Unai Elorriaga eta zapaburu-euskara

Unai Elorriaga  idazleak zapaburu-euskararen adibide ugari ematen dizkigu Matxinsaltoen belarriak liburuan. Adibide horietan mezua, aditza eta lotura-hitzak aurrean daude.

  • Kafea da likido bat oso-oso beltza eta izkinetan marroia. (6. or.)
  • Latina da hizkuntza bat oso-oso garbia. (8. or.)
  • Piedad da andre zahar bat nik ezagutzen dudana. Eta txiki-txikia da, zaharra delako. (11. or.)
  • Ebanistak dira etxeko mahaiak eta aulkiak eta armairuak eta egurrezko gauza guztiak egiten dituztenak. (54. or.)
  • Lanta da herri bat belar asko daukana eta ipurtargi asko daukana, gauez. (57. or.)
  • Kolikoa da min bat tripakoa. (72. or.)
  • Antitetanikoa da injekzio bat, eta asko akordatzen naiz ni hitz horrekin: antitetanikoa. (83. or.)
  • Tigre-eltxoa da eltxo normal bat, baina marrak ditu, tigreak bezala. (89. or.)
  • Madagaskar da irla handi bat, Afrikakoa. Irlanda baino handiagoa. (98. or.)
  • Oinaztua da argi handi bat leihoetatik sartzen dena. (99. or.)
  • Hirustak dira landare batzuk, txikiak, zorte handia ematen dutenak, lau orrikoak. (102. or.) 

Definizioak alderatzen
Aurreko esaldiak definiziotzat har daitezke, nahiz eta definizio bereziak izan, liburuan haur baten ahotan agertzen zaizkigulako. Hala ere, eta alde batera utzita haurrak zenbateko zehaztasunez definitzen dituen gauzak, alderatu nahi ditut esaldi horiek Lehen Hiztegiak ematen dituen definizioekin. Definizioen muina azpimarratuta doa, ikus dezagun non doan batean eta bestean.

  • Kafea da likido bat oso-oso beltza eta izkinetan marroia. (6. or.)
  • Kafea: kafe-aleak ehoz lortutako hautsetik ur beroa iraganaraziz prestatzen den edaria.
  • Latina da hizkuntza bat oso-oso garbia. (8. or.)
  • Latin: erromatarrek antzina erabiltzen zuten hizkuntza.
  • Oinaztua da argi handi bat leihoetatik sartzen dena. (99. or.)
  • Oinaztua: ekaitza dagoenean, hodeietatik sortzen den deskarga elektrikoa, trumoi izeneko zaratots handia eragiten duena.
  • Hirustak dira landare batzuk, txikiak, zorte handia ematen dutenak, lau orrikoak. (102. or.)
  • Hirusta: hiru osto dituen belar txikia.

Bigarren kasuan, definizioaren muina atzean doa jeneralean, eta beti erlatibo baten ondoren. Horrek astun egiten du irakurketa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Laguntza eske Aurki.com-eko harpidedunei

Mezu honen bidez gonbita egin nahi dizuet Aurki.com agregatzailearen harpidedunei, sarean ipini dizuegun galdetegiari erantzuteko. Izan ere, egun hauetan Aurki.com-eko harpidedunek mezu bat jaso duzue, zelan egiten ari naizen azterketa lan bat doktore tesiarekin hasi aurretik, eta mezu horretan ematen zaizue lotura bat, hor sartu eta minutu batean-edo, erantzun ditzazuen horko galderak.
 
Aurreko ikasturtean hasi nintzen doktore tesirako bidean, eta orduan hainbat ikastaro egin nituen. Ikasturte honetan, berriz, txosten bat aurkeztu behar dut Nahikotasun Froga gainditzeko, eta hori egin nahi dut Aurki.com agregatzailearen gainean.

Helburuak
Jakin nahi dut zenbateraino den Aurki.com sarean dagoen euskarazko produkzioaren ispilu zehatza, jendeak zelan erabiltzen duen eta zer bilatzen duen bertan. Horretarako hiru informazio iturri erabiliko ditut:

  • Aurki.com-en robotak ematen dituen datuak: klik kopuruak, harpidedun kopuruak, bisita bilakaera, etab.
  • Harpidedun guztien iritziak. Horretarako galdetegi itxi bat prestatu dugu, eta sarean ipini, harpidedunek bertan erantzun dezaten.
  • Erabiltzaile zenbaiten iritzi zabalak. Haurreko galdetegian ez bezala, hemen erantzuleek askatasuna izango dute galderei ihardesteko orduan, galdetegia irekia baita. 

Horregatik, jaso baduzue zure postontzi elektronikoan mezu bat gonbita eginez galdetegi bat erantzuteko, itxia zein irekia, biziki eskertuko dizuet erantzuten baduzue, horrek izugarri lagunduko dit-eta nire lana egiten. Ez baduzue erantzuten ere, nire eskerrona zuei, hori ere erantzuteko beste modu bat da-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Amaren eskuak

Irakurri berri dut Karmele Jaio idazlearen azken lana, Amaren eskuak. Niretzat errebelazio moduko bat izan da. Ez nuen espero horren idazle gazteak hain ondo adieraztea pertsonok eguneroko lanaren gurpil zoroan bizi ditugun itolarriak. Unai Elorriagari lehen aldiz irakurri nionean bezala, orain ere irudipena dut Karmele Jaiok ondo baino hobeto ezagutzen dituela pertsonon barne tolesdurak.

Historiak ere harrapatu egin nau, ez ekintza bertigoa-eragiteko-modukoa duelako, ez, baizik eta historia sinesgarri bat ikusi dudalako orri horietan, eta behin baino gehiagotan identifikatu egin naizelako horko egoera zenbaitekin.

Bainaren bat ipini behar izanez gero eleberriari, bukaerari jarriko nioke. Hariak hain ondo zuzendu ondoren amaiera horretarantz, iruditu zait biribiltzea falta izan zaiola. Edozelan ere, lan erabat gomendagarria, uda honetan irakurtzeko adibidez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Porrotaren balioa

Aste honetan The Economist aldizkariak erreportaje bat idatzi du Apple enpresa eta berrikuntzaren gainean. Kazetariak dio beste teknologia enpresek lau ikasgai atera ditzaketela Applen bilakaeratik. Eta laugarrenari deritzo “porrot zuhurra”.

Macintosh ordenagailua jaio zen Lisa ordenagailuaren hondakinetatik eta iPhone Motorolak eta Applek elkarrekin egindako musika-telefonoaren porrotetik. Bietan, dio aldizkariak, Applek ikasi egin zuen bere hutsegiteetatik, eta berriz ahalegindu zen. Gaur egungo mac ordenagailuak, bestalde, oinarrituta daude NeXT ordenagailuen teknologian, enpresa bat Jobs-ek berak sortua 1980an, baina porrot egin ondoren, Applek erosi zuena.

Kazetariaren ustez, esperientzia horietatik ikasi beharrekorik handiena da ez estigmatizatzea porrota, baizik eta toleratzea eta bertatik ikastea. Via Slashdot.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Noizko tranbia Debagoienean?

Aspaldi ziren hastekoak tranbia ipintzeko lanak Debagoienean, baina hor daude geldi. Atzo Radio Euskadin Julian Erasori entzun nion hitz egiten, Eusko Treneko kontseilari ordezkariari. Esan zuen tranbia oso ona dela, ekologikoa, etab., eta zelan ipiniko den EAEko hiriburuetan, baina Debagoienekoaz… apenas ezer.

Pasadan aipatu zituen Debagoiena eta Debabarrena, esateko ibarrean probak egiten ari direla, baina ez direla ondo atera. Alegia, usaina hartu nion “ad calendas graecas” utziko dutela tranbia ibar horretan. Eta beldur naiz Debagoieneko kasuan, bereziki, oso luzerako izango dela, Oñatikoa izan ezik, EAJk galdu egin dituelako gainerako alkatetzak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Aupa Liechestein!

Atzo iluntzean harrikoa egin bitartean, RNE piztu eta Liechtenstein-Espainia futbol partida entzun nuen tarte batez. Bazirudien Munduko Kopako finala jokatzen ari zirela Brasilen kontra, halakoak baitziren esatarien oihuak. Aurrean, ostera, talde amateur bat zuten, hamaika jokalari futboletik bizi ez direnak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Eta zer?

Gaur gero gutariko edozein izan daiteke berriro ETAren jopuntu. Atzo bertan —hauteskundeak egin ondoren, badaezpada—, ETAk jakinarazi zigun su etena, tregoa, menia edo dena delako hori hautsita dagoela. Hemendik aurrera, hortaz, espero izatekoak izango dira atentatuak, estortsioak, bahiketak eta hilketak. Edo modu jasoagoan esanda:

  • ETAk su-etenaldi iraunkorra bertan behera uzten duela eta 2007ko ekainaren 6ko 00:00etatik aurrera Euskal Herriaren defentsan fronte guztietan aritzeko erabakia hartu duela adierazi nahi du. (Berria)

Orain hamalau hilabete ETAk su eten iraunkorra aldarrikatu zuenean, eszeptizismo puntu batez geratu nintzen. Orain okerrago nago. Ez dakit nork duen haustura horren errua, pentsatzen dut denok izango dugula erruaren parte bat, baina badakit ez dudala nahi inor tiroka ibiltzea nire izenean edo Euskal Herriaren defentsan, Euskal Herria askotarikoa baita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Spool.fm, hori bai irratia!

Spool.fm
Egun batez baino ez dut probatu, baina zoratzen nago Spool.fm sareko irratiarekin. Irrati horrek bilatzen uzten dizu zure gogoko abestiak, eta horiekin zerrendak egiten, zure gustuko abestiekin. Eta horiek nahi adina aldiz entzun ahal izango dituzu sarean, zure ordenagailuan ezer instalatu beharrik gabe.

Ezaugarriak
Ezaugarri politak ditu Spool.fm honek, adibidez:

  • Erraz eraman ditzakezu abestiak batetik bestera, zerrendak egiteko. Baita abestiak hurrenkeraz aldatzeko.
  • Gomendioak egingo dizkizu, antzeko artistena.
  • Entzun zure lagun batekin batera (listen with a friend). Horri esker, momentuan entzun ahal duzu zure lagun bat entzuten ari dena.

Euskal musikarik apenas aurkitu dudan ezer. Benito Lertxundiren Bizkaia maite besterik ez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Nor endredamakila, prestatzailea ala jokalaria?

Joan den astean Sebastian Gonzalez pilotari finak harri eta zur utzi ninduen, sekulakoak esanda Aimar Olaizolaren gainean, harroputza galanta dela, aldageletan oso txarto tratazen dituela beste pilotariak, etab. Ni, behintzat, harritu egin nintzen, sekula ez bainion entzun Gonzalezi hitz txar bat inoren gainean. Zertara zetorren bat-bateko erretolika hori?

Harago begiratu nuen, eta Panpi Laduche ikusi, bere prestatzailea. Eta orduan hasi nintzen ulertzen. Eskola zaharrekoa baita Panpi, iruditu zitzaidan, beste kiroletan nola, berak ere aukeratu zuela partida berotzea, aurkaria desorekatze aldera. Izan ere, orain arte Aimar ia beti nagusitu zaio Sebastiani.

Ondorioa izan zen oso partida arraroa, non jokalariek eskuak berotu baitzituzten elkarri bizkarra emanda, bat frontisari begira eta bestea atzeko paretari. Hasieran eta bukaeran ere, justu-justu eskua eman, baina elkarri begiratu barik.

Sinestuta nago Sebastianek aginduak betetzen zituela, eta, edozelan ere, gurago nuke alde batera utziko balituzte horrelako trikimailuak, zatartu baino ez dute-eta egiten pilota. Larunbatekoa, adibidez, oso partida polita izan zen, baina arraroa, kirolez kanpoko arrazoi horiengatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Zorionak Bittor Hidalgori

Atzo eguerdian amarenean irakurri nuen DV egunkarian Bittor Hidalgo irakaslearen gutuna, eskerrak emanez bere emazte ohiari eta lagundu dioten guztiei, burruka luze baten ondoren, lortu baitu bere semeen zaintza partekatua. Ni ere poztu naiz Bittorrengatik eta bere familiarengatik, inork ez baitu merezi haiek igaro behar izan duten egoera latza. Zorionak, beraz, eta profitatu!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1