Berak sortu zuen World Wide Web, www edo sarea, eta, horrekin bakarrik, gure bizitzak aldatu ditu. Herenegun Bruselan izan zen Tim Berners-Lee, Europako Parlamentuan, eta bertan adierazi zuen zenbait gobernuk egile eskubideak babesteko ezarri nahi dituzten neurri zorrotzek urra ditzaketela erabiltzaileon oinarrizko eskubideak. Materiala legez kanpo jaisten dutenei Interneterako sarbidea eteteaz ari zen.
Tim Berners-Leeren iritziz, AEBetan horrelako lege bat konstituzioaren aurkakoa izango litzateke. Bestalde, ez litzateke oso eraginkorra, horretan ari direnek asma ditzaketelako bideak truke horiek mozorrotzeko, halako eran non emango bailuke bideo konferentzian ariko liratekeela. Ikertzaile ingelesak behin eta berriro esan zuen Interneterako sarbidea oinarrizko eskubide bat dela, eta jendea espiatzea arazo bat dela, eta ez litzatekeela egin behar.
Berners-Leek azpimarratu zuen artistek jaso behar dutela saria egindako lanaren truke, baina jendeari erraztu behar zaizkiola bideak zuzen joka dezan. Bide horretan, poza agertu zuen zenbait enpresa hasi direlako mugarik gabeko formatuak erabiltzen musika eta bideo artxiboentzat. Halaber, laudatu egin zuen Radiohead musika talde britainiarra, aukera eman diolako jendeari bere azken diskoa jaisteko, bakoitzak nahi zuenaren truke.
Bitartean, Espainian musikari talde batek nahiago izan du mezu histerikoak zabaldu lau haizeetara, esanez bost urtean musika desagertu egingo dela. Patetikoa.