Euskal Wikilarien Kultura Elkartean

Joan den ostiralean Eibarren izan nintzen, Markeskua jauregian, bertan urteroko bilera baitzuen Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak. Berez, niri ez zegokidan bileran egotea, bezperan egin bainintzen elkarteko bazkide, 5€ ordainduta, baina animatu eta joan egin nintzen.

Egiari zor, bilerara joan nintzen laguntza bila. Azken aldian berriro hasi naiz lan apur bat egiten Euskarazko Wikipedian, sarrera batzuk sortzen eta beste batzuk osatzen, baina eragozpen dezente izan dut informazioa editatu eta, batez ere, erreferentziak behar bezala jartzeko orduan. Horregatik, pentsatu nuen bileran ezagutuko nuela norbait, geroago lagunduko zidana.

Hori aurkitu nuen, jendea laguntzeko prest, baina hori baino dezente gehiago ikusi nuen bilera-gela hartan. Ikusi nuen talde bat izugarri dinamikoa, heldua, euskaltzalea eta gauzak ezinago hobeto egiten ari dena.

EWKEren helburuak

Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE) lau helburu ditu:

  1. Euskaldunen esku jartzea kultura eta jakintza unibertsala, formatu askean dauden entziklopedien, liburuen, hiztegien eta bestelako agirien bidez.
  2. Sustatu, ezagutarazi eta zabaltzea euskarazko Wikipedia eta gainerako Wikimedia proiektuak. Sustapen hori bi norabidetan gauzatuko da: batetik, lehentasuna emango zaio lankide berriak sartzeari, edukien kopurua areagotu eta horien kalitatea hobetzeko; bestetik, bultzatuko da euskaldunen artean Euskarazko Wikipedia erabiltzea, beraren ikusgarritasuna indartu eta bisitarien kopurua handitzeko.
  3. Euskararen normalizazioari laguntzea, kultura —tokikoa eta unibertsala— hedatuz, Euskal Wikipedia bera eta beroni lotutako proiektuak baliatuta (Wikihiztegia, Wikiliburuak, Wikimedia Commmons…).
  4. Auzolana eta jakintza askea sustatzea, bat eginez Wikimediaren helburuekin.

EWKEeren lanak

Helburu horiek gidatuta, EWKE elkartea izugarri ari da zabaltzen elkarlana hitzarmen bidez (Ikastolen elkartea, Azkue Fundazioa, UEU, Susa argitaletxea, Elhuyar fundazioa, Berria egunkaria, Euskal Herriko fakultate guztiak…), ikastaroak antolatuz, wikiproiektuak sortuz (Euskal Haur eta Gazte Literatura, Idazlezainak, Herripediak…), nazioarteko topaketetan parte hartuta.

Ostiralean flipatu egin nuen talde horrekin, eta bertako jendeak egin duen bidearekin.

Nahi baduzue parte hartu merezi duen proiektu batean, harpidetu Euskal Wikilarien Kultura Elkartean (5€ baino ez dira) eta parte hartu Euskarazko Wikipedian.

Kategoria: wikipedia Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude