iPod: bost urte oparo

Orain bost urte jaio zen iPod musika jogailua. Hura zuria zen eta handi samarra. Gurea, berriz, txikiagoa da, Mini izenekoa, eta, egia esan, oso pozik gabiltza tramankulu txiki horrekin. Harrikoa egin bitartean, edp bakarrik paseatzen ari naizela, sarri erabiltzen dut ipotxa, eta gozatu egiten dut, bikain entzuten baita.

Lehen aldiz bestalde, eta baliaturik bosgarren urteurren hori, bideo bat kokatu dut Faroan, Steve Jobsek lehen iPod zuria iragarri zuenekoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Irudi-hiztegi bat: Google Images

Oraingoan ez, Googlek ez du atera hiztegi bat bere zerbitzuen artean. Hala ere, Google Images erabil daiteke irudi-hiztegi moduan hitzen bat ulertzen ez dugunean, hor aurkituko ditugu-eta, seguruenik, hainbat irudi, eta horiek lagunduko digute hitza hobeto ulertzen.
 
Egin aproba. Ireki Google, aukeratu Images eta idatzi horko hutsunean hitz hauek:

 Agertzen diren irudi guztiak ez daude lotuta eskatutako hitzarekin, baina gehienek balio dute kontzeptuak irudikatzeko. Euskara ere erabil daiteke, nahiz eta euskarari lotutako irudien gordailua askoz ere txikiagoa den.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Ezkonberritan

Ezkonberriak etxera iristen dira eta orduan gizonak diotso emazteari:

—Nahi baduzu nirekin bizi, baldintza hauek bete behar dituzu: Astelehen eta asteazken gauetan kafea hartzera joaten naiz nire lagunekin. Astearte eta ostegun gauetan futbolean jokatzera, eta ondoren Julenen etxera afaltzera. Ostiral eta larunbatetan tabernara jaisten naiz txikito batzuk hartzera. Eta igandeetan lo egitera joaten naiz goiz, atsedena hartzeko premia izaten dut-eta. NAHI BADUZU, ONDO; ETA BESTELA ERE BAI.

—Orduan emazteak erantzuten dio: niretzat arau bakarra dago. Etxe honetan, gauero egiten da txortan. HEMEN BAZAUDE, ONDO; ETA BESTELA ERE BAI.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Go pikutara!

Beribilean noala entzuten dut eta, egia esan, aditzen dudan bakoitzean harritu egiten nau, eta haserretu. Euskadiko Kutxaren azken iragarkia da. Go gora eta go behera ari da, “go bazara…” Nik ez dut piperrik ere ulertzen. Zer da go izatea?

Azken aldi honetan ez dabil asmatzen Euskadiko Kutxa publizitatea egiterakoan, eta kezkatzekoa da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 5 iruzkin

Abade martxosoa

Abademartxosoa.jpg
Erlijio kontuetan Herbereheak gu baino aurreratuago ikusi ditugu maiz, bai behintzat eliza katolikoari dagokionez. Garai batean Holandako katiximak harrotu zituen hautsak Europa zaharrean. Gaur, berriz, Roderick Vonhögen abade gaztea egin da famatu, goizero egiten duen pokastinari esker, zeinak irabazi baitu Herritarren Saria Pokastin Erlijioso Onenari.

Aita Roderick Utrecht-eko Artxibarrutitik mintzatzen da egunero 30 minutuz, eta, egia esan, gai asko jorratzen ditu: musika, albisteak, telesaioak, bideojolasak, historia, osasuna, zientzia fikzioa… Entzun, eta igarriko duzue abadea martxosoa dela oso.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Gizakom berritua

Gizakom blogak urtebete eta erdi egin du dagoeneko, eta merezi zuen aldaketa txiki bat. Horretarako, aprobetxatu dut Blogger-ek aukera eskaintzen duela oinarriz aldatzeko. Orain askoz ere errazagoa zait blogaren itxura editatzea, sartu beharrik gabe, lehen bezala, plantillaren HTML edo CSSetan.

Gizakom bloga 2005ean sortu genuen Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean, Giza Zientzien berri emateko. Oraindik ere horretan segitzen du, Humanitateak-Enpresa, Informazioaren eta Komunikazioaren Humanitateak eta Ikus-entzunezko Komunikazioa gai dituela, hiru karrera horiek osatzen dituzte-eta Giza Zientziak HUHEZIn.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

AEBen irentsi beharra

Aste honetan Ameriketako Estatu Batuak 300 milioi bizilagun izatera iritsiko dira, planetako hirugarren herrialderik populatuena, Txina eta Indiaren atzetik. Hala ere, atzoko La Vanguardia irakurtzen hiru datuk eman didate atentzioa:

  • AEBen biztanleria da planetako populazioaren %4.
  • AEBek kontsumitzen dute planetako petrolioaren %25.
  • Lurreko bizilagun guztiok kontsumituko bagenitu amerikarrek beste baliabide natural, beharko lirateke lau planeta gurea bezalakoak asetzeko jendartearen irentsi beharra.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Eztanda autobidean

Atzo eguerdian gure amak sekulako ezustekoa izan zuen, etxean bakarrik zegoela, Mondragoen. Gorraize handia duenez, entzun baino sentitu egin zuen izugarrizko eztanda, eta jakin zuen ohi baino dezente handiagoa izan zela, lurra besteetan baino dardar handiagoa egin zuelako.

Balkoira irten zenean konturatu zen balkoi guztietan zegoela norbait, denak jakinmin berak jota. Aurrekoetan bezala, dinamita izan zen eztanda eragilea, baina atzokoan kalteak handiagoak izan ziren, teilatuetan eta beribiletan, harriak oso urruti zabaldu baitziren.

Eibar-Gasteiz autobidea egiten ari dira inguru horretan, eta takian-potian entzuten dira horrelako eztandak. Kontua da kasurik gehienetan enpresak jakinaren gaineran jartzen duela Udaltzaingoa eztanda egin aurretik, trafikoa geratu eta behar diren neurriak hartzeko. Atzo, berriz, abisurik ez eta tiroa, itzela, inoiz baino handiagoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Kendu egin dituzte plakak

Txantxibiri kalea, Elorrion

Elorrioko alkateari ez zitzaion gustatu orain astebete pasatxo egin genuen festa Txantxibiri kalea zela eta. Kritika somatu zuen gure jaian, bere gestioari egindako kritika, eta bi egun igarota udaltzainak bidali zituen Txantxibiri kaleko plakak kentzera. Zoritxarrez, ez du ulertu guk ez dugula oraingo udalbatza bakarrik kritikatzen, baizik eta azken 25 urteotan izan ditugun udalbatzak, horietako batek ere ez baitu kontuan hartu gure kale zatia, zuloak egiteko ez bada.

Plakak gorabehera, datorren urtean beste jai bat egingo dugu, aurtengoa baino hobea, eta plakak beren lekuetan ipini.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Bibliografia Mondragon fenomenoari buruz

Google Books aplikazioa oso interesgarria da liburuen berri jakiteko. Beroni esker, konturatu naiz nazioartean asko idatzi dela Mondragoeren gainean, batik bat gure herrian sortutako kooperatibei buruz. Mondragon hitza sartu dudanean liburu bilatzailean, Googlek aurkitu ditu 16.300 orrialde non aipatzen baita Mondragon hitza. Batzuk liburuak dira, beste batzuk aldizkari artikuluak, kritikak, etab.

Kazetari, irakasle eta ikertzaileek kontuan hartu aplikazio hau, Google Books, baliabide eraginkorra izan dakizueke-eta zuen lanean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina