Doktore tesia, bertan behera

Nik eskatuta,
Huheziko Zuzendaritzak kendu egin dit obligazioa doktore tesia egiteko.
Euskarazko Wikipedia zen nire tesiko gaia, baina hor geratuko da, beste
norbaitek hartu bitartean.

Otsaila ezkero,
oso lanpetuta ibili naiz, eta astean tesia egiteko nituen bi egunak
askotan erabili ditut beste lan batzuk egiteko, fakultatekoak. Horrek
estutasuna eragin dit, ez nenbilelako tesia egiten, eta txarto pasatu
dut, urduri. Horrekin batera, pare bat hilabete pasa ditut ahul eta
nekatuta. Galdakaoko Ospitalera joan nintzenean miaketa egitera,
emaitzak onak izan ziren. Esan zidaten seguruenik prozesu biriko bat
igaro dudala, arrastorik uzten ez duten horietako bat, baina ondo
nagoela. Horrek animoa eman zidan, baina ezin eraman tesiaren zama, eta
eskatu nien neure arduradunei kentzeko betebehar hori gainetik, eta
emateko aukera hori lankide gazte bati, proiekzioa izango duena
ikertzaile moduan. Zorionez, bai zuzeneko arduradunek eta baita
zuzendaritzak ere, onartu egin dute proposamena.

Jakina,
pena eman dit gaia alde batera uzteak, Euskarazko Wikipedia oso gai
erakargarria delako, baina nire osasunak eskertuko du erabakia. Eta
hona iritsita, eskerrak eman nahi dizkiet Aitor Zuberogoitia lankide
eta tesi zuzendariari, nirekin izan duen arduragatik, Fred Freundlich
lankide eta lagunari, berak gidatu bainau tesi kualitatiboen bidetik,
Arkaitz Zubiagari, hasiera-hasieratik eskaini zidan laguntzagatik, eta
Bea Zabalondo, Andres Gostin eta Iñaki Garcia lankideei, nirekin izan
duten jarrera ulerkorragatik. Faroan bertan behin baino gehiagotan
animoak eman dizkidazuenei ere, mila esker.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

4 Responses to Doktore tesia, bertan behera

  1. egilea: Jozulin

    Ondo egin duzu, Joxe. Badakizu: Lehenbizi, bizi. Eta gero ere bai. Disfrutau zeure denboraz!

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Jozulin! Aholku ona.

  3. egilea: iturri

    Aupa Joxe: Oraintxe irakurri berri dut zure post hau. Zer egingo diogu ba! Hartu arnasa udan zehar, berotu hezurrak eta iritsiko da iraila. Gero-gerokoak. Carpe diem.

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Mikel! Carpe diem.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude