Valladolid, elurra, tximistak eta routerra

Hiru egun egin ditugu Valladolid hirian, lagun baten etxean. Gustatu zait hiria. Arkitektura interesgarria du, kale ederrak eta giro ona. Ostiralean prozesio bat ere ikusi genuen, baina horrek apur bat atzeraka eragin ninduen, ez baitzait gustatzen ostentazio hori.

Asmoa genuen igandean itzultzeko, baina ostiral gaueko iragarpenak ikusita, ekaitz gaiztoa zetorrela larunbat eguerdian, erabaki genuen larunbat goizean abiatzea etxera bidean. Gasteiztik Leintz-Gatzagaraino elurpean egin genuen buelta, baina onik iritsi ginen Elorriora.

Larunbat gaueko eta igande goizeko tximistek, berriz, hondatu egin zuten routerraren kablea etxean, eta Internet barik egon gara atzo arte. Jose Luis Agote lagunari esker, lortu dugu routerra berriro piztea, hura ere grogi geratu baitzen ekaitzaren ondorioz. Horri esker, hementxe gaude berriro ere, etxean eta konektatuta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Gaztelara

Miguel Delibesen herrira noa, Antonio Machadoren biografia bat eskuetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

8. probintzia, 26. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 26. saioa. 2008ko martxoaren 16an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

  • Bloga curriculum gisa.
  • Zertaz hitz egin den euskal blogosferan.
  • Bi blog aipagarri: Ibiltarixanak eta Sareinak.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Eliza katolikoaren gainbehera

Aurrekoan ikusi nuen CBS telebistan azken urteotan Eliza Katolikoak 23 milioi fededun galdu dituela AEBetan. Erraz esaten da: 23.000.000 katoliko gutxiago. Gaitzerdi hango elizarentzat, latinoek bete dute zulo hori nolabait. Noiz arte, baina?

Hau ez da Amerika, baina Ratzinger, Rouko eta enparauak buru diren bitartean, begitatzen zait hemen ere gainbehera geldiezina dela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Sukarrietako blogariak

Joan den astean Miren alaba eta bere ikaskideak Sukarrietan izan ziren, astebetez beste modu bateko ikasketak egiten, askoz ere lotuagoak izadiarekin. Pozik etorri zen bueltan, han lagun asko egin zuelako.

Bere ikaskide batzuek, gainera, blog bat egin zuten, Sukablogariak, eta hor ikusten da zelako lanak egin dituzten Sukarrietan. Zorionak irakasleei eta baita blogari gazteei ere. Oso lan txukuna egin dute.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

8. probintzia, 25. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 24. saioa. 2008ko martxoaren 9an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Mondragoen izan naiz

Miarritzera joan behar nintzen bazkaltzera, atzo zozketa bat irabazi bainuen gaurko, baina bidaia bertan behera utzi, eta nire jaioterrira joan naiz goiz erdian. Atzoko atentatuaren ostean, premia nuen elkartasuna adierazteko herriko sozialistei.

Hara joan aurretik, arretaz irakurri ditut Imanol Muruaren eta Anjel Lertxundiren zutabeak Berria egunkarian. Tamalez, ezin dut loturarik egin ez batarekin, ez bestearekin. Baita Katixa Agirrek eta Hasier Etxeberriak beren blogetan idatzitakoak. Bizirik gaude, pentsatu dut, herri honetan oraindik badago kemena horrelako basakeriei erantzuteko.

Behin Mondragoen, autoa Bizkaia etorbidean utzi dut, pentsaturik herri barruan ezingo nuela beste inon utzi. Handik oinez joan naiz plazarantz. Zarugalde ia hutsik zegoen. Arbolapetan, betiko joan-etorria, baina ezer berezirik ez. Zurgin kantoian bai igartzen zen mugimendu handiagoa, batez ere parrokia inguruan. Eta handik behera egin dudanean, Erdiko kaletik plazarantz, zer zen hura: furgonetak, antena paraboliko itzelak, kiosko bat telebista kameralarientzat… eta jende piloa udaletxerantz begira.

Garaiz nenbilen, eta Elkar liburu dendan sartu naiz, denbora egiteko. Irten naizenerako, Erdiko kale anabas hutsa zen: furgonetak, autoak, oinezkoak… Udaletxerantz egin dut, eta arkupetan itxaron dut, atari nagusiaren ondoan. Kazetariak eta bizkarzainak, trumilka. Eta militante sozialista batzuk, triste. Halako batean, agintariak eta ordezkari politikoak jaisten hasi dira. Aurpegi ezagunak, eta flashak lan etengabean.

Ismael besarkatu dut, eta Paco agurtu, Arrasateko militante sozialistak. Durduzatuta ikusi ditut, noraezean moduan, eta hunkituta. Halako batean, isiltasuna egin da plazan, eta hantxe egon gara, hamar bat minutuz. Alderdietako ordezkari asko zegoen han, baina mondragoetar gutxi esango nuke, batez ere sozialistak ez diren mondragoetarrak. Halako batean, txaloek hautsi egin dute isiltasuna, eta orduan alde egin dut, autorantz.

Kategoriak Sailkatugabeak | 5 iruzkin

Isaias Carrasco

Zelan idatzi Interneten, horixe ari nintzen azaltzen ikasleei gaur arratsaldean. Saioaren erdian, atsedenaldi labur bat egin dugu, eta orduan jakin dut, ikasle batzuek esanda, PSE-EEko zinegotzi ohi bat hil dutela Mondragoen, tirokatuta.

Ez nuen ezagutzen Isaias, baina, lerro hauen bidez, nire besarkadarik sentikorrena eman nahi diot bere familiari. Baita Paco Garcia eta Arrasateko talde sozialistari ere. Isaias hil dutenei, berriz, nire mespretxurik handiena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 12 iruzkin

Sagarrak eta legarrak

Azaltzen diedanean nire ikasleei zelan
txertatu argazki bat blogean, esplikatzen diet Flickr zerbitzuan
kopiatu beharreko HTML kode puska ezin dela itsatsi blogean, aurretik
ez bada hango testua HTML bihurtu, “ezin baitira nahasi sagarrak eta
legarrak”.

Hori behin eta berriro aipatzen diet, eta ikasleek barre egiten
dute, ateraldi bitxi bat bailitzan, baina nago horrek berak laguntzen
diela egin beharrekoa hobeto ulertzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Nire erreminta eta webgunerik erabilienak

Hona hemen zerrenda bat, zer erreminta eta webgune erabiltzen dudan gehien, Web 2.0 erakoak. Astean behin, gutxienez, hor nonbait. Ikusi dut Tech Crunch webguneak urtez urteko konparazio bat egiten duela, eta erabaki dut, nik ere horrelako zerbait egin dezakedala. Hurrenkera alfabetikoan jarri ditut:

  • Amazon
  • Blogak.com
  • Bloglines
  • del.icio.us
  • Firefox
  • Flickr
  • GarageBand
  • Gmail
  • Goiena.net
  • Googdesk
  • Google Analytics
  • Google Calendar
  • Google Docs
  • Google Groups
  • Google News
  • Google Notebook
  • Google Search
  • HUHEZIren webgunea
  • iPhoto
  • iTunes
  • Miro
  • Odeo
  • Snipshot
  • Sustatu.com
  • Wikipedia
  • YouTube
  • Zabaldu.com

G ugari agertzen da hor, Googlen aplikazio asko. Badakit, eta hanka-sartze bat izan daiteke Googlen hainbeste aplikazio erabiltzea, baina hain ondo dabiltza, eta hain erosoak dira…!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin