Eta zer?

Gaur gero gutariko edozein izan daiteke berriro ETAren jopuntu. Atzo bertan —hauteskundeak egin ondoren, badaezpada—, ETAk jakinarazi zigun su etena, tregoa, menia edo dena delako hori hautsita dagoela. Hemendik aurrera, hortaz, espero izatekoak izango dira atentatuak, estortsioak, bahiketak eta hilketak. Edo modu jasoagoan esanda:

  • ETAk su-etenaldi iraunkorra bertan behera uzten duela eta 2007ko ekainaren 6ko 00:00etatik aurrera Euskal Herriaren defentsan fronte guztietan aritzeko erabakia hartu duela adierazi nahi du. (Berria)

Orain hamalau hilabete ETAk su eten iraunkorra aldarrikatu zuenean, eszeptizismo puntu batez geratu nintzen. Orain okerrago nago. Ez dakit nork duen haustura horren errua, pentsatzen dut denok izango dugula erruaren parte bat, baina badakit ez dudala nahi inor tiroka ibiltzea nire izenean edo Euskal Herriaren defentsan, Euskal Herria askotarikoa baita.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

4 erantzun Eta zer?-ri

  1. egilea: luistxo

    Ez dut uste denok dugunik erruaren parte bat. Nik ez dut batere parterik, komentzituta nago. Ezta zuk ere, gehituko nuke.

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Arrazoia duzu. Esan nahi nuen hor ibili diren alde guztiek izango dutela erantzukizunik emaitzetan. Beste modu batean idatzi behar nuen esaldi hori. Eskerrik asko.

  3. egilea: Bihurri Gorria

    Albistea oso penagarria izan da, inongo momentutan gobernuen jopuntu izateari utzi ez dugunontzako. 

    Zer esan nahi dozu “gutariko edozein” esaterakoan? Nortzuk zarete ba ETAren jopuntu izateko?

    Estortsioa, hitz berezia, begiratu ezazu wikipedian hitz horren esanahia eta konturatuko zara gaizki erabili duzula.

    Bahiketa, ETA “bahitu” egiten badu, Govierno Vasco-k, Espainiar eta Frantziar gobernuek ere bahitzen dutela ala “atxilotu” esango zenuke?

    Gobernuek “atentatuak” egiten dituzte?

    Zure izenean tiroka ibiltzen direnak beste batzuk direla uste dut, noiz esan du ETAk zure izenean tiroka dabilela? Komunikatua aurkitzen baduzu bidali mesedez.

  4. egilea: jonas

    Mehatxatuak, estorsioak eta beldurra herri honetan? Jakina, orain gehiago izango dira, baina ez ahaztu Euskal Herrian 14000 pistola dabiltzala kaleetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude