Igande ederra Esteñibarren

Paseoan Gazeta auzorantz
Joan den igandean Esteñibar baserrian elkartu ginen Aranzabaldar gehienak, Elorrion, Fatimak eta Mikelek bertan bazkaltzera gonbidatuta. Betiko moduan, etxeko jaun-andreek etxean bezala sentiarazi gintuzten. Bapo jan, majo edan, Tourra ikusi (ni bezala tartean lokartu ez zirenak), eta ibilaldi polita Gazeta auzoan, eguzkia lagun. Egun gozoa izan zen, bihotza samurtzen duten horietakoa. Eskerrik asko!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Botila ardoarekin bueltaka

Irakurri berri
dut Nikolas Zendoiaren azken liburua, Sasi guztien gaiñetik, era horretako
beste zenbait liburu baino gusturago irakurri ere, egilearen ironiari
esker batez ere. Atentzioa eman dit Nikolasek zein ondo darabilen
botila ardo / ardo botila binomio hori. Eta gogoratu naizenez sasoi
batean Sustatun gai horretaz idatzi nituen bi artikuluk —Botila bat
ardo ala ardo botila bat?
eta Botila hautsi eta nahasmena itzuri
zelako hautsak harrotu zituzten, erabaki dut hona ekartzea Nikolasen
esaldiak grafia batuan, adibidetegi ona osatzen dute-eta.

Edukia adierazteko
Multzo handi batean edukiaz hitz egiten du Zendoiak

  • Etxera abiatzeko, kopa erdika bana ardo goxo edan Serorategin, eta neska eta mutil nahasian etxera. (29. or.)
  • Garrafoika ardoa ere egun horretarako han izaten zen. (48. or.)
  • Kazuelka txokolate egina ere hantxe ba, su gainean pil-pilka. (52. or.)
  • Ni zuek joatearren joaten nauk. Eta serorategian kopaka bat ardo goxo edateagatik. (174. or.)
  • Eltze handika salda ederra egiten nuen beti. (274. or.)
  • Platerkada bat babarrun gorri, urdai zatia eta baso handia bete sagardo eta ogia eramango zizkion. (74. or.)
  • Gero, jakinekoa: esnea taloarekin. Bakoitzari katilukada bana esne. (92. or.)
  • Edaten zuten basokada sagardoa jokatu eta abar. (105. or.)
  • Gero, afaria aurrera zihoan heinean, eta txarrokada ardoak hustutzen
    zihoazen heinean, muturrak gorritzen, kontua ugaltzen… (107. or.)
  • Sukaldean, emakumeek ur epelarekin beteta prest eduki ohi zituzten
    pertzakada urak, eta etxean egindako jaboi-zatiak, jakina. (114. or.)
  • Aurrena, ondo jaboitu; eta gero, kazuelkada ura bizkarrera eta burura. (114. or.)
  • Pertzakada esnea ere su gainera, ahia egiteko, eguerrezko kutxarekin mila buelta emanez. (130. or.)
  • Jakina:
    bi barau-egun haietan, goizeroko pertzakada esnea egosi beharrean,
    ukuiluko txahal argalenari ematen zitzaion gure gosaritarako zegoen
    esne partea. (143. or.)
  • Amak lagatako betiko kazokada kafesnea zopaz beteta han zegoen, baina zerbait gehiago nahi, kontxo! (187. or.)
  • Kazokada kafesnea / ez zen erdibitu / ta oilarrak ez zeukan / hainbeste delitu. (189. or.)
  • Goiz-iluntzetan bildutako kanpazokada esnea beste ontzi handiren batera txukun asko pasatuko zuen irazkiz. (197. or.)
  • Eta amona ere beldurtu da. Esnea ona dela bota arazteko, eta jarri du su gainean epeltzen pertzakada esnea. (285. or.)
  • Hor,
    kanilaren ondoan, neska bat esertzen zen silla batean, jendeari
    sagardoa zerbitzeko. Basokada sagardoak ematen eta kobratzen. (306. or.)
  • Derrigorra
    ez zen; baina lagunek ematen zuten tabarra ez jasotzearren, bakeagatik,
    atera egin behar denei baxoerdi bana ardo. (35. or.)
  • Berehala etorri zen berriz ere botila ardo ederrarekin. (37. or.)
  • Guk txikiteoa deitzen diogun tabernaz taberna baxoerdi ardoak edaten ibiltze hori ez omen da oso antzinakoa. (104. or.)
  • Uste det amari ere botila-erdi bat olio xahutu niola. (122. or)
  • Gurdi garoaren ondotik edo ahal zen tokitik tirako zizkien bi tiro. (122. or.)
  • Baina nola etorriko ote zen Iribar, eta hiru litroko botila txanpaina handi bat bizkarrean zuela. (185. or.)
  • Hango tirripi-tarrapa hotsa, hango kea, pare bat botila txakolin ere hustuta… (214. or.)
  • Hi, txikito. Baso bat ur emango mesedez? (220. or.)
  • Zera: hiru pezeta balio zituen botila erdi ardoa jokatzen. (254. or.)
  • Meza ondoren, salda bero ederra franko ematen nion jendeari. Lukainka-mutur ederrik ere bai, baso ardoarekin. (274. or.)
  • Jarri da petrilean eserita, eta bi edo hiru tragotan hustu du pitxarreko botila sagardoa. (308. or.)

Botila mota adierazteko
Hiru esaldik, berriz, edukia ez baizik eta botila mota adierazten dute:

  • Nik begi-bista ona ez daukat, baina ardo-botilaren txartelak hala jartzen zuen: Rioja, Crianza de 98. (91. or.)
  • Gari-jotzean eta Gabonetan eta igitari eta laiariak-eta zirenean
    hustutako patar-botilak izaten ziren orduan sagardo-enbotilaketarako
    ondo garbituta jasoak. (222. or.)
  • Txispa guri jarri zitzaigun han: hirugarren ardo-botila ipurdiz gora jarri eta tantarik botatzen ez zuenean. (245. or.)
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Mondegreen

Merriam-Webster hiztegiak onartutako berba berrien artean, bat dago berezi askoa: mondegreen.

  • Mondegreen: hitz edo esaldi gaizki ulertuak, batez ere abestietan, baina baita aipu eta klasikoen erreferentzietan.

Merriam-Webster hiztegiak dio hitz hori datorrela Eskoziako balada batetik, non hitzek esaten zuten “laid him
on the green”, baina denborarekin, jendeak amaitu zuen esaten “Lady Mondegreen”.

Gure
etxean badugu horren adibide bat. “Joxe Migelen batela, txitxarrua ta
berdela…”
abestia, guk beti abestu izan dugu “Joxe Migel de Matela,
txitxarrua ta berdela…”, arreba zaharrenetik hasi eta arreba
gazteenarekin amaitu. Bego emazteak zenbat barre egin duen gure lepotik
nahaste edo mondegreen hori dela-eta! Seguru nago beste askok ere
adibide mordoa izango duzuela bazterretan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Geek-en eragina hizkuntzan

Merriam-Webster
hiztegiak 100 hitz inguru onartu ditu hiztegian, alor guztietakoak.
Atentzioa eman dit, hala ere, horietako zenbat agertzen diren
teknologia berriei lotuak, hala nola, netroots, malware eta webinar.

  • Netroots: aktibismo politiko antolatua, blogak, wikiak eta bestelako gizarte hedabideak erabilita.
  • Malware: software gaiztoa, diseinatua sareen lana hondatzeko.
  • Webinar: online mintegia edo mintegi birtuala, zeina egin baitaiteke audioa eta bideoa erabilita.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Doktore tesia, bertan behera

Nik eskatuta,
Huheziko Zuzendaritzak kendu egin dit obligazioa doktore tesia egiteko.
Euskarazko Wikipedia zen nire tesiko gaia, baina hor geratuko da, beste
norbaitek hartu bitartean.

Otsaila ezkero,
oso lanpetuta ibili naiz, eta astean tesia egiteko nituen bi egunak
askotan erabili ditut beste lan batzuk egiteko, fakultatekoak. Horrek
estutasuna eragin dit, ez nenbilelako tesia egiten, eta txarto pasatu
dut, urduri. Horrekin batera, pare bat hilabete pasa ditut ahul eta
nekatuta. Galdakaoko Ospitalera joan nintzenean miaketa egitera,
emaitzak onak izan ziren. Esan zidaten seguruenik prozesu biriko bat
igaro dudala, arrastorik uzten ez duten horietako bat, baina ondo
nagoela. Horrek animoa eman zidan, baina ezin eraman tesiaren zama, eta
eskatu nien neure arduradunei kentzeko betebehar hori gainetik, eta
emateko aukera hori lankide gazte bati, proiekzioa izango duena
ikertzaile moduan. Zorionez, bai zuzeneko arduradunek eta baita
zuzendaritzak ere, onartu egin dute proposamena.

Jakina,
pena eman dit gaia alde batera uzteak, Euskarazko Wikipedia oso gai
erakargarria delako, baina nire osasunak eskertuko du erabakia. Eta
hona iritsita, eskerrak eman nahi dizkiet Aitor Zuberogoitia lankide
eta tesi zuzendariari, nirekin izan duen arduragatik, Fred Freundlich
lankide eta lagunari, berak gidatu bainau tesi kualitatiboen bidetik,
Arkaitz Zubiagari, hasiera-hasieratik eskaini zidan laguntzagatik, eta
Bea Zabalondo, Andres Gostin eta Iñaki Garcia lankideei, nirekin izan
duten jarrera ulerkorragatik. Faroan bertan behin baino gehiagotan
animoak eman dizkidazuenei ere, mila esker.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Jon “fontaneroa”

Bilera batean nengoela, atzo
11:52etan telefonoak jo zuen. Bego zenez, emaztea (horrela agertu
zitzaidan eskuko telefonoaren pantailan), hartu egin nuen. Nire
harridurarako, gizon batek erantzun zidan:

– Nor zara zu?
– Jon fontaneroa.
– Zer dela-eta deitzen didazu, ba?
– Zuk deitu didazu niri!
– Nik ez dizut deitu.
– Bai, hemen agertzen zara.
– Eta zuk zer egiten duzu nire emaztearen telefonoarekin?
– (…)

Hortxe
amaitu zen elkarrizketa, Jon delakoak eten egin baitzuen deia.
Berehala, Begori deitu nion zenbaki berera, pentsatu bainuen telefonoa ostu ziotela, eta hark erantzun ez.
Orduan, lanera deitu nion, eta, orduan bai, hartu zidan telefonoa.
Sakelakoa, gainera, bere aurrean zeukan. Begok esan zidan berak ez
zidala deitu. Nik deitu niola, baina ez niola hitz egiten. Baina nik,
bistan zegoen, ez nion deitu.

Biok ditugu
telefonoak Euskaltelen, eta argi dago baten bat ibili dela gure
telefonoetan bazterrak nahasten. Oker ez banabil, gainera, horrelakoei
“fontaneroak” deitzen zitzaien, adibidez, Carlos Garaikoetxeari
entzunketak egin zizkiotenean. Horrekin gogoratu  nintzen. Eta pentsatu
nuen Jon “fontaneroa” auskalo noren aginduz eta zeren bila ari den gure
elkarrizketak kontrolatu guran.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Hiru blogari

Aspaldiko partez, atzo goizeko 10:00etan arineketan egitera irten nintzen. Berrogei minutu geroago itzuli nintzenean, Euskadi Irratia piztu eta hiru blogariren jarduna entzun nuen, gustura entzun ere, Josu Mendikutek, Jozulinek eta Patxitraperok gauza interesgarri askoak esan baitzituzten.

Ordu erdian hiru blogarik —uste dut datorren astean beste bi izango direla, oker ez banago— joko handia eman dezakete hemendik aurrera. Atzo, behintzat, Arantxa Artzek zuku ona atera zien. Zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 5 iruzkin

Izartxoak blogean

Denbora luzez izan naiz Blogger  plataforma erabili barik, Gizakom
bloga urtebete inguru izan dut-eta lo. Atzo, berriz, konturatu nintzen
bi berrikuntza sartu dituela, interesgarriak:

  • Izartxoak, irakurleak artikulua kalifika dezan, Amazonek-eta liburuekin
    egiten duten moduan. Irakurlea beti ez da sentitzen erantzun bat
    idazteko moduan. Horregatik, interesgarria da beste bide hau, bere
    iritzia jasotzeko. Nigatik balitz, euskarazko blog plataformetan ere jarriko nuke ezaugarri hau.
  • Aukera erantzunak orrian bertan idazteko. Lehen Blogger-ek sistema
    arraro bat zeukan erantzunetarako. Oraingoak antz handiagoa du beste
    plataformetan erabiltzen denarekin.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Agur 8. probintziari

Joan den igandean,
ekainak 29, egin genuen 8. probintzia atalaren azken saioa Euskadi
Irratian.
Bederatzi hilabete izan dira, eta 40 saio, denak zuzenean
eginak. Niretzat esperientzia polita izan da, lehendabiziko aldiz egin
baitut lan irrati batean. Helburua nuen euskal blogosferaren inguruko
informazioa erraz eta samur zabaltzea, eta hori ez dakit lortu dudan,
baina, saiatu behintzat, saiatu naiz.

Azkenerako
apur bat nekatuta iritsi naiz, igande asko sakrifikatu behar izan
ditut-eta saioa betiko orduan egiteko. Esandakoa: amaitu dut, eta
pozik. Mila esker saioaren jarraipena egin duzuenei, bai irratian
bertan, edo baita podcastetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 5 iruzkin

8. probintzia, 40. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 40. saioa. 2008ko ekainaren 29an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

boomp3.com

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina