Aldatu egin da gure irakurtzeko modua?

Will Richardson pedagogoari irakurrita, jakin dut Nicholas Carr idazleak artikulu bat idatzi duela The Atlantic aldizkarian, Is Google Making Us Stupid? (Googlek lerdoak egiten gaitu?), eta artikulu horretan hausnarketa egiten duela, besteak beste, zelan aldatu den egilearen beraren irakurtzeko modua. Hona hemen hausnarketaren zati bat, modu librean euskaratuta:

  • Azken urteotan irudipen desatsegina izan dut baten bat katxarreatzen ibili dela nire garunetan, zirkuitu neuronalak berrantolatzen, oroimena birprogramatzen. Nire adimenak ez du hutsik egin —hori uste dut, behintzat—, baina aldatzen ari da. Dagoeneko ez dut pentsatzen lehen egiten nuen eran. Eta hori igartzen dut batez ere irakurtzerakoan. Lehen erraza egiten zitzaidan murgiltzea liburu batean edo artikulu luze batean. Narrazioak edo argudioen gorabeherek harrapatu egingo zuten nire arreta, halako moldez non ordu luzeak igaro nitzakeen prosaren ibilbide luzeetan barrena. Gaur egun, ostera, ez zait horrelakorik gertatzen. Orain, bizpahiru orrialde irakurrita, hasten naiz arreta galtzen. Urduri jartzen naiz, galdu egiten dut haria, eta hasten naiz beste zerbaiten bila. Sentitzen dut borrokan nabilela arreta testura itzultzeko. Lehen era naturalean egiten nuen irakurketa sakona, borroka latza bihurtu da.

Egia esan behar baldin badut, pantailaren aurrean nabilenean, niri ere horrelako zerbait gertatzen zait. Hala ere, oraindik ez dut galdu gustua liburuak patxadaz irakurtzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

8. probintzia, 38. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 38. saioa.
2008ko ekainaren 15an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

  • Ikasgela eta
    teknologia berriak eta elkarrizketa Maite Goñiri.
  • Zertaz hitz
    egin den euskal blogosferan.

boomp3.com

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Eskaria Euskadiko Kutxari

Zenbat aldiz izan ditugun arazoak CajaLaboralNet erabilita, baina sekula ez dugu ezer egin horren gainean. Gari Araolaza blogariaren pilota partidaren berri izan ondoren, berriz, ni ere animatu naiz gutun bat bidaltzera gure bankura, kontuan har gaitzaten Firefox erabiltzaileok. Hauxe:

Euskadiko Kutxako lagunak,

Lerro hauen bidez jakinarazi nahi dizuet CajaLaboralNet ez dela ondo ikusten Firefox nabigatzailearekin, nik erabiltzen dudan nabigatzailearekin. Eta eskatu nahi nizueke, mesedez, egokitzeko zuen webgunea Firefoxekin ere normal lan egiteko.

Izan ere, inguru honetan Firefox erabiltzaileak %20 inguru gara, hamarretik bi, eta horietako asko, kooperatibistak, ni bezala.

Proposamen hau aztertu eta irtenbide bat emango diozuelakoan, eskerrik asko zuen arretagatik.

Joxe Aranzabal

Postdata: Firefox erabiltzaileek nahi baduzue horrelako gutun bat bidali Caja Laboralera, idatzi hona: Cajalaboral.Net(abildua)cajalaboral.es

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Gazteek ez dutela idazten?

Oso gustura hartu dut Consumer Eroski aldizkariaren paperezko bertsioa erabat euskaraz. Beti izan da aldizkari ona, eduki interesgarriekin, baina orain balio handiagoa du niretzat, euskaraz iristen zait-eta. Esku artean dudan alean, honako hitz hauek esan ditu Ana María Vigara gazte hizkeraren ikertzaileak:

  • Internet zoragarria da. Komunikazioaren mundua irauli du, eremu guztietan, gainera, baita eremu pertsonalean ere. Gazteek, adibidez, sekula ez dute idatzi gaur adina; baina gaur, ez dute idazten lehengo tokietan, ez lehen bezala, eta ez lehengo euskarrietan ere. Hain zuzen, horitxe bereizten ikasi behar dugu: mezu elektroniko formal bat idaztea ez dela lagun bati idaztea bezala, mezu elektroniko bat idaztea ez dela Messengerrez aritzea bezala, mezu elektroniko bat idaztea ez dela azterketa bat egitea bezala, eta idaztea ez dela hitz egitea. Lortzen badugu hori garbi eduki dezaten, nola ez dira horretara egokituko; gizakiok gaitasun harrigarria dugu zernahitara egokitzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Idoia, sekula baino digitalago

Nork
esango zion orain hilabete Idoia Larrañagari blog batean sartu,
erantzun bat idatzi, eta mezuak bidaltzen hasiko zela posta
elektronikoa erabilita? Edo Flickr bisitatuko zuela noiz edo behin,
argazki bila? Edo Skype erabiliko zuela itsasoz bestaldean dagoen beste
pertsona batekin berba egiteko? Eta hori guztia Macbook batean egingo
zuela?


Baina orain astebete
semea Brasilera joan zitzaion, auskalo zenbat denborarako, eta, ikusi
duenean hura bloga eta txata erabiltzen ari dela munduarekin
komunikatzeko, amaren premia gailendu egin da, eta Idoia hasi da,
poliki-poliki,  ordenagailua eta Internet erabiltzen. Bizkor ikasten
du, bere familiaren laguntzarekin, eta horrek bultzatzen du gero eta
aplikazio gehiago erabiltzera.



Gaur egun, semea joan eta egun gutxira, Idoiak Gmail kontu bat dauka,
Skype kontu bat, eta egunero sartzen da Jonen blogean eta Flickr
kontuan,
nobedade bila. Semearen joana mugarri bat izan da Idoiaren
bizitzan. Web 2.0ri esker, baina, hurbil sentitzen da semeagandik. (Argazkian, Idoia eta Zanna).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

8. probintzia, 37. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 37. saioa. 2008ko ekainaren 8an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

boomp3.com

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 5 iruzkin

Azpititulu desegokia

Berriaren azala
Gaur goizean harri eta zur geratu naiz Berria egunkariko azalean irakurri dudan azpititulu batekin. Txabi Etxebarrieta hil zutela 40 urte igaro direla-eta, albistearen azpitituluak zioen:

  • “ETAko kidea Guardia Zibilak tirokatua hil zen, 1968ko ekainaren 8an. Bilbon, bere jaioterrian, omenaldi beroa egin diote ehunka lagunek”.

Aipatu ere ez (gero albistean bai, barruko orrialdeetan) lehenago Txabi Etxebarrietak berak hil zuela beste guardia zibil bat, Jose Pardines, ETAren lehen biktima mortala. Informazio zati hori, falta dena, pertinenteagoa iruditzen zait azpitituluaren bigarren esaldia baino, omenaldi beroarena argazki oinak esan zezakeen-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 5 iruzkin

Reala, gero eta okerrago

Ez zait inporta Real Sociedad futbol taldea 1. mailara igotzen ez bada. Ez du merezi. Realeko lehendakariak bozeramale elabakarra izendatu du, Luis Maria Antoñanak ez baitaki euskaraz. Nire ikuspegitik, horrek esan nahi du Real Sociedad futbol taldea ez dagoela prest 1. mailan jokatzeko, ez baita gai bere inguruko gizartea kontuan hartzeko.

Realaren testuinguruak diosku euskara hizkuntza ofiziala da Euskal Autonomia Erkidegoan, baita Gipuzkoan ere. Herrialde horretan, gainera, euskaldun kopurua inon baino handiagoa dela, eta D eredua dela nagusi unibertsitatez kanpoko hezkuntzan.

Era horretako erabakiak oso urrun daude bikaintasunetik, berau ez baita erakusten futbol zelaietan bakarrik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Asmakizun erabakigarriak

Aspaldi honetan La ciencia y la vida liburua daukat esku artean, Olga Lucas idazleak egindako liburua, non jasotzen baita Jose Luis Sampedro idazleak eta Valentin Fuster kardiologoak izandako elkarrizketa luzea, eta hor irakurri diot Sampedrori zerbait harrigarria:

  • Jakina denez, bolbora, iparrorratza eta moldiztegia asmakizun erabakigarriak izan ziren Erdi Arotik Aro Modernora igarotzeko. Bolborak lagundu zuen gazteluak eraisten, feudalismoa; iparrorratzak ekarri zituen nabigazio handiak, ozeanoak zeharkatzeko; eta moldiztegiak lagundu zuen ideiak zabaltzen (69. or.).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Hor nonbait, Brasilen

Jon Bautista nire loba Brasilera joan da, Zanna bere neskalagunarekin batera. Bidaia iniziatikoa izango da hau Jonentzat. Beste sasoi batean beste batzuek egin genuena egingo du berak orain, 22 urterekin: irten mundura, eta bere lekua aurkitu.

Hori bai, hara egin aurretik, Jonek blog bat sortu zuen, Hor nonbait, eta blog horretan emango digu bere joan-etorrien berri. Blogean jakin dugu, adibidez, bidaia ondo egin dutela, eta onik iritsi direla Bahiara. Animatzen bazarete, utziezue animozko erantzun bat Joni eta Zannari, eskertuko dizuete-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina