Book crossing Kanarietan

Astebete egin dugu Kanarietan, eta aurten berrikuntza aipagarri bat izan dugu hotelean: book crossing delakoa. Egunean zehar, hainbat liburu, aldizkari eta egunkari agertzen ziren jantoki ondoko eskailerapean, denon eskuragai.
Book crossing
Liburu eta aldizkari gehienak ingelesez eta alemanez zeuden idatziak, hoteleko jende gehiena hizkuntza horietakoa baitzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

EITBk, etxe berria

Mezularia Bilboko egoitza berrian
Atzo Bilbon izan ginen, EITBk egoitza berrian egindako festan. Ezagunak, aspaldiko lagunak, izarrak, aktoreak, politikariak, kazetariak, irakasleak… denetik zebilen etxe hartan. Niri izugarri handia iruditu zitzaidan egoitza berria; ez dakit EAEk hainbesteko azpiegitura behar duen justu teknologia digitalak dena txikiagoa egitea dakarrenean. Zalantza hori geratu zitzaidan iltzatuta.

Argazkian, Maite Artola, Mikel Irizar eta Nekane San Migel, Mezularia irratsaioa hasteko prest.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Biberoiaren alde

Irakurri berri dut haur jaio berri baten eta bere amaren artean harreman berezia sortzen dela, batik bat amak titia ematen badio haurrari. Seguru baietz. Hala ere, bularra eman barik ere, seguru nago amaren eta haurraren arteko harremana beti izango dela berezia.

Gure kasuan, ezin izan genion bularrik eman Mireni, hau jaio berria zenean. Biberoia, berriz, bedeinkazio moduko bat izan zen guretzat. Batetik, bularra hartzerakoan haurrak zeuzkan arazoak derrepentean desagertu, eta Mirenek gustura asko edaten baitzuen botilatxoan emandako esnea. Bestetik, neuk ere aukera izan nuen gure txikiari biberoia emateko, eta garbi esan dezaket: niretzat une haiek gozamen hutsa izan ziren. Aldi berean, biberoiari esker, Begok denbora gehiago eta askatasun handiagoa zuen beste gauza batzuk egiteko.

Biberoiak hurbildu egin ninduen haurrari. Hala ere, Mirenen eta Begoren arteko harremana beti izan da berezia, biberoia gorabehera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 5 iruzkin

Snipshot. Argazki tratamendua sarean

Egun hauetan Snipshot aurkitu dut, sareko aplikazio bat argazkiak tratatzeko. Funtzio gutxi batzuk ditu: desegin, neurria aldatu, moztu, hobetu, doitu eta biratu. Hala ere, erraza da oso, eta bikain betetzen ditu funtzio horiek.

Bookmarklet bat du, Snipshot import, oso erabilgarria sarean argazkiak harrapatzeko. Ikasi nahi baduzue zelan dabilen, ikusi screencast hau. Nik, behintzat, berehala instatatu dut bookmarkleta nire Firefoxen barran.

Bestetik, harrituta geratu naiz zer ondo dabilen argazkiak hobetzeko funtzioa. Foto bat aukeratu dut Googlen, eta ekarri egin dut Sniphot-era.Degreesuccess1

Klik egin dut enhance botoian, eta begira zelan hobetu den argazkia.
Degreesuccess2

Erabiltzailea gustura geratzen denean, save botoiari eman eta bi aukera ditu: Flickr edo beste argazki zerbitzu batean gorde edo norbere ordenagailuan uztekoa.

Aplikazio sinple baina bikaina iruditu zait. Hemendik aurrera, eta ikusi bitartean zelakoa izango den  sareko Photoshop bertsioa, berau erabiltzeko asmoa dut sarri-sarri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Gallego

BNG alderdiko diputatu batek eskatu omen du Espainiako Hizkuntza Akademiaren hiztegiak ezabatzea gallego hitzaren bi esanahi, ergela eta totela, zeinak erabiltzen baitira, antza, Costa Rican eta El Salvadorren, hurrenez hurren.

Gure kasuan, berriz, hego amerikarrekin elkartu garen ia gehienetan, haiek gallego hitza erabili izan dute espainiar adierazteko. Gashego esaten ziguten guri ere, ikasi zuten arte euskaldunak ginela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

A-8 autobidea, infernua

Atzo goizeko 08:00etarako Donostian nintzen, baina oraindik ez dakit zelan iritsi nintzen onik, bidea infernu bat egin zitzaidan-eta, batez ere Oriotik Aritzetako atsedengunera doan tartea. Euria ari zuen goian behean, ilun zegoen, trafikoa trinkoa zihoan eta hainbat tokitan lanak egiten ari ziren. Fakultatera bidean ere kontu handiz etorri nintzen, eta hainbat istripu ikusi nituen bide bazterrean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Citations, ezaugarri interesgarria

Amazon liburu denda digitalak beste ezaugarri bat gehitu dio bere webguneari: Citations, aipamenak alegia. Erakusten du liburu batek zer beste liburu aipatzen dituen eta liburu hori zer beste liburuk aipatzen duten. Klik egin daiteke loturetan eta aipamenak irakurri. Informazio gehiago jaso daiteke liburu horien gainean…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Farozaina

Faroak farozaina du orain. Horrela esanda, badirudi Pernandoren egia bat esan dudala, faro guztiek behar dutelako farozaina. Kontua da faro honek anaia bat duela orain, Farozaina izenekoa, hori ere neuk egina. Faroa blog bat da, baina Farozaina beste zerbait da, tumblelog bat.

Tumbleloga
Baina zer da tumblelog delakoa? Tumblelog bat da blogaren aldaera bat, eta horrek hobesten ditu mezu oso laburrak, iruzkin oso motzekin, baldin eta iruzkinik bat ere eramaten badu. Horrela definitzen du Wikipediak. Funtsean da modu bat di-da argitaratzeko egunean zehar han-hemenka sarean aurkitzen ditugun gauzak: testuak, argazkiak, loturak eta bideoak. Projectionist da horren adibide eredugarri bat.

Sei mezu mota
Ohiko blogek ez bezala, tumblelogek eskaintzen dute sei mezu mota, bakoitzak bere diseinuarekin: ohiko mezua, argazkia, aipua, lotura, elkarrizketa eta bideoa. Sortzerakoan mezu bat Tumblr aplikazioan, nik egin dudan moduan, aukeratu egin behar da zer mezu mota izango den.
Aukerak.jpg

Bookmarklet bat ere badu, “Share on Tumblr”, eta horren bidez, edonon zaudela ere, argitaratu egin ahal duzu zure tumbleblogera zuzenean. Bookmarkletak sumatzen du zer elementu nahi duzun argitaratu (argazki bat, aipu bat…), baina ez badu asmatzen, uzten dizu zuk zeuk erabakitzen
Bookmarkleta.jpg

Farozaina
Kontua da tumblelog horiek sekulako arrakasta izan dutela, batez ere aukera ematen dutelako laburrean blogeatzeko, di-da, gauza txikiak argitaratuta. Badirudi jende askok egokiagoak aurkitzen dituela ohiko blogak baino, formatu bizkorragoa eskaintzen baitute.

Nik ere probatu nahi nuen formatu hori, eta horregatik sortu dut Farozaina, jakiteko zelakoak diren tumblelogak eta abantailarik ba ote duten. Ibilian, ohartu naiz tumblelogek ez dutela elkarrizketarik sortzen blogek bezala, horietan ezin baita erantzunik utzi. Hala ere, ederki ispila dezakete egilearen nortasuna.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Gora Phil de Vellis!

Harrapatu egin dute Hillary 1984 iragarkiaren egilea: Phil de Vellis da, 2006an Internet Komunikazio zuzendaria izan zen Sherrod Brown-ek AEBetako Senaturako egindako kanpainan, eta orain gutxi arte Blue State Digital enpresako Internet taldeko kidea izan da. Izan ere, bere enpresari kalterik ez egiteko, eta ikusita zelako hautsak harrotu dituen bere bideoak, utzi egin du lana eta kale gorrian geratu da.
 
Hala ere, joan aurretik azaldu egin du zergatik egin zuen bideoa, eta ni paragrafo batekin geratu naiz:

  • Azpimarratu nahi nuen Obamak beste modu bat duela politika egiteko eta Clinton senatariaren elkarrizketa hutsala dela. Horren azpian baina, ideia bat dago, eta da makina politikoak dagoeneko ez duela erabateko agintea. 

Phil de Vellis-ek badaki zertan ari den, eta joan aurretik abisua jo du: “Iragarki hau ez da izan herritarrek egindako lehena, eta ez da azkena izango. Jokoa aldatu egin da”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Asteartea 13

Lehen mailako ikasle batzuek, Ikus-entzunezko Komunikazioa egiten ari dira HUHEZIn, poz handia eman didate beren lehen bideoa egin dutenean. Gustatu zait zer egin duten, eta gustatu zait erakutsi duten erabakimena, jarrera, umorea eta ausardia. Hemen azaldu dituzte bideoaren nondik-norakoak. Etorriko dira gehiago, baina bitartean, zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina