du Susana Mujikak bere irratsaioa, Euskadi Irratian gaueko 23:10etatik 01:00era, eta kontua da Susanak erabaki duela gauero tarte bat eskaintzea euskal blogosferari. Txalogarria, benetan, Susanaren erabakia.

Astelehen gauean bi blogari izan ginen gonbidatuta irratsaiioan: Gorka Bereziartua eta biok. Gorkak Eremu lauak izeneko bloga egiten du. Hogei minutuz-edo, hantxe izan ginen blogosferaz hitz egiten, gustura. Gautxoriak bazarete, Gorka bezala, hamabiak inguruan duzue aukera Dejà vû entzuteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | 7 iruzkin

Egun paregabea

Mahats batzea 2006
Mahats batzea egin genuen joan den larunbatean Esteñibar baserrian, Elorrion. Berrogei bat lagun giro ezin hobean, aurtengo uzta jasotzeko. Urte kaskarra izan da aurtengoa, Mikel Irizarrek behin baino gehiagotan esan du, baina Mikel bera eta Fatima buru zirela, erromeria galanta egin genuen bazkalostean. Trikitia, txirula, panderoa, dultzaina, dantza… giro aparta Gazeta auzoan. Urteko egunik ederrenetako bat. Niretzat bai, behintzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

24

Atzo gaueko 22:00etan hitzordua genuen telebistaren aurrean, 24 telesailaren hurrengo atalak ikusteko gertu. Ezer esan barik, Antena 3 telebistak programazioa aldatu eta film bat eman zuen. Izorra hadi!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 7 iruzkin

Aurkezpena Arrasateko Elkar liburu dendan

Atzo arratsaldean Elkar liburu denda ireki zen Mondragoen, eta hantxe izan nintzen, hitz batzuk esaten. Hauek:

Arratsalde on, etorri zareten guztioi. Gaur liburu denda eder hau inauguratu behar dugu Arrasaten. Hori dela eta, esango dizuet liburu dendak direla nire dendarik gogokoenak. Gustatzen zait irakurtzea, eta gustatzen zait liburu dendetan sartu eta liburuak esku artean hartu eta aztertzea. Txikia nintzenetik, liburuek arrasto ahaztezina utzi dute nire bizitzan. Gogoan daukat non nengoen eta zer egiten zenbait liburu irakurri nituenean. Adibidez:

  • Los hijos del capitán Grant. Saturraranen nengoen liburu hori irakurri nuenean, seminarioko ikasgela handi batean, asteburuetan denbora jakin bat izaten genuen-eta irakurtzeko. Jules Vernek mundu ezezagunetara eraman ninduen, abentura zirraragarriak bizitzera.
  • El Lazarillo de Tormes. Larunbat euritsu batean irakurri nuen, Donostiako seminarioan, eta barre algara handiak egin nituen. Harritu egin nintzen, ez bainuen uste liburu klasiko batek hainbeste barre eragingo zidanik.
  • La ciudad y los perros. Arrasaten irakurri nuen, Gabonetako oporretan, Donostiako Institutuan ikasten ari nintzela. Tramak harritu ninduen, eta zerabilen gaztelaniak. Orduan aurkitu nuen Hegoameriketako literatura.
  • Beltran Paris, Basque Sheepman of the American West. Beltran Paris Nafarroa Beherean jaio zen, eta AEBetara joan zen, artzain, etorkizun hobe baten bila. William Douglas antropologoak elkarrizketatu egin zuen eta liburu bat idatzi, Beltranen gorabehera guztiak kontatzen. Boisen nengoen garai hartan, Estatu Batuetan, eta liburu horrek hunkitu egin ninduen, han zeuden-eta nire herkide askoren gorabeherak Ameriketara joandakoan. Orduan konturatu nintzen hizkuntza ikasi berri batean ere hunkitu egin nintekeela.
  • Narrazioak. Irakurri nuenean Joseba Sarrionandiaren liburu hori Kanadan nengoen, Ottawan. Gogoan dut liburuaren zati handi bat irakurri nuela hango Parlamentuen ondoko parke batean. Liburu harekin pentsatu nuen euskal literatura beste literatura batzuen parean jartzen ari zela, hain zen-eta ederra.
  • Mattin, nere gizona. Liburu hori irakurri nuenean Bergaran bizi nintzen, eta gaixorik nengoen. Ohean nengoela, beraz, ikasi nuen nor zen Mattin bertsolari txiki hura. Atentzioa eman zidan Mari Trekuren idazkerak, zuzena eta xaloa oso. Mari zen Mattinen emaztea, eta geroago jakin nuen Herrian idazten zuela, bere herriko berriemailea baitzen.
  • Lance Armstrongen biografia irakurri nuenean ere, ohean nengoen, baina orduko hartan Galdakaoko Ospitalean, egun batzuk lehenago, 2002ko irailaren 11 batean, minbizia aurkitu zidaten eta. Liburua irakurrita, mirestu egin nuen gizona, adbertsitatearen aurrean erakutsi zuen kemenagatik.
  • Eta uda honetan liburu hau irakurri dudanean —Gernikatik New Yorkera, Berlinetik pasatuz—, Elorrion nintzen, hantxe bizi bainaiz orain. Hauxe izan da niretzat uda honetako aurkikuntza. Harrituta geratu naiz zelango gorabeherak bizi izan zituen Jose Antonio Agirrek Gestaporen atzaparretatik ihes egiteko.

Ikusten duzue. Liburuek atsegina ematen didate, entretenimendua eta gauzak ikasteko aukera. Pena hartu nuen Hire liburu denda itxi zutenean, eta poza hartu dut, berriz, Elkar ireki dutenean Erdiko kale honetan. Sarri joaten nintzen Hirera, eta ahal dudan guztietan etorriko naiz Elkarrera.

Zorionak Elkarri halako denda txukuna irekitzearren, eta mila esker ekitaldi honetara gonbidatu gaituelako. Zorterik onena opa dizuet.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Flickr txarteltxoak

Moo moldiztegi birtual bat da eta erabil liteke negozio txartel txikiak egiteko, zure Flickr argazkietan oinarrituta. Lau pauso besterik ez, txartel txikiak lortzeko. Prezioa ere ez da txarra: 100 txartel 20 dolarretan.
Lau pauso eman besterik ez duzu txartelak moldatu eta eskaria egiteko:

  1. Sartu programan, Flickr kontua erabilita eta aukeratu zure argazkiak.
  2. Aukeratu non moztuko dituzun argazkiak, molda daitezen txartelaren neurrira.
  3. Pertsonalizatu zure datuak txartelaren atzeko aldean.
  4. Erosi. Sartu xehetasunak nola egin garraioa, eta kito.

Hemen ikusi ahal duzu jendea nola ari den erabiltzen txarteltxoak.

Post scriptum: Moo horrek ez du zerikusirik Balantzategi baserriko behi famatuarekin, hari Mo deitzen baitzion Soeur Pauline Bernardette moja zuberotarrak Behin euskaldun baten memoriak liburuan

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Itsasoari begira

Orain pare bat hilabete ipotxean sartu nuen, beste abesti batzuekin batera. Harrezkero, ipotxa hartzen dudan bakoitzean, harrikoa egiteko gehienetan, abesti hori entzuten dut, Itsasoari begira. Benito Lertxundiren azken diskoan dator, eta prendatuta nauka.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Migrazioa, eginda

Gaurgero Faroa beste plataforma batean oinarritzen da, Bitakora izenekoan, Goiena.net webguneko beste blogak bezala. Datozen egunetan ikusiko dugu zer moduz moldatzen garen plataforma berriarekin. Zorionak Goiena eta CodeSyntax enpresei, dena hain erraz eta ondo eramatearren.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Segapotoa eta autoa, uztargaitzak

Uste baduzu gai zarela autoa gidatu bitartean telefonoz hitz egiteko, saiatu irakurtzen alboko iragarkia lerroz lerro (eta ulertzen, noski).

Lerro beltzek diote: sakelakoan hitz egiten ari zarenean lau aldiz aukera gehiago duzu trafiko istripua izateko.

Lerro urdinek, berriz: zaila da bi gauzatan batera kontzentratzea. Iragarki bikaina.

Orain bi hilabete-edo erabaki nuen sekula ez erantzutea sakelako telefonoari autoan bakarrik noala. Eta ohartu naiz horregatik ez dudala ezer garrantzizkorik galdu.

Horrelakoetan, hobe gainetik astintzea segapotoak ekarri digun antsietatea, une oro denen esku egon behar hori. Via Arloo!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Flock nabigatzailea

Blogaria bazara, Flickr eta del.icio.us erabiltzen badituzu, eta nahi baduzu agregatzaile bat eduki zure nabigatzailean eduki, Flock gustatuko zaizu. Flock da nabigatzaile bat, dezente zor diona Firefoxi. Flock erabiltzea, berriz, beste era bateko esperientzia da, osoagoa, oso ondo erabiltzen du-eta Web 2.0 teknologien potentziala.

Azken aldi honetan Camino izan da nire nabigatzailea, hori Mozilla fundazioak sortua, baina atzo ezkero, Flock-ek hartu du haren lekua. Itxuraz, antz handia du Caminorekin, baina Flock horrek beste hainbat abantaila eskaintzen dizkit:

  • Bilatzaile ezin bizkorragoa. Idazten hasteaz batera, hasten agertzen dira emaitzak.
  • Flickr txertatua du nabigatzailean, eta oso erraza da bertatik ikustea norberaren edo inoren argazkiak. Baita berauek igotzea ere, nabigatzailetik irten barik.
  • Agregatzailea ere barruan du, eta ez dio inbidiarik Bloglinesi.
  • Aukera ematen du bertatik idazteko norberaren blogean. Hau ondo dabil Blogger eta beste hainbat plataformatan, baina oraindik ez Coreblogen. Zoragarria izango litzateke CodeSyntaxek bateragarriak egingo balitu Bitakora eta Flock, kasu horretan, datorren astetik aurrera, gozamen hutsa izango bailitzateke Faroan posteatzea nabigatzailetik irten barik.

Badut, hala ere, pena bat gogokoen karpetekin. Caminon (Firefoxen bezala) oso ondo kudea daitezke karpetak gogokoenen barran. Hemen, ordea, beste modu batean antolatzen dira, ez hain ondo, nire gusturako.

Alde positiboak, baina, dezente ugariagoak dira negatiboak baino. Horregatik, gomendatzen dizuet proba egitea Flock nabigatzailearekin. Windows, Linux eta Mac sistemekin dabil ondo.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin