Noizko tranbia Debagoienean?

Aspaldi ziren hastekoak tranbia ipintzeko lanak Debagoienean, baina hor daude geldi. Atzo Radio Euskadin Julian Erasori entzun nion hitz egiten, Eusko Treneko kontseilari ordezkariari. Esan zuen tranbia oso ona dela, ekologikoa, etab., eta zelan ipiniko den EAEko hiriburuetan, baina Debagoienekoaz… apenas ezer.

Pasadan aipatu zituen Debagoiena eta Debabarrena, esateko ibarrean probak egiten ari direla, baina ez direla ondo atera. Alegia, usaina hartu nion “ad calendas graecas” utziko dutela tranbia ibar horretan. Eta beldur naiz Debagoieneko kasuan, bereziki, oso luzerako izango dela, Oñatikoa izan ezik, EAJk galdu egin dituelako gainerako alkatetzak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Aupa Liechestein!

Atzo iluntzean harrikoa egin bitartean, RNE piztu eta Liechtenstein-Espainia futbol partida entzun nuen tarte batez. Bazirudien Munduko Kopako finala jokatzen ari zirela Brasilen kontra, halakoak baitziren esatarien oihuak. Aurrean, ostera, talde amateur bat zuten, hamaika jokalari futboletik bizi ez direnak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Eta zer?

Gaur gero gutariko edozein izan daiteke berriro ETAren jopuntu. Atzo bertan —hauteskundeak egin ondoren, badaezpada—, ETAk jakinarazi zigun su etena, tregoa, menia edo dena delako hori hautsita dagoela. Hemendik aurrera, hortaz, espero izatekoak izango dira atentatuak, estortsioak, bahiketak eta hilketak. Edo modu jasoagoan esanda:

  • ETAk su-etenaldi iraunkorra bertan behera uzten duela eta 2007ko ekainaren 6ko 00:00etatik aurrera Euskal Herriaren defentsan fronte guztietan aritzeko erabakia hartu duela adierazi nahi du. (Berria)

Orain hamalau hilabete ETAk su eten iraunkorra aldarrikatu zuenean, eszeptizismo puntu batez geratu nintzen. Orain okerrago nago. Ez dakit nork duen haustura horren errua, pentsatzen dut denok izango dugula erruaren parte bat, baina badakit ez dudala nahi inor tiroka ibiltzea nire izenean edo Euskal Herriaren defentsan, Euskal Herria askotarikoa baita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Spool.fm, hori bai irratia!

Spool.fm
Egun batez baino ez dut probatu, baina zoratzen nago Spool.fm sareko irratiarekin. Irrati horrek bilatzen uzten dizu zure gogoko abestiak, eta horiekin zerrendak egiten, zure gustuko abestiekin. Eta horiek nahi adina aldiz entzun ahal izango dituzu sarean, zure ordenagailuan ezer instalatu beharrik gabe.

Ezaugarriak
Ezaugarri politak ditu Spool.fm honek, adibidez:

  • Erraz eraman ditzakezu abestiak batetik bestera, zerrendak egiteko. Baita abestiak hurrenkeraz aldatzeko.
  • Gomendioak egingo dizkizu, antzeko artistena.
  • Entzun zure lagun batekin batera (listen with a friend). Horri esker, momentuan entzun ahal duzu zure lagun bat entzuten ari dena.

Euskal musikarik apenas aurkitu dudan ezer. Benito Lertxundiren Bizkaia maite besterik ez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Nor endredamakila, prestatzailea ala jokalaria?

Joan den astean Sebastian Gonzalez pilotari finak harri eta zur utzi ninduen, sekulakoak esanda Aimar Olaizolaren gainean, harroputza galanta dela, aldageletan oso txarto tratazen dituela beste pilotariak, etab. Ni, behintzat, harritu egin nintzen, sekula ez bainion entzun Gonzalezi hitz txar bat inoren gainean. Zertara zetorren bat-bateko erretolika hori?

Harago begiratu nuen, eta Panpi Laduche ikusi, bere prestatzailea. Eta orduan hasi nintzen ulertzen. Eskola zaharrekoa baita Panpi, iruditu zitzaidan, beste kiroletan nola, berak ere aukeratu zuela partida berotzea, aurkaria desorekatze aldera. Izan ere, orain arte Aimar ia beti nagusitu zaio Sebastiani.

Ondorioa izan zen oso partida arraroa, non jokalariek eskuak berotu baitzituzten elkarri bizkarra emanda, bat frontisari begira eta bestea atzeko paretari. Hasieran eta bukaeran ere, justu-justu eskua eman, baina elkarri begiratu barik.

Sinestuta nago Sebastianek aginduak betetzen zituela, eta, edozelan ere, gurago nuke alde batera utziko balituzte horrelako trikimailuak, zatartu baino ez dute-eta egiten pilota. Larunbatekoa, adibidez, oso partida polita izan zen, baina arraroa, kirolez kanpoko arrazoi horiengatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Zorionak Bittor Hidalgori

Atzo eguerdian amarenean irakurri nuen DV egunkarian Bittor Hidalgo irakaslearen gutuna, eskerrak emanez bere emazte ohiari eta lagundu dioten guztiei, burruka luze baten ondoren, lortu baitu bere semeen zaintza partekatua. Ni ere poztu naiz Bittorrengatik eta bere familiarengatik, inork ez baitu merezi haiek igaro behar izan duten egoera latza. Zorionak, beraz, eta profitatu!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Garirekin hizketan, Skype bidez

Aspaldiko partez, Skype piztu eta azken bertsioa instalatu dut. Berehala, konturatu naiz Gari Araolaza konektatuta zegoela, eta deitu egin diot. Harrituta geratu naiz bere aurpegia ikusi dudanean bideo konferentzian, sekulako kalitatearekin. Zoritxarrez, nik ezin nion entzun, ez dakit zergatik, baina berak niri bai. Beraz, nik berari berba egin, eta berak niri txateatu. Horrela ibili gara.

Esan diot sekulako ilusioarekin jarraitzen ari naizela bere eta Luistxoren bidaia AEBetan, Kalifornian baitabiltza Tagzania aurkeztu, harremanak egin eta ahal dutena ikasten. Gustura omen dabiltza, baina logurak jota, jet lag madarikatuak eraginda. Ahal baduzue, irakurri bai Garik Teknosexuan eta baita Luistxok Ingelesen Hilerrian idazten ari diren kronikak. Cheerio!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 4 iruzkin

Sakelako telefonoa Mirenentzat

Ekainaren 15ean Miren alabaren urtebetetzea izango da, eta erabaki dugu sakelako telefono bat oparituko diogula. Sasoi batean segapoto bat eskatu zigun, eta beste aldi batean Wii joko bat.

Orain arte ezetz esan diogu, baina gu ere konturatu gara tramankulu horiek bere garaiko baliabide sozial indartsuak direla, eta, guk geure sasoian komikiak-eta zelan, berak ere ikasi beharra duela baliabide horiek erabiltzen, jolaserako eta harremanetarako. Nahi dugu, halaber, ikas dezan zelan kudeatu telefonoaren kostoa, horren zati bat bere kontura joango da-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 6 iruzkin

Koalizioa

Koalizio garaia iritsi zaigu. Alderdi politikoek hitzarmenak egin beharko dituzte elkarren artean, alkatetzak eta gobernuak osatzeko. Baina zer da koalizioa?

Hiru definizio
Hona bizpahiru definizio koalizioari buruz:

  • Euskal Hiztegia: Liga, hitzarmena, elkartea, alderdi politikoena edo estatuena bereziki.
  • Wikipedia: koalizio bat da aliantza bat erakundeen artekoa, eta aliantza horrek dirauen bitartean, kideek elkarlanean dihardute, bakoitzak bere interesean. Era horretako aliantza izan daiteke behin behinekoa edo komenientzien araberakoa. Horrela, koalizioa eta ituna bestelakoak dira oso.
  • Elections Act (Australia): koalizioa da aliantza edo elkarte bat alderdi politikoen artekoa, eta egiten da ziurtatzeko gehiengo bat legebiltzarrean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Bi elkarrizketa Hezkuntza Telebistan

Josi Sierra pedagogoak hainbat elkarrizketa argitaratu ditu Hezkuntza Telebistan, horietako bi niri egindakoak maiatzaren 10ean, biok Donostian ginela, Informatikari Euskaldunen Bileran. Batean nire gaixotasunaren gainean hitz egiten dut, eta bestean komunikazioari buruz. Bietan, Alberto Agirreazaldegi ari da kazetari lanak egiten, bera izan baitzen Josi eta bion arteko zubia.

Hezkuntza Telebista
Hezkuntza Telebista & Blogak (HTB) proiektu berria eta berritzailea da, eta erakutsi nahi ditu eskolan egiten diren bideoak. Partekatu nahi ditu hezkuntzan sortu, erabili eta ikusgarri diren bideoak, eta horretarako erabiltzen ditu Web 2.0k eskaintzen dituen tresnak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin