Talo aurpegi hura

Atzo lagun batek goiko argazkia bidali zidan whatsapp bidez, Berria egunkarian atera zuela-eta. Argazkikoa neu nintzen, baina txokatu egin ninduen, oso aldatuta aurkitu bainuen neure burua. Artean konbaleziente nengoen minbizitik eta ondorengo tratamendutik, batez ere hezur-muinaren transplantea. Hark eragin ziezadakeen erretxazoa saihesteko, prednisona izeneko kortikoide bat hartzen ari nintzen, eta hark jarri zidan talo aurpegia, argazkian ikus daitekeen moduan.

Gogoan dut elkarrizketa Idoia Etxeberria oñatiarrak egin zidala, asteburu bateko bazkalostean. Tanger tabernako terrazan jarri ginen, eta hantxe izan ginen berriketan, giro onean.

Itxaropen garaia zen ordukoa niretzat, eta, zorionez, itxaropenak bete egin ziren. Besarkada handi bat minbiziarekin borrokan ari diren guztiei. Eutsi goiari!

Kategoriak Minbizia | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Liburu bat ona, film bat eskasa

Azken asteotan liburu bat irakurri eta film bat ikusi dut, gai beraren inguruan: Stefan Zweig idazle austriarra. Lehena bikaina iruditu zait; bigarrena, aldiz, eskasa.

Liburua

Liburua da The Impossible Exile. Stefan Zweig at the End of the World, George Prochnik idazle estatubatuarrarena. Zweig bezala, Prochniken gurasoak juduak ziren, eta Austriatik egin zuten ihes AEBetara, naziengandik ihesi. Horregatik, egileak aztertzen du exilioak Zweigengan eta beste iheslarirengan eragindako hausturak zenbateraino eraman zuen idazle austriarra bere buruaz beste egitera. Horrekin batera, ikertzen du gerra arteko Vienako giroa, liluragarria alde batetik, baina ikaragarria bestetik, bertan naziek sekulako izua eragin baitzuten. Liburua oso ondo idatzita dago, eta laguntzen digu hobeto ulertzen Zweig eta bere mundua.

Pelikula

Liburua amaitu berritan, kasualitatea, aukera izan dut ikusteko Stefan Zweig: Farewell to Europe pelikula, kontatzen duena idazle austriarraren exilioa. Baina ez zait gustatu, eskematikoegia iruditu baitzait. Bakarrik salbatuko nuke filmaren azken zatia, non erakusten baitira suizidioaren ondorengo irudiak, modu sotil eta originalean, armairu zahar bateko ispilu bat erabilita.

Kategoriak Zweig | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Azpidatziak euskaraz, bai ala ez?

Puntua aldizkariaren 136. zenbakian ondoko artikulu hau argitaratu dut Azpitituluak.com proiektuaren gainean:

Azpitituluak.com proiektuak marka aipagarria lortuko du aurten, hamar urtean bere katalogoa ezerezetik 1.000 pelikula edukitzera iritsiko baita. Eta film luzeez gain, film laburrak, telesailak eta dokumentalak. Hala ere, proiektua bera impasse batean sartu da, proiektuaren sortzaile eta alma mater izan denak, Luistxo Fernandez eibartarra, iragarri duelako utzi egingo duela. Ikusita zelako lana egin den eta zelako egoeratan, ulertzekoa ere bada erabaki hori.

Lan handia

Luistxok eta berarekin batera proiektu horretan borondatez lan egin dutenek lan izugarria egin dute euskarazko azpidatzien erabilera sustatzeko.

  • Plataforma dotore bat antolatu da —eta hori bereziki Luistxoren lana izan da—, jendeak eroso manejatzeko modukoa, dena bertan zentralizatuta.
  • Pelikula bakoitzari gehitu zaio informazio-fitxa bat, erabiltzailea gidatzeko. Bertan zehazten da filmak zer gai lantzen duen, talde teknikoa, kartela, eta oinarrizko informazioa, azpidatziak ondo sinkronizatzeko pelikularen bideoarekin. Bereziki gogorra izan da lan hori 2017an, Eusko Jaurlaritzak 500 bat pelikula berriren azpidatziak askatu zituenean, pelikula guztiei fitxa bana egin behar izan zitzaien-eta, argitaratu aurretik.
  • Osatu egin da itzultzaile bakoitzak igotako informazioa, azpidatziak ahalik eta bideo gehienarekin sinkronizatzeko.
  • Ikastaroak antolatu dira boluntarioak formatzeko, berauek ikas zezaten zelan bete pauso guztiak azpidatziak itzuli eta igoteko. Egia esan, boluntario kopurua ez da handia izan, eta batzuek denbora gehiago egin dute, beste batzuek baino, beti ere bakoitzaren disponibilitatearen arabera. Izan dira flash itsaropentsuak, esate baterako iaz Zumaiako Institutuko ikasleek bi film euskaratu zituztenean, baina saio horiek ez dute segidarik izan. Debagoienetik ere lagundu zaio proiektu honi. Goio Arana eta Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasleak, Marijo Deogracias eta ni, beste batzuen artean, hortxe ibili gara, ahal izan dugun neurrian laguntzen.
  • Animazio lana egin da sare sozialen bidez, igotako filmen berri emanda, eta jendea animatuz filmak euskaratzera eta, ikusle gisa, filmak euskarazko azpidatziekin ikustera.

Esan barik doa, lan horietako gehienak Luistxok gidatu ditu, batzuek erabat bere bizkar gainean hartuta. Ulertzekoa, beraz, hamar urte igarota bera nekatu izana.

Haize kontra

Izan ere, beti haize kontra ibiltzeak ere nekea eragiten du. Eta gure artean zenbait faktorek elikatu dute kontrako haize indartsua:

  • Inertzia zaharrak. Txikitatik ohitu gara pelikulak bikoiztuta entzutera: lehendabizi gaztelaniara; gero euskarara. Inertzia hori oso zaila da apurtzen, batez ere EITB taldeak zine bikoiztuaren alde egin zuenetik.
  • Oztopo teknikoak. Jende gehienari oso zaila egiten zaio azpidatziak euskaratzeko prozesua: torrenteak ezarri eta manejatu, azpitituluak bilatu eta sinkronizatu, etab.
  • Komunitate txikia gara. Hizkuntza handietan jende ugari elkartzen da horrelako lanetan. Gurean, berriz, gutxi. Horrelakoetan, aski izaten da batek “nahikoa” esatea, proiektua kolokan jartzeko, orain Luistxorekin gertatu bezala.
  • Netflix, HBO, etab. Kontrako haizea haizete bihur daiteke Netflix, HBO, Amazon, Movistar+ eta horrelako zerbitzuak gure artean sendotzen diren neurrian, horietan ezinago erraza baita aukeratzea azpitituluak ez ezik, baita hizkuntza bikoiztuak ere. Horrek, seguruenik, indartu egingo ditu orain arteko inertziak.

Egindako lana, pikutara?

Azpitituluak.com proiektua ez da hilgo 1.000 pelikula euskaratutako markara iritsitakoan. Luistxok leman ez egon arren, boluntarioek segituko dute filmak euskaratzen, orain arte baino polikiago bada ere. Eta erabiltzaileek izango dute non aukeratu, Azpitituluak.com proiektuaren katalogoak harribitxi gorde asko ditu-eta: inoizko 25 filmik onenak (beti ere Sight & Sound zine-aldizkariaren arabera), marrazki bizidun sorta ederra, zuzendari aipagarriak, aktore bikainak eta pelikula ahaztezinak.

Badago zer aukeratua. Aukeratzaileak behar dira, prest egongo direnak filmak bertsio originalean eta euskaraz ikusteko.

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Gatza, herri baten errolda grafikoa

Pozik izango dira Leintz-Gatzaga herriko biztanleak, Joxe Felix Diaz de Tuesta argazkilariak errolda grafiko bat egin baitu hango biztanleena. Berez orain bi urteko kontua da hau, baina oraingo berritasuna da egileak sarean jarri duela GATZA proiektuaren emaitza webgune zoragarri batean.

GATZA webgunea

GATZA izeneko liburua ikusgarria bada, GATZA webgunea haren sareratze bikaina da. Hauek dira, nire ustez, webgunearen ezaugarri nagusiak:

  • Argia. Webguneak ez du artifizio alperrikakorik. Orri nagusian sartuta, hortxe dago, argi eta garbi, webguneak zer eskaintzen duen. Hasiera, Liburua (PDF eder bat liburua kontsultatu nahi duenarentzat), Xeheki (liburuan sartu ez ziren argazki asko, interesgarriak oso, detaile txikiak erakusten baitizkigute: eskuak, begiak, objektuak…), Making of (argazki pilo horrek kontatzen du, grafikoki, zelan egin ziren liburuko argazkiak), Berriak (jasotzen du hortik zehar zer esan den erakusketaz eta liburuaz) eta Info (oinarrizko informazioa erakusketa honetaz, bost hizkuntzatan).
  • Nabigazio errazekoa. Argazkiak bi modutan ikus daitezke, oso modu intuitiboan: osotasunean, egileak prestatu duen parrilan, edo banan-banan, batean klik eginda, eta bertatik ezker-eskuinera joanda.
  • Bizkorra. Argazki bakoitzak pisu dezentekoa du sarean ere, Joxefek ez zuen-eta nahi kalitaterik gal zezaten. Hori errespetatuta, Anek lortu du webgunea oso bizkorra izatea, erabiltzailearen zorionerako.
  • Ederra. Liburuan bezala, bai argazkiek eta baita webguneak ere fondo beltza dute, letratipo dotorearekin. Esan liteke fondo horrek nabarmendu egiten duela argazkien indarra.

Ane Diaz de Tuesta

Eta lan horretan Joxefek ezinbestekoa izan du bere alabaren laguntza, Ane Diaz de Tuesta ingeniari informatikoa baita, eta informatikari moduan esperientzia luzea duen arren, hauxe izan du bere kasa, eta enpresatik kanpo, egin duen lehen proiektu potoloa. Mondragon Unibertsitatean Sistemen Informatika egin ondoren, Anek Bordelen amaitu zituen ikasketak, ENSEIRB-MATMECA Ingeniari Eskolan. Gaur egun Lectra enpresan egiten du lan, Bordelen bertan, web garapenean eta diseinuan.

Aita-alabak elkarlanean

Aita-alabek hilabeteak egin dituzte GATZA proiektua webera ekartzen, atzera-aurrera askorekin, bientzat lehen ahalegina izan baita horrelako produktu bat zelan aurkeztu sarean, eta, nire ustez, emaitza bikaina da. Alabak egin dio aitari web sinple bat, nabarmentzen dituena argazkilariaren estiloa eta dohainak.

Zorionak, bada, biei, eta zorionak Leintz-Gatzagako bizilagunei, orain artean sekula ez dugu-eta izan horrelako errolda ederrik begien aurrean.

Kategoriak Argazkigintza | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

Inoizko 25 filmik onenak, euskaraz

Galdetu zitzaionean Roger Ebert zine-kritikari estatubatuarrari hortik zehar dabiltzan zine-zerrendetan zein den sinesgarriena, hark Sight & Sound zine-aldizkari ingelesa aipatu zuen, Zine Institutu Britainiarrak hilero argitaratzen duena. Badakigu buru beste aburu dagoela, baina badirudi aldizkari horren zerrenda dela kanonikoena zinearen esparruan.

Sight & Sound zine-aldizkariak aldian behin ateratzen du zerrenda bat inoizko 50 film onenekin. Horretarako, galdeketa zabala egiten du adituen artean. Adibidez, azkena egiteko, 2012an, galdera egin zien 846 kritikari, programatzaile, akademiko, zuzendari eta banatzaileri.

Azpitituluak.com proiektuak ahalegin berezia egin du bere 10. urteurrenerako, eta inoizko 50 filmik onenetatik lehen 25ak euskaratu ditu, zinezale euskaldunek euskaraz goza ditzaten zinearen historiako perla hauek:

  1. Vertigo. Alfred Hitchcock (1958)
  2. Citizen Kane. Orson Welles (1941)
  3. Tokyo Monogatari. Ozu Yasujiro (1953)
  4. La Regle du jeu. Jean Renoir (1939)
  5. Sunrise: A Song of Two Humans. F.W. Murnau (1927)
  6. 2001: A Space Odyssey. Stanley Kubrick (1968)
  7. The Searchers. John Ford (1956)
  8. Chelovek’s kino-apparatom. Dziga Vertov (1929)
  9. La passion de Joan d’Arc. Carl Dreyer (1928)
  10. 8½ (Otto e mezzo). Federico Fellini (1963)
  11. Bronenosets Potyomkin. Sergei Eisenstein (1925)
  12. L’Atalante. Jean Vigo (1934)
  13. A bout de souffle. Jean-Luc Godard (1960)
  14. Apocalypse Now. Francis Ford Coppola (1979)
  15. Banshun. Ozu Yasujiro (1949)
  16. Au hasard Balthazar. Robert Bresson (1966)
  17. Shichinin no samurai. Kurosawa Akira (1954)
  18. Persona. Ingmar Bergman (1966)
  19. Zerkalo. Andrei Tarkosvsky (1974)
  20. Singin’ in the Rain. Stanley Donen & Gene Kelly (1952)
  21. L’avventura. Michelangelo Antonioni (1960)
  22. Le Mépris. Jean-Luc Godard (1963)
  23. The Godfather. Francis Ford Coppola (1972)
  24. Ordet. Carl Dreyer (1955)
  25. Fā yeuhng nìhn wàh. Wong Kar-wai (2000)

Eta zerrenda modu bisualagoan ikusteko, horra Goio Arana lagun eta azpidatzilariak prestatu duen kartela.

 

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Aniztasuna Kanadako telebistaren albistegietan

Joan den azaroa ezkero, CBC Kanadako Telebista Publikoak alde batera utzi du ingelesezko katean urteetako eredua, zeinaren arabera aurkezle bakarrak azaltzen zituen albistegiak. Harrezkero, eta Kanadaren aniztasuna bistaratu nahian, lau aurkezlek esplikatzen dituzte berriak gaueko albistegian, The National izenekoa. Argazkian, ezkerretik eskuinera: Rosemary Barton, Andrew Chang, Adrienne Arsenault eta Ian Hanomansing.

Aniztasuna modu askotara erakusten ari da The National albistegia:

  • Generoa. Lau aurkezleetatik, bi gizonak dira, eta bi emakumeak.
  • Arraza. Bi aurkezle zuriak dira. Bat asiar jatorrikoa. Eta laugarrena indiar leinukoa, nahiz eta Trinidad eta Tobagon jaioa izan.
  • Lurraldetasuna. Bi aurkezlek Toronton egiten dute lan, Kanadako hiririk handiena. Beste batek Vancouverren. Eta laugarrenak Ottawan, Kanadako hiriburua. Aurretik baina, hiruk lan egin dute Kanadako Mendebalean. Euretariko beste hiruk Quebecen jardun dute lanean.
  • Kazetaritza. Laurek dute esperientzia erreportari moduan, eta sariak jaso dituzte euren kazetaritza-lanagatik. Bi espezializatuta daude politikan, eta bat informazio lokalean. Halaber, aurretik denek egin dute lan irratian.

Albistegietako zuzendariak, Jennifer Maguire, horrela azaldu du modelo berria: “Nahi genuen benetako talde nazional bat, herrialdea ordezkatzen duena eta nabarmentzen dena kazetaritzan eta historiak kontatzen”. The National sei ordu-eremutan ematen da, eta, behar denean, eguneratu egiten da batetik bestera.

Kategoriak Telebista | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Frantzisko Xabierkoaren besoa, Kanadan

Harriduraz ikusi dut CBC Kanadako Telebista publikoan urtarrilaren 3an hasita, eta hilabetez, ustez Frantzisko Xabierkoa misiolari jesuitaren eskuin besoa dena zelan erakutsiko duten 14 herri eta hiritan, Kanadako zortzi probintziatan, erlikia sakratu gisa. Hango Eliza Katolikoak espero du 70.000 bat lagun hurbilduko direla beso usteldu gabea gurtu, ukitu eta ikustera.

Harriduraz diot, erlijioa ulertzeko era horiek Erdi Aroarekin lotzen ditudalako, garai bat non gauzarik harrigarriena ere erlikia sakratutzat saltzen baitzen, inolako froga barik. Harriduraz, horrelako gauzek atzeraka eragiten didatelako. Eta harriduraz Eliza Katolikoak bere horretan segitzen duelako, erlijioaren alderik fetitxistena bultzatzen, baita Kanada bezalako herrialde aurreratu batean ere.

Kategoriak Erlijioa | Etiketak , | Utzi iruzkina

Aurten 40 pelikula euskaratu ditut

2017 urte oparoa izan da niretzat euskarazko azpidatzien produkzioari dagokionez, sekula baino film gehiago euskaratu baitut. Iaz 18 itzuli banituen, aurten 40, doblea baino gehiago.

Kontuan izanda aurten Open Data Euskaditik film mordoa iritsi behar zirela, denak berri-berriak, erabaki nuen aspaldiko filmak euskaratuko nituela, konpentsatzeko-edo film berrien oldea. Hau da zerrenda:

  1. Michael Collins
  2. Girl with a Pearl Earring
  3. Casablanca
  4. Witness
  5. Road to Perdition
  6. The Man Who Shot Liberty Valance
  7. The Jazz Singer
  8. Butch Cassidy and the Sundance Kid
  9. The Graduate
  10. Frankenstein
  11. Forrest Gump
  12. Samsara
  13. Under Sandet (Land of Mine)
  14. Schindler’s List
  15. Bronenosets Potyomkin / Battleship Potemkin
  16. Singin’ in the Rain
  17. Sunrise: A Song of Two Humans
  18. The Searchers
  19. Chelovek’s kino-apparatom
  20. Tokyo Monogatari
  21. La Passion de Jeanne D’Arc
  22. Amadeus
  23. Persona
  24. The Silence of The Lambs
  25. L’Atalante
  26. Some Like It Hot
  27. Das Cabinet Des Dr. Caligari
  28. 8½ (Otto e mezzo)
  29. The Gold Rush
  30. Á bout de souffle
  31. Ordet
  32. The Immigrant
  33. Lady Macbeth
  34. Banshun
  35. Shichinin no samurai
  36. Au hasard Balthazar
  37. L’Avventura
  38. Le Mépris
  39. Apocalypse Now
  40. The General

Aldi baterako atsedena hartuko dut, irakurri ere egin nahi dut-eta, aurten apur bat baztertuta izan dudan zaletasuna.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Analfabetoentzat, azpititulurik ez

Egun hauetan Born a Crime liburua irakurtzen ari naiz, Trevor Noah komediante eta telebista-aurkezle hego afrikarrarena. Bera izatez mulatoa da —krimen izugarria apartheid garaian, aldi hartan debekatuta baitzeuden arraza desberdinen arteko sexu-harremanak—, eta liburuan bere haurtzaroa kontatzen du, oztopoz betea. 2015a ezkero, Trevor Noah-k The Daily Show telebista saio satirikoa aurkezten du AEBetan, arrakasta handiarekin. Hantxe, Trumpen mailu bihurtu da.

Kontua da bere liburuan aipatzen duela haurtzaroan zelan ikusten zituzten telebista-saioak, batzuetan bikoiztuta, eta besteetan soinu originalarekin. Bitxia iruditu zait, eta hona dakarkizuet:

Hazten ari nintzela, AEBetako telesaio-errepikapenak jasotzen genituen gure kateetan: “Doogie Howser”, “M.D.”; “Murder, She Wrote”; “Rescue 911”, William Shatner-ekin. Horietako gehienak bikoiztu egiten ziren afrikar hizkuntzetara. “ALF” afrikaans hizkuntzan zegoen. “Transformers”, xhoseraz. Baina nahi bazenuen saioak ingelesez ikusi, amerikar audio originala irratiz ematen zen, aldi berean (simulcast). Zure telebista mututu, eta hura entzun zenezakeen. (Hirugarren kapitulua: Trevor, egizu otoi)

Bistan da, apartheid garaiko beltzentzat ez zegoen aukerarik pelikulak-eta azpitituluekin ikusteko, gobernuak indarrez bermatua baitzuen gehienak analfabetoak izatea.

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Setsuko Hara

Setsuko Hara, Banshun filmeko fotograma batean.

Azken aldi honetan Yatsujiro Ozu zine zuzendari japoniarraren bi film euskaratu ditut: Tokyo Monogatari (Bidaia Tokiora) eta Banshun (Udaberri berantiarra). Eta bietan emakume aktore batek eman dit atentzioa: Setsuko Hara. Irakurtzen hasi haren inguruan, eta jakin dut Japonian mito bat izan dela, eta oraindik ere badela. Hainbeste, ze “Betiereko birjina” deitzen baitzioten, sekula ez zen-eta ezkondu.

Ozu hil zen urte berean zinema utzi eta Kamakuran jarri zen bizitzen, Ozurekin egindako film asko errodatu ziren lekuan, Tokiotik gertu. Mende erdiko bakartasuna igarota —aldi hartan Harak apenas eman zuen elkarrizketarik—, orain bi urte hil zen Setsuko Hara, 2015ean, 95 urte zituela.

Sennen Joyû (Milurteko emakume aktorea) anime filma, berau ere euskaratuta, neurri batean Setsuko Hararen bizitzan dago inspiratuta.

Kategoriak Azpitituluak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina