8. probintzia, Euskadi Irratian

Datorren igandean, irailak 15, Euskadi Irratiak leiho txiki bat irekiko dio euskal blogosferari, Amarauna izeneko irratsaioaren barruan. Igandero, goizeko 10:15ean, “8. probintzia” egingo da, tarte bat hamar bat minutukoa, eta hor nik hitz egingo dut Arantxa Kalzadarekin batera.

Hamar minutu berehala pasatzen dira, baina tarte horretan saiatuko gara erakusten zertan den euskal blogosfera, zertaz idatzi den aste horretan, nor dabilen blogeatzen, etab. “8. probintzia” izena Anjel Lertxundiren omenez hartu dugu, berak deitu baitzuen horrela Internet, Xenpelar oinarri hartuta, izen horrekin adierazi nahi baitzigun euskararentzat ezinbestekoa izango dela sarea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 7 iruzkin

Madeleine

Nahastuta nabil kontu honekin, Portugalen orain hilabete batzuk galdu zen Madelein haurraren kontuarekin. Beste askok bezala, nik ere bat egin nuen orduan haren gurasoen saminarekin.

Orain, ostera, galdera asko eta hainbat froga kaleratu dira, kolokan jartzen dutenak bahiketaren hipotesia. Bat ere egia bada azken egunotan idatzi dena, alegia, Madeleine txikia hil zela desagertutako egun berean eta, seguruaski, gurasoek emandako pilula loeragile batzuek eraginda, aurreko guztia hankaz gora geratuko litzateke.

Badaezpada, McCann senar-emazteek alde egin dute Portugaldik eta kontratatu egin omen dute Pinocheten abokatu bat, hari lagundu ziona Espainiarako estradizioa saihesten. Oraingoz, Erresuma Batuko hedabideak alde dituzte, baina ikerketak aurrera egin behar du egia azaleratzeko. Hori, behintzat, zor diete hasieran mundu osoan gurasoekin bat egin zuten guztiei, eta batez ere zor diote Madeleine txikiari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Errusiako blogari emankorrak

Sergei Kutznetsov kazetari errusiarrari irakurri diot Dispatches from Blogistan liburuan, blogari errusiarrak izanda munduko blogarien %3 baino gutxiago, zelan idazten dituzten blogosferako mezu guztien %10.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Pornografia 2.0 erara

Go2Web2 webgunean irakurri dut erabiltzaileak sortutako edukiak —hori baita Web 2.0ren ezaugarririk behinenetako bat— iritsi direla pornografiara ere. Kontua da hainbat aplikazio sortu direla hortik zehar, jendeak bertara igo ditzan bideo pornoak, besteekin partekatzeko. Hona hemen, bada, zenbait komunitate porno aipatzeko modukoak:

  • Megarotic. Hemen bisitariek nabigatu, ikusi eta puntua ditzakete bideoak, musutruk. Hala ere, Megarotik-ek mugatu egiten ditu zenbat bideo ikusi ahal diren egunean (bazkide ez bazara, 10; bazkide bazara, 20). Gura baduzu zure bideoak igo (artxiborik handiena 5GB), jaitsi, etab., orduan premium kontu bat ireki behar, alegia, 9,99 dolar hileko (urtean 69,99 dolar).
  • Fantasti.cc. Antolatuta dago edozein Web 2.0 webguneren tankera, nahiz eta edukiak oso bestelakoak izan. Hemen ez dago mugarik, dena da doan. Erabiltzaileek bilatu egin dezakete, ikusi eta jaitsi (ala eraitsi?) hor dauden 60.000 bideo baino gehiago.
  • Nipplebyte. Zabaldu.com-en tankerako webgunea, baina hor edukiak pornoak dira. Ikusten baduzu zure gustuko bideo bat, eta gura baduzu besteekin partekatu, bidali NippleByts horretara. Jendeak gustuko badu, zabaldu egingo du, harik eta webguneko azalean agertu arte. Bost boto nahikoa dira edukia azaleratzeko.
  • StumblePorn. Nahi baduzu egunero eduki freskoak aurkitu, jaitsi StumblePorn barra eta instalatu zure nabigatzailean. Barra horrek lagunduko dizu kalitatezko pornoa bilatzen, eta aukera emango dizu zuk aukeratzeko zer formatutan gura duzun ikusi (argazkiak, bideoak, zuzeneko webcamak, etab.).
  • Pornotube. Onenatako bat, antza, Web 2.0ren ikuspegitik. Izena emana duten erabiltzaileek denetik egin ahal dute hor: igo bideoak, txertatu beren blogetan, partekatu, sailkatu, iradokizunak idatzi… Hala ere, ez duzu sinatu beharrik nahi adina bideo ikusteko. PornTubek bere playerra du; horrek esan nahi du ez zaituela eramango beste webgune batzuetara, banner eta iragarkiz josita dauden horietarkoetara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 14 iruzkin

Aurkik 608 informazio iturri eskaintzen ditu

Joan den larunbatean, irailak 8, berriro sartu nintzen Aurki.com informazio batzailean, eta zenbatu egin nituen zenbat feed eskaintzen dituen, informazio hori eguneratu beharra nuen-eta nire ikerkuntza lanerako. Iragan larunbatean, Aurki.comek 608 informazio iturri eskaintzen zituen, 16 ataletan banatuta.
    •    Politika-gizartea: 51 informazio iturri.
    •    Teknofiloak: 49
    •    Albisteak: 12
    •    Herriak: 146
    •    Euskara: 42
    •    Pertsonalak: 96
    •    Idazleak: 32
    •    Hedabideak: 13
    •    Musika: 11
    •    Kirola: 15
    •    Udalak: 12
    •    Kultura: 42
    •    Hezkuntza: 19
    •    Zientzia eta teknologia: 25
    •    Zerrendak: 5
    •    Argazkiak: 18

Bistan da Aurki.comek bistaratzen duela Interneten euskaraz egiten den produkzioaren zati esanguratsu bat. Berau izango da, zalantza barik, Anjel Lertxundik 8. probintziatzat hartu zuenaren ispilurik fidagarriena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Twitter eta ni

Atzo arratsaldean Twitter kontu bat ireki nuen joxearanzabal erabiltzaile izenarekin, kostata, hori bai, justu orduan zerbitzariak aldatzen ari baitziren. Berandu bada ere, probatu nahi dut zer eman dezakeen aplikazio horrek. Txioka.net agertzeak lagundu dit pauso hori ematen, orain argiago ikusten baitut zertarako erabili Twitter, adibidez euskal komunitate baten berri izateko, nahiz eta oso modu arin eta azalekoan izan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Sukarra, Pavarotti eta iPod berria

Nahi baino beranduago hasi da niretzar 2007-2008 ikasturtea, sei egunez ohean egon naiz-eta laringitis akutuak jota. Sukarraren eraginez seguruenik, ez indarrik ez eta gogorik ere ez dut izan blogeatzeko. Laugarren egunean hasi nintzen posta elektronikoa begiratu eta presazkoena erantzuten. Besterik ez.

Gaur, berriz, zirt-zart ibili naiz hara eta hona sarean begira, huts egindako denbora berreskuratu guran bezala. Pavarotti handiaren heriotza iritsi zait. Oso gustukoa dut Pavarotti, Domingo eta Carreras baino gustukoago. Caruso abestia entzun dut haren omenez.

Ia bi ordu egin ditut, bestalde, Steve Jobsek atzo egindako aurkezpena ikusten. Apple enpresaren iPod berriak aurkeztu zituen, tartean iPod touch, telefonorik bako iPhone bat ia. Berriro ere, hautsak harrotu ditu Jobsen aurkezpenak, batez ere jakinarazi duenean 200 dolar merketu dituela iPhone telefonoak. Hasierako erosle batzuk haserretu egin dira, eta Applen akzioek behera egin dute apur bat.

Pozik ikusi ditut euskal esparruan sortu diren berritasunak: Euskaltube, batetik, eta Txioka.net, bestetik, alegia, Euskal Herriko Twitter sarea. Zorionak Haritz eta Teketen lagunei, lan bikaina egin dute-eta.

Eta zer esan Amagoiaren Predictor: positive blogari buruz? Errebelazio bat izan da niretzat. Espero duen haurrari zuzentzen zaio denbora guztian Amagoia, eta horrek bakarrik oso tonu berezia ematen dio blogari. Zorionak, Amagoia, izan duzun ideiagatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

Informazio gainkarga

Uda honetan garbiketa egin dut Bloglines informazio batzailean, eta 90etik 60ra ekarri ditut nire feed
edo informazio iturriak. Horrezaz gain, hainbat hitzetara harpidetu
naiz, Bloglinesek ekar diezadan hitz horien inguruan argitaratzen den
guztia, tartean “information overload”, alegia informazio
gainkarga, arazo bat blogen eta webguneen hazkundeak areagotu duena,
askotan ez baitakigu zelan egin aurre gehiegizko informazioari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

The Electric Company

AEBetara joan ginenean, 1981ean, gure helburuetako bat zen ingelesa ikastea. Eta hori lortzeko, sarri ikusten genuen The Electric Company, telebista saio bat PBS telebista publikoak ematen zuena,  zeren eta hor hitzak erakusten baitzituzten, testuinguru batean. Aktoreen artean gazte beltz bat zegoen, gerora oso ospetsu egin zena zineman: Morgan Freeman.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Kontzeptu mapak MindMeister erabilita

Opor hauetan MindMeister
aaplikazioaren berri izan dut. Probatu dut, eta oso pozik geratu naiz
emaitzekin. MindMeister sareko aplikazio bat da, eta balio du kontzeptu mapak egiteko. Doakoa da, erabilerraza, eta inportatzen ditu FreeMind eta Mindjet bezalako aplikazioetan egindako mapak. Aukera ematen du, gainera, mapak beste batzuekin partekatu edo baita argitaratzeko.

Nahi baduzue probatu, hiru pauso ematea gomendatzen dizuet:

  1. Klik
    egin “help” fitxan, eta hor bideo bat agertuko zaizue. Screencast bat
    da, pantailako bideo bat. Ikusi, hor oso ondo agertzen baita zelan
    dabilen aplikazioa.
  2. Klik egin “browse” izeneko fitxan, eta ikusi beste batzuek zelako gauzak egin dituzten MindMeister erabilita.
  3. Izena eman eta egin zure lehen kontzeptu mapa.

Nik bat egin dut, eta hor azaltzen dut opor hauetan egindakoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin