Arrasate-Oñati lasterketa

Agindutakoa betetzeko unea iritsi da. Ondo bidean, maiatzaren 12an Arrasate-Oñati lasterketa egingo dut, 11 km inguru. Hiru aste ditut apur bat prestatzeko. Hala ere, ez pentsa aurre aldean ikusiko nauzuenik. Sasoi batean tropelaren erdi inguruan ibiltzen nintzen, baina 12an atzean egingo dut lasteketa, orain askoz ere mantsoago korritzen baitut.

Aurten Arrasate-Oñati lasterketak zilarrezko ezteiak beteko ditu. Beraz, zalaparta handiagoa ibiliko da lasterketaren inguruan. Seguru nago egun polita izango dela. Zuetariko baten bat animatzen bada bertan parte hartzera, Garibai kalean ikusiko dugu elkar, Arrasaten, arratsaldeko 18:30etan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 9 iruzkin

Otitisa

Kanarietan katarro latza harrapatu nuen, eta horren azken ondorioa izan da otitis bat, infekzio bat ezker belarrian, zeinak eduki bainau ohean hiru egunean. Tarte horretan egon besterik ezin izan dut egin, belarriko minak ez baitzidan uzten bestelako ezer egiten, adibidez irakurri edo hemen idatzi. Antibiotikoen laguntzarekin, aste honetan lanera itzuliko naiz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Maria San Gil

PPren Euskadiko lehendakaria kazetarien aurrean agertu da gaur esateko minbizi bat duela bularrean, ebakuntza egin diotela, tratamenduan segitzen duela, eta, hori dela eta, denboraldi batez desagertu egingo dela plaza publikotik. Besarkada bat, Maria, eta osatu lehenbailehen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Michelangelo Buonarroti

Aste Santuko oporretan liburu bat irakurri dut, La agonía y el éxtasis, Irving Stone idazle amerikarrarena, non kontatzen baita Michelangelo Buonarroti Berpizkundeko artistaren historia. Esperientzia zoragarria izan da: liburua amaitu bitartean ez dut onik izan, han, Tenerifeko hotelean.

Lehendik ikusiak nituen Michelangeloren hainbat obra artearen historia ikasterakoan, baina ez nekien zelan sortu zituen eta zelakoak pairatu behar izan zituen artelan horiek egin bitartean. Gizon handi bat sentitu dut lerro artean, gai inguruko gizatxar guztiak gainditzeko, berak gehien maite zuena egite aldera, artea sortzea, horretarako askotan txirotasunik gorrienean bizi behar bazuen ere. Gizon ona, bestalde, leiala eta bizkorra. Jenio bat.

Txalo handi bat Irving Stone idazlearentzat, kontakizuna oso ondo bilbatua baitago, idazle onek bakarrik dakiten bezala. Aukerarik baduzue liburu hau irakurtzeko, aprobetxatu. Nik irakurritako alea El País egunkariak argitaratua da, eta dagoeneko alde egin du nire eskuetatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Book crossing Kanarietan

Astebete egin dugu Kanarietan, eta aurten berrikuntza aipagarri bat izan dugu hotelean: book crossing delakoa. Egunean zehar, hainbat liburu, aldizkari eta egunkari agertzen ziren jantoki ondoko eskailerapean, denon eskuragai.
Book crossing
Liburu eta aldizkari gehienak ingelesez eta alemanez zeuden idatziak, hoteleko jende gehiena hizkuntza horietakoa baitzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

EITBk, etxe berria

Mezularia Bilboko egoitza berrian
Atzo Bilbon izan ginen, EITBk egoitza berrian egindako festan. Ezagunak, aspaldiko lagunak, izarrak, aktoreak, politikariak, kazetariak, irakasleak… denetik zebilen etxe hartan. Niri izugarri handia iruditu zitzaidan egoitza berria; ez dakit EAEk hainbesteko azpiegitura behar duen justu teknologia digitalak dena txikiagoa egitea dakarrenean. Zalantza hori geratu zitzaidan iltzatuta.

Argazkian, Maite Artola, Mikel Irizar eta Nekane San Migel, Mezularia irratsaioa hasteko prest.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Biberoiaren alde

Irakurri berri dut haur jaio berri baten eta bere amaren artean harreman berezia sortzen dela, batik bat amak titia ematen badio haurrari. Seguru baietz. Hala ere, bularra eman barik ere, seguru nago amaren eta haurraren arteko harremana beti izango dela berezia.

Gure kasuan, ezin izan genion bularrik eman Mireni, hau jaio berria zenean. Biberoia, berriz, bedeinkazio moduko bat izan zen guretzat. Batetik, bularra hartzerakoan haurrak zeuzkan arazoak derrepentean desagertu, eta Mirenek gustura asko edaten baitzuen botilatxoan emandako esnea. Bestetik, neuk ere aukera izan nuen gure txikiari biberoia emateko, eta garbi esan dezaket: niretzat une haiek gozamen hutsa izan ziren. Aldi berean, biberoiari esker, Begok denbora gehiago eta askatasun handiagoa zuen beste gauza batzuk egiteko.

Biberoiak hurbildu egin ninduen haurrari. Hala ere, Mirenen eta Begoren arteko harremana beti izan da berezia, biberoia gorabehera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 5 iruzkin

Snipshot. Argazki tratamendua sarean

Egun hauetan Snipshot aurkitu dut, sareko aplikazio bat argazkiak tratatzeko. Funtzio gutxi batzuk ditu: desegin, neurria aldatu, moztu, hobetu, doitu eta biratu. Hala ere, erraza da oso, eta bikain betetzen ditu funtzio horiek.

Bookmarklet bat du, Snipshot import, oso erabilgarria sarean argazkiak harrapatzeko. Ikasi nahi baduzue zelan dabilen, ikusi screencast hau. Nik, behintzat, berehala instatatu dut bookmarkleta nire Firefoxen barran.

Bestetik, harrituta geratu naiz zer ondo dabilen argazkiak hobetzeko funtzioa. Foto bat aukeratu dut Googlen, eta ekarri egin dut Sniphot-era.Degreesuccess1

Klik egin dut enhance botoian, eta begira zelan hobetu den argazkia.
Degreesuccess2

Erabiltzailea gustura geratzen denean, save botoiari eman eta bi aukera ditu: Flickr edo beste argazki zerbitzu batean gorde edo norbere ordenagailuan uztekoa.

Aplikazio sinple baina bikaina iruditu zait. Hemendik aurrera, eta ikusi bitartean zelakoa izango den  sareko Photoshop bertsioa, berau erabiltzeko asmoa dut sarri-sarri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Gallego

BNG alderdiko diputatu batek eskatu omen du Espainiako Hizkuntza Akademiaren hiztegiak ezabatzea gallego hitzaren bi esanahi, ergela eta totela, zeinak erabiltzen baitira, antza, Costa Rican eta El Salvadorren, hurrenez hurren.

Gure kasuan, berriz, hego amerikarrekin elkartu garen ia gehienetan, haiek gallego hitza erabili izan dute espainiar adierazteko. Gashego esaten ziguten guri ere, ikasi zuten arte euskaldunak ginela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

A-8 autobidea, infernua

Atzo goizeko 08:00etarako Donostian nintzen, baina oraindik ez dakit zelan iritsi nintzen onik, bidea infernu bat egin zitzaidan-eta, batez ere Oriotik Aritzetako atsedengunera doan tartea. Euria ari zuen goian behean, ilun zegoen, trafikoa trinkoa zihoan eta hainbat tokitan lanak egiten ari ziren. Fakultatera bidean ere kontu handiz etorri nintzen, eta hainbat istripu ikusi nituen bide bazterrean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin