Vancouverko mozkorraldi hura

Juan Luis Zabalak egindako gonbitari erantzunez, nik ere bost kontutxo ekarriko ditut hona, ezezagunak askorentzat.

1. Itsasoa. Zazpi bat urte izango nituen itsasoa lehen aldiz ikusi nuenean. Deban izan zen. Amak hartu gintuen Fatima arreba gaztea eta biok trenean Debaraino. Treneko leihatilatik ikusi nuen masa urdin hura, eta usaina ere gogoan dut, oso bestelakoa zelako niretzat. Zur eta lur geratu nintzen. Hantxe igaro genuen eguna, hondarrean jolasean eta uretan sartu-irtenak egiten, amaren begiradapean beti. Egun zoragarria izan zen.

2. Seminarioa. Urte batzuk geroago, 1963an izango zen, Saturraranera joan nintzen, apaizgaitegira. Hirurogei ikasletik gora sartu ginen nire kurtsoan, denak abade izateko gogoarekin. Haietatik baina, bat bakarra abadetu zen, nahiz eta gaur egun berak ere utzia duen abadetza.

3. Iruzurrezko ordezkatzea. Batxilerra amaitzen ari nintzela, behin lagun baten ordez sartu nintzen frantsez azterketa egitera Peritos eskolan, Donostian. Laguna Mondragoekoa zen, eta ikasten ari zen Industria Ingeniaritza. Ezin frantsesarekin baina, eta arrren eta arren etorri zitzaidan azterketa bere ordez egiteko, bestela ez zuela-eta titulurik aterako. Azkenean, amore eman nik. Kaka eginda sartu nintzen Peritos eskolan, nire argazkia neure lagunaren nortasun agirian nuela. Ona nintzen frantsesean eta di-da egin nuen azterketa, eta baita samur gainditu ere. Hilabete geroago irakasle bera egokitu zitzaidan frantses azterketan, Preu gainditzeko. Orduan ere kaka eginda ni, ezagutuko ote ninduen beldur.

4. Ingelesa. Uda zen, 1980koa, eta gu Hagan geunden, Holandan, lagun batzuen etxean astebete pasatzen. Ingelesa zen gure arteko hizkuntza, baina nik ez nuen tutik ere ulertzen, eta hain txarto sentitu nintzen harrizko gonbidatua izaten, hantxe bertan erabaki nuen, Begorekin batera, ingelesa ikasi behar nuela. Urtebete itxarongo genuen Begok enpresa ikasketak amaitu arte, eta Ingalaterrara joango ginen elkarrekin. Horiek ziren gure asmoak, baina azkenean Boisera joan gu, AEBetara. Urtebeterako joan ginen, baina bost egin genituen atzerrian: AEBetan, Kanadan eta Israelen.

5. Lehen mozkorra. Nire lehen mozkorra, eta bakarra uste dut, Vancouverren harrapatu nuen, Kanadan, Aberri Egun batean. Lagun euskaldun batzuen etxean geunden gonbidatuta, beste euskaldun batzuekin batera. Arratsaldeko bostetan hasi ginen edaten, eta goizeko laurak arte, geratu barik jardun genuen. Trago bat egiten nuen aldiko, bete egiten zidaten basoa albo bietako lagunek. Konturatu nintzen mozkortuta nengoela, lehen aldiz jaiki nintzenean komunera joateko, kosta egiten zitzaidan-eta zuzen ibiltzea. Zorionez, etxeko jabeek eskaini ziguten beren etxea gaua pasatzeko. Hurrengo goizean sekulako buruko mina nuen, eta apenas gogoratzen nuen ezer. Begok esan zidanez, bertsotan ere ahalegindu nintzen. Begira zelan egongo nintzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Blinkx, bideo bilatzaile bizkorra

Bideo ehizan ibiltzen zaretenak, pozik egon zaitezkete, aplikazio paregabe bat sortu baita: Blinkx, bideo bilatzailea. Enpresak berak dioenez, 7 milioi ordu ditu bilatzeko moduan, 200 telebista eta eduki sortzailerekin egindako hitzarmenei esker. Beraz, YouTube eta Google Video ez ezik, denetariko bideo iturriak aurkituko dituzue hemen. Gustuko baduzue, gorde gogokoenetan eta erabili.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Hamaika ikusteko XXI. mendean

Prospektiban irakurri dut, Eneko Astigarragaren blog beti interesgarrian, mende honetan zenbat berrikuntza ikusiko ditugun, Eric de Riedmatten adituaren arabera:

  • Eskuko telefonoa belarrian txertatua (2012).
  • Aldibereko itzultzailea (2019).
  • Ehun argitsuak (2026).
  • Odol artifiziala (2018).
  • Etiketa adimentsua (2037).
  • Lehen giza kokalekuak Marten (2030).
  • Hiri girotuak (2035).
  • Gizakiaren autokonponketa (2079).
  • Garun txertoak (2082).
  • Argindar hari bakoa (2020).
  • Lehen beribil erabili eta botatzekoa (2098).
  • Lur azpiko bidaiak (2058).
  • Jolas-hegaldiak espaziora (2067).

Gustatzen zaizkit horrelako iragarpenak, nahiz eta badakidan noiz edo behin gainera etorriko zaizkigula hainbat berrikuntza iragarri gabeak, Internetekin gertatu zitzaigun legez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Copyright auzitan

Joost Smiers irakasle holandarrak, zeinak irakasten baititu Artearen Zientzia Politikoak Utrecht-eko Arte Eskolaren Ikerkuntza eta Ekonomia Taldean, liburu bat kaleratu berri du gaztelaniaz Gedisa argitaletxean: “Un mundo sin copyright”.

Smiers-en iritziz, ezabatu egin behar da copyright delakoa, “sistema horrek soilik egiten baitie mesede kultura enpresa handiei, eta ez artistei”. Informazio gehiago liburu horren gainean, hemen.

Copyright-copyleft
Zein da baina, alternatiba copyright horri? Ezagunena, baina ez bakarra, copyleft izango da. Horra zer diren bai bata eta bai bestea:

  • Copyright: Arau eta printzipio multzoa da zeinak arautzen baititu legeak autoreei emaniko eskubide moral eta ondarezkoak, sortzeagatik obra bat literarioa, artistikoa edo zientziazkoa.
  • Copyleft: Lizentzia taldea da eta nahi du garantizatu edozein pertsonak, hartzen badu kopia bat lan batena, egin ditzakeela erabili, aldatu eta berriz banatu lan bera eta bertatik segitzen diren bersioak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Blogosferak, 10 urte

Laster blogosferak 10 urte beteko ditu. Izan ere, 1997ko apirilaren 1ean Dave Winer-ek argitaratu zuen lehen mezua Scripting News Interneteko lehen blogtzat jotzen den agerkarian. Gehiago jakin nahi baduzue blogosferaren historia laburraz irakurri José Luis Orihuela irakaslearen artikulu hau.

Hamar urte hauetan 62 milioi blog baino gehiago sortu dira sarean, baina denak ez daude modu orekatuan banatuta munduan. Bideo honetan ikus daitekeenez, zeinera iritsi bainaiz Biz Ston-en bidez, mundu aberatsean hedatu da blogosfera batez ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Kainismoa

Gure auzoko Txapasek esango lukeen moduan, “de puta a puta, taconazo”. Horrela bide dabiltza Eusko Alderdi Jeltzalean Gipuzkoako ahaldun nagusiaren ondorengoa dela eta. Jon Jauregiren gaineko susmoak kaleratu zirenean, lehenengo gauza pentsatu nuen informazio hori EAJtik bertatik irten zela, eta horrela esan nion Begori. Herenegun Joseba Egibarrek berak gauza bera esan zuen, alegia, Jauregiren gaineko txostena bere alderditik irten zela.

Alderdian baten batek erabaki du Jose Joan Gonzalez de Txabarri ez bada hautagai egokia ahaldun nagusi izateko (Joseba Egibarren sokakoek horrela iritzita), Jon Jauregi ere ez zela egokia. Odolkiak ordainetan. Alderdi baten barruan horrelako putakeriak egiten badizkiote elkarri, zer ez diete egingo etsaiei?

Postdata: gaurkoan kainismoa azpimarratu nahi nuen, anai-arreben arteko burruka, aginte goseak eragina. Horregatik aipatu ere ez ditut egin “gardentasuna” eta “ustelkeria” bezalako berbak, nahiz eta harira etorri kontu honetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Egoak hegan

Arrakastak zorabioa dakar. Barça izan zen iazko futbol talderik distiratsuena Europan. Aurten elkarri mokoka dihardute hango oilarrek. Bistan da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Bi liburu gomendagarri

Azken aldian bi liburu irakurri ditut zein baino zein gusturago. Biak bada, gomendatzeko modukoak:

Mutiko autista baten gorabeherak
Txiripaz erosi nuen liburu hau —Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia, Mark Haddonek idatzia eta Igelak argitaratua— denborapasa gisa okulistaren itxaron gelarako. Hasieratik harrapatu ninduen, hizkerak, hariak berak eta idazteko moduak. Erakargarri egin zitzaidan, oso, mundua autista baten ikuspegitik ikustea. Gainera, zelan atal laburrak dituen, berehala irakurri nuen, hiruzpalau egunean.

Aingeru Epaltzaren mailukada
Liburu hau ere ziztu batean irakurri dut —Mailuaren odola, Aingeru Epaltzak idatzia eta Elkar argitaletxeak plazaratua— hain egin zait-eta gustagarri. Historia heroismorik gabea, gordina eta iluna. Nafarroako erresumaren gorabeherak Albako dukeak Nafarroa Handia konkistatu zuenetik Gaztelako erregerentzat, dena sasiko batek kontaturik. Axular ere agertzen da, eta, egia esatera, erakargarria egin zait haren bizitza, ez dakit zenbateraino fikzionatua. Higanoten eta papisten arteko gerra ere interesez irakurri dut, ez bainuen horren berririk Euskal Herriari dagokionez. Aingeru Epaltza idazle handia da, eta bere idazkerak gozatu ederra eman dit. Bi gauza eskatuko nizkioke, hala ere: liburuaren bigarren ediziorako alda diezaiola azala liburuari eta idatz dezala lehenbailehen liburu horren jarraipena, ni behintzat zain nauka eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 4 iruzkin

Creative Commons

Joan den osteguna ezkero blog honetako edukiak Creative Commons lizentziapean daude. Horrek esan nahi du: irakurlea aske da hemengo lanak kopiatu, banatu eta jendaurrean zabaltzeko eta lan eratorriak egiteko, hau da, hemengo lanetan oinarritu beste garatuagoak sortzeko. Flckr argazki sortaren azpian dagoen logoak hori adierazten du, blog honen eskuin zutabean.

Baldintzak
Hori bai, askatasun horrek baditu zenbait muga:

  • Aitortu. Hemengo lanak kopiatzen dituenak aitortu behar du nor den lan horien egilea.
  • Partekatu baimen beraren arabera. Lan hau aldatuz gero, edo lan eratorri bat sortuz gero, sortutako lana banatu ahal izango da soil-soilik baimen honen berdin-berdineko baten mende.
  • Lana berrerabili edo banatzerakoan, argi eta garbi utzi behar da lan honen baimenaren baldintzak.
  • Baldintza hauetakoren bat ezarri gabe utz daiteke, egile eskubideen jabeak hartarako baimena emanez gero.

Eskerrik asko Mikel Iturria eta Garikoitz Araolaza lagunei CC azaldu eta logoa ezartzen emandako laguntzagatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Dantzan.com

Atzo Oier Araolaza ezagutu nuen. Banuen bere aditzea, blogari moduan eta dantzari bezala, baina inoiz berarekin berba egin barik nengoen. Berak sortu du Euskal Herriko webgunerik politena, eta interesgarrienetako bat: Dantzan.com

Urbeltz handia nola, Oier Araolaza ere mugarri bat bihurtzen ari da euskal dantzen esparruan, sekulako lana egiten ari baita euskal dantzekin zerikusia duten gauzak modu sailkatuan sareratzen, dantzazaleen mesederako. Sartu Dantzan.com-en eta bertan saltseatu. Horra nire gaurko gonbita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin