Alexandrian, kalakan

Laster hogei urte beteko dira Alexandrian izan ginela, Egiptoko portu entzutetsuan. Trenez abiatu ginen Cairotik, eta pare bat orduan Alexandrian ginen. Eguna garbia zenez, osteratxo bat egin genuen itsas bazterrean, Egiptoko azken erregearen jauregiraino.

Asko ibili ginen egun hartan, batik bat itsas bazter zaharkituan, eta, gutxi-asko, espedizioko gehienok saiatzen ginen irudikatzen garai bateko liburutegia eta bere inguruak. Arratsaldean, berriz, tren geltokira hurbildu ginen, Cairora bueltatzeko. Eta orduan gertatu zitzaigun ondorengoa:

powered by ODEO
Gizon hark, ni baino jantziagoa eta zuhurragoa, ikusarazi zidan ergelarena egiten ari nintzela eta neu izango nintzela horren erantzulea. Harrezkero, zuhurrago jokatu izan dut beti atzerrian.
tagzaniapaste
Alexandria map – Tagzania

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Misioa

Misioa da erakunde baten izateko arrazoia, eta adierazten du zertarako sortu den erakunde hori. Erakusten du garbi erakunde horrek zer helburu iraunkor dituen, eta bereiztu egiten du beste erakundeetatik. Hona hemen hiru enpresaren misioak, hirurak leihakide gogorrak: Google, Yahoo! eta Microsoft.

  • Google: Googleren misioa da antolatzea munduko informazioa eta edonoren bideragarri eta eskuragarri jartzea.
  • Microsoft: Microsoft-en lan egiten dugu mundu osoan pertsona eta negozioei laguntzeko euren gaitasun osoa garatzen. Horixe daukagu misioa. Edozer gauza egiten dugula islatzen dugu misio hori eta berori egiten duten balioak.
  • Yahoo! Guk misiotzat daukagu denik eta zerbitzu globalik funtsezkoena izatea Interneten kontsumitzaile eta negozioentzat.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Etorkizuna

Lehendabizi, aitorpen bat: askoz ere gehiago kostatzen zait ipuinak irakurtzea eleberriak irakurtzea baino. Nire arazo bat izango da, baina halaxe da. Hori esanda, bigarren aitorpen bat: oso gustura irakurri dut Iban Zalduaren azken ipuin liburua, Etorkizuna, Alberdania argitaletxeak plazaratua. Azken gaixoaldiaren ondoren irakurri dut, irakurraldi pare batean.

Gustatzen zait Ibanek duen idazkera bizkorra eta begirada berezia. Orobat, zer ahalmen duen ezustekoak emateko. Lehendik irakurria nion saio bat, zoragarria, zientzia fikzioaren gainean, oker ez banabil Hegats aldizkariak argitaratua, baina hau izan da lehen liburua irakurri diodana, eta merezi izan du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Suizidio gozoa

Nork pentsatuko suizidioa lagun artean eta maitasun giroan ere gerta zitekeela, baina bai, Karen Janoch emakumeak horixe erakutsi digu. Hobeto esanda, The New York Times egunkariak erakutsi du Karenen kasua dokumentu multimedia hunkigarri batean.

Luistxo Fernandezen azken kronika irakurtzen ari nintzela, klik egin nuen berak proposatutako adibide batean, zein The New York Times egunkarian agertu baita flash teknologia erabilita, eta zur eta lur geratu nintzen, batez ere azken biekin, izan ere dokumentu horietan Karen Janoch emakumeak kontatzen du zelan bizi izan den, zelan gaixotu zen minbiziaz, eta zelan erabaki zuen bere buruaz beste egitea.

Azken dokumentua —Karen’s end, Karenen azkena— hunkigarria da benetan, bertan ikusten baita zelan hiltzen den Karen, hainbat lagunez inguratuta. Oregon estatuan, AEBetan, legezkoa da suizidioa, gaixoari sei hilabete baino gutxiago ematen zaionean. Dokumentuaren azken uneak NYT egunkariko kazetariak kontatzen ditu, ezin hobeto. Ahal baduzue, ikusi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Azken hitzordua

A zer nobela puska irakurri dudan egun hauetan, gaixorik nengoela: Azken hitzordua, Sandor Marai idazle hungariarrak idatzia eta Igela argitaletxeak argitaratua. Hariaren garapenak harritu nau, eta orobat harritu nau idazleak zenbateraino ezagutzen dituen giza izaeraren barrenak. Zorionak Xabier Olarrari, bera baita itzultzailea eta argitaratzailea aldi berean. Arlo bietan lan bikaina egin du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

SMSen gainbehera?

Nuance izeneko enpresa batek sortu du teknologia bat sakelako telefonoentzat, eta horren bidez telefonoak testu bihurtzen ditu norberak esandako hitzak. Ez teklaturik, ez eta idatzi beharrik ere. Bideo honetan duzue froga bat, bertan ikusten baitira SMSa eta teknologia berria lehian. Ikusgarria. Hala ere, zuek ere egin ahal duzue froga hemen klik eginda, hor agertzen den demoan.

Nuancek 99 dolarretan saltzen du software hori, baina ez nintzateke harrituko laster agertzen bada sarean Web 2.0 enpresa batek eskainia. Oraingoz ingelesez, jakina.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Zorionak!

Bi urte pasatu dira gaur bezalako egun batean Faroa piztu nuenetik, eta berrogeita hamalau urte munduratu nintzenetik. Gaur azaroak zortzi ditu, eta nire urtebetetzea da. Zuek ere ondo pasatu eguna!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 20 iruzkin

Pneumoniak jota, ohean

Hau da, hau! Joan den ostegunean pozik idatzi nuen hainbat urteren ondoren, lasterka egin nuelako Urkulu urtegiko itzulia. Ostirala ezkero, berriz, ohean nago pneumoniak jota. Zazpi egunez antibiotikoak hartu beharra daukat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Andoainen esandakoak Web 2.0ren gainean

Ostegun iluntzean mahai inguru bat egin zen Andoainen, Bastero kultura etxean. Gaia: Web 2.0: Interneten bigarren iraultza. Hona hemen nik han esandakoa.

Eskerrik asko, Nekane. Arratsalde on denoi. Hasi aurretik, eskerrak eman nahi dizkiet Andoaingo Udalari eta Euskal Kultur Erakundeari mahai inguru hau antolatzeagatik, ez baitira egunero jorratzen horrelako kultura ekitaldietan Web 2.0 bezalako gaiak.

Eta, beste barik, hasi egingo naiz, denbora gutxi daukat-eta azaltzeko zer den Web 2.0 eta zer erremintak osatzen duten.

Web 2.0
Argi dago Web 2.0 baldin bada, aurretik Web 1.0 izan zela. Seguruenik jakingo duzue hasieran Internet zela, AEBetako Armadak lehenbizi eta hango unibertsitateek gero erabili zuten, baina gero, 1991n, horren gainean, ingeles batek, Tim Berners-Leek, asmatu zuen World Wide Web, sarea, alegia. Eta horrekin eragin zuen aldaketa bat askoz ere handiagoa bere garaian Gutenberg moldiztegiaren asmatzaileak eragin zuena baino.

Izan ere, sarea asmatu bezain laster asmatu ziren aplikazio batzuk —posta elektronikoa eta web nabigatzaileak— eta horiek zaharkitu bihurtu zituzten beste asmakizun zoragarri batzuk, esate baterako, faxa.

Sareak aldatu egin du, erabat, gure komunikatzeko modua. Ni oso eskutitz zalea izan naiz beti, baina azken urteotan ez dut gutun bat ere idatzi. Mezu elektronikoak, berriz, milaka eta milaka. Nigatik balitz, posta zerbitzuak hondoa joko luke.

Kontua da hasierako hamar urteetan sarea zurrun samarra zela, gaur ikusten dugun moduan, webgune bat egiteko gauza arraroak jakin behar ziren, HTML esate baterako. Baina azken hiru urteotan aplikazio multzo bat agertu da, beste modu batekoa, eta aplikazio multzo horri deitzen diogu Web 2.0 Baina zer da Web 2.0? Elgoibartar batek horrela definitu zuen bere blogean: Web 2.0 da web aplikazio multzo bat, erraza, eta laguntzen du lanak sortzen eta partekatzen.

Web aplikazio multzo bat esan dugu. Ikus dezagun. Aplikazio bat da programa bat eta balio du funtzio bat egiteko: idazteko, kalkuluak egiteko, argazkiak lantzeko, etab. Orain arte aplikazioak ordenagailuan sartzen genituen, hemen egoten ziren: Word, Excel, Photoshop, QuarkXpress… Baina Web 2.0 moduko aplikazioak ez daude gure ordenagailuetan, baizik eta hor kanpoan, zerbitzari batzuetan, nonbaiten sarean.

Zer aplikazio
Ikus dezagun orain zer aplikazioren gainean ari garen Web 2.0az hitz egiten dugunean:

  • Blogak adibidez. Blogak dira webgune batzuk, plantillatan datoz aurretik eginda, eta hor edukiak modu kronologikoan ordenatzen dira: berrienak goian eta zaharrenak beherago. Jendeak erantzun egin dezake bertan eta beste batzuek erantzun horri erantzun, eta horrela elkarrizketa etengabea sor daiteke blogen inguruan. Gainera, blogak elkarren artean lotzen dira, loturak erabilita. Blogak  pertsonalak izan daitezke edo taldekoak. Baita tematikoak ere. Euskaraz hainbat zerbitzu daude blogak sortzeko. Garrantzitsuenak Blogari.net eta Blogak.com. Dagoeneko, gainera, hainbat komunitate daude: Eibar.org, Goiena.net, Uztarria.com, Berria, Dantzan
  • Google Calendar. Orain egutegi bat sortu ahal dugu sarean eta gure lagunekin, edo mundu osoarekin partekatu. Nik, adibidez, bost egutegi dauzkat sortuak: bata nirea da, partikularra eta pribatua; beste bat MUniversitas, partekatzen dut beste sei lagunekin, kudeatzeko aldizkari baten denborak. Eta beste bi publikoak dira, eta hor agertzen dira bi taldetan ematen ditudan eskolak. Edozeinek sor dezake egutegi bat eta lagunekin edo lankideekin konpartitu.
  • del.icio.us. Aplikazio hau da faboritoen zerrenda erraldoi bat, baina manejatzeko erraza, etiketa bidez manejatu ahal dugu-eta, guk sortutako etiketak. Baina hainbeste jende dabil programa honetan irakurgaiak uzten eta sailkatzen, besteek gordetako irakurgaiak aprobetxatu ditzakegu geure probetxurako. Datu base erraldoi bat sortzen ari da del.icio.us-en, eta hor denok dugu irabazteko.
  • Bloglines. Hau da agregatzaile bat, eta honen bidez sailkatu egin ditzaket nire informazio iturriak. Beraz, honen bidez askoz ere informazio iturri gehiago irakur ditzaket egunean, eta denbora gutxiagoan. Gauza bera gertatzen da Aurki.com agregatzailean, hor jasotzen baitira sarean euskaraz sortzen diren informazio gehienak.
  • Flickr. Hau da nire programarik kutunetako bat, aukera ematen didalako nire argazkiak mundu guztiarekin konpartitzeko: familiarekin, lagunekin eta mundu guztiarekin. Joan den udaberrian, adibidez, lagun koadrilla handi bat elkartu ginen gure arrebaren baserrian, tartean Irizartarrak, laguntzeko baserriko lagunei mahastia garbitzen. Baina irizartar bat falta zen, Imanol, joana baitzen hilabete pare bat lehenago Nevadako Unibertsitatera. Egun hartan argazki mordoa atera nituen, eta, Imanol gogoan, arratsaldean bertan, sartu nituen Flickr-en, Imanolek ikus zitzan. Mezu bat bidali nion, jakin zezan non ipini nituen argazkiak. Handik ordu batzuetara, Imanol jaiki zenean, mezua jaso eta argazkiak ikusi zituen. Badakit sekulako poza sentitu zuela argazki haiek ikusitakoan, erbestean dagoenak sentitzen duen poza. Nik ere, hori jakinda, pozik geratu nintzen.
  • Tagzania. Hau da Web 2.0 honetan Euskal Herriak sortu duen aplikaziorik arrakastatsuena. Eibarko enpresa batek sortu du, CodeSyntaxek, eta munduan jende mordoak erabiltzen du, mapak sailkatzeko: nondik nora ibili zaren oporretan, zure jaiotetxea, halako jauregia…
  • Odeo. Aplikazio honek uzten digu ahotsa grabatzen eta sarean ipintzen. Bestela esanda, sareko irratia. Honekin, edonork sor dezake bere irratitxoa eta blog batean ipini, jendeak entzuteko.
  • YouTube. Gazteak batez ere, trumilka ari dira aplikazio hau erabiltzen berek egindako bideoak eskegi eta mundu guztiaren bistan ipintzeko. Hainbesteko arrakasta lortu du, ze telebista konpainia handiak ere hasi dira berau erabiltzen beren produktuak erakusteko. Adibidez, idazten badugu Wazemank bilatzaile honetan, aurkituko ditugu hainbat esketx saio horretakoak ikusteko moduan. Gainera, YouTuben ipinitako bideoak blogetan ere eskegi ditzakegu.
  • Wikiak. Wiki bat da webgune bat, baina edonork alda dezake bertako edukia. Blog batean erantzun egin liteke, baina ez aldatu jatorrizko informazioa. Wiki batean bai. Eta horren adibiderik onena da Wikipedia, munduko entziklopediarik handiena eta osoena. Baina harrigarriena da entziklopedia hori herritarrok egin dugula, munduko herritarrok, eta etengabe ari garela eguneratzen, doan, musu truke. Horra zer aukera ematen dituen horrelako entziklopedia batek informazioa trukatzeko eta partekatzeko. Informazioaren gizarteratzea edo sozializazioa.
  • RSS. Hau guztiau posible da XML hizkuntza bati esker. Ikusten duzuenean txirinbolo laranja bat webgune batean, horrek esan nahi du horren atzean XML edo RSS hizkuntza dagoela. Hori darabilten webguneetan harpidetu egin gaitezke eduki horietara. Horri esker, informazioa zabaltzen da urbi et orbi.
  • Etiketak. Web 2.0 alorrean etiketak ezinbesteko bihurtu dira. Informazioari etiketak ipintzen dizkiogu, gaiaren arabera. Eta etiketa horiek lagunduko digute gero informazioa berreskuratzen. Gurea eta edonorena.

Besterik ez. Eskerrik asko zuen arretagatik. Nahi baduzue hitzaldi honekin batera erabili nuen aurkezpena, hemen duzue.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Urkulun lasterka

tagzaniapaste
Urkulu map – Tagzania

Herenegun eguerdian Urkulun izan nintzen, Aretxabaletak Aozaratza auzoan duen urtegian, eta han buelta eman nion urtegiari lasterka, zazpi bat kilometro guztira. Lauzpabost urte izango ziren azken aldiz Urkulun izan nintzenetik, eta aldatuta aurkitu nuen ingurua, lehen baino txukunago. Bidea ondo asfaltatuta dago orain, bide gorri eta guzti, aparkalekuak, jolastokiak… Eguraldia ere primerakoa zen, udazken betea.

Ibili azken aldi honetan baino bizkorrago ibili nintzen, ez bainekien zenbat denbora beharko nuen itzuli osoa egin eta ondoren bazkaltzeko. Hori zela eta, zenbait unetan hauspoa beteta igarri nuen. Ia 38 minutu behar izan nituen, garai batean baino gehiago, baina pozik amaitu nuen, itzulia nintzelako paraje eder hartara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina