Arrasateren gainbehera, mahai gainean

Abuztuko egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizik ez zen mahai baten bueltan nengoela, ekarri zuen solasak, izan zen perpausa nola Arrasate gainbehera doan, garai batean, eta gaur egun ere, kooperatibak direla-eta munduan hain miretsia den herria. Mahaikideen esanetan, ez badu garaiz noranzkoa aldatzen, laster baino lehen lo-hiri bihur daitekee Arrasate.

Elkarrizketak aurrera egin ahala, solaskideek aipatu zuten Arrasateren gainbehera eta erortzea hainbat esparrutan igartzen dela. Merkataritzan, esate baterako, non merkatariek burua altxatu ezinda segitzen baitute. Edo kulturan, non eskaintza oso pobrea den, hainbesteraino non jende asko Gasteiz, Donostia eta Bilbora joaten den zerbait interesekoa ikusi nahi duenean, edo Elorriora, non aurrekontu askoz ere txikiagoarekin, egitasmo dezente zabalagoa eta erakargarriagoa eskaintzen den. Beste horrenbeste kirolean, non futbolean behinik behin, Mondrak 3. mailan jokatu ezinik segitzen baitu, zerikusirik ez Eibarrekin, ez oso aspaldi krisialdi handia gainditu zuen herria. Halaber, hizketakideek iritzi zioten Mondragoen ez dela igartzen bertan unibertsitate bat dagoenik, kultur eraginari dagokionez bederen. Eta lidergo garbia falta dela, oro har, herria aurrera ateratzeko, ez norberaren txiringitoa gizentzeko.

Harrituta nengoan ikusita nolako pesadunbrea hedatu zen mahaian solasak aurrera egin ahala, mahaikide guztiek biziki maite baitute Arrasate. Nolanahi ere den, amaieran ez zen proposamenik falta Arrasate zulotik ateratzen laguntzeko.

Solasaskideek iritzi zioten, hasteko, ona litzatekeela aztertzea bi kasu soziologikoki eta ekonomikoki antzekoak, nola diren Arrasate eta Durango, zeina azken urteotan gora eta gora egiten ari den, Arrasaterekin kontraste bizian. Orobat, egokia litzatekeela aztertzea beste herri edo hiri batzuk nola irten diren zulotik, haietatik ikasteko. Eta, azkenik, ezen ez azkena, herriko hainbat estamentu, enpresa eta eragile batu beharko liratekeela, oraingo egoerari buelta emate aldera.

Mahaitik altxatuta, neure artean pentsatu nuen Arrasaten zenbateraino partekatzen den kezka hori. Neuri dagokidanez, abuztuan mahaiaren bueltan entzundakoak, mahaitik kanpora ere entzun izan ditut beste toki eta une batzuetan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

7 erantzun Arrasateren gainbehera, mahai gainean-ri

  1. egilea: Andoni

    Gustura irakurri dut hausnarketa, joxe. Eta bat nator oro har. Baina nago arazoa zabalagoa dela, hau da herri guztiei eragiten diela. Bizi ohiturak seko aldatzen ari direla iruditzen zait (erosketa eta aisi ereduak etabar) eta garai bateko bizimodua fini dela. Eremu mortuak bilakatzen ari dira herriak. Durango, esaterako, eta hor aipatzen duzunez, hila dago. Komertziaki, kulturalki zein giro aldatik. Eta beste horrenbeste esango nuke Bergara, Eibar eta beste hainbat herriz… En fin.

  2. egilea: Maitere

    Arrasaten duela 38 urtatik bizi naiz eta esango nuke ez dagoela orain duela 30 urte baina okerro. Beti esagutu det herri hau pare bat egun jai izan ezkero desierto bat moduan, gauza bera herriko jaietan. Orain iruitzen zait jende gehiago gelditzen dela eta parte hartze haundia dago.

  3. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Egia da, Andoni, ohiturak aldatzen ari direla, erostekoak eta entretenitzekoak besteak beste, eta horrek eragin lezakeela herri baten dinamikan, baina herri guztiek ez dute berdin erantzuten aldaketaren aurrean. Batzuk konturatu egiten dira, hitz egiten dute eta neurriak adosten dituzte herria jasotzeko. Beste batzuek, ostera, nahiago izaten dute aurrera segitu, ezer gertatuko ez balitz bezala. Eta denok dakigu ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dagoela. Zoritxarrez. Besarkada bat.

  4. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Maitere. Orain 38 urte, 1981ean, Arrasate irteten ari zen gerraondo latzetik eta frankismo gogorretik. Esperimentu berri bat, kooperatibismoa, hedatzen ari zen Arrasatetik bertatik, ikastola eta formazio profesionala sendotzen zihoazen herrian, eta handik eta hemendik lanera etorritako euskaldunak mugitzen hasi ziren herriko giroa euskalduntzeko. Eta Arrasaten bi zine-areto zeuden, eta jendeak bazekien zinea zer egunetan ematen zen. Arazoak arazo, ilusioa zegoen herria hobetzeko. Gaur egun, orduan baino per capita errenta handiagoarekin, ez dut ilusio hori ikusten. Ondo segi!

  5. egilea: Ibon Arrupe

    Aupa Joxe,

    Egin duzun diagnostikoarekin guztiz bat egiten dut eta ala adierazi nuen Uztailean Goienan argitaratutako iritzi artikuluarekin:

    Arrasate etorkizunari begira

    Hurrengo lau urteetarako Udal berria osatu da eta Arrasatek daukan erronka nagusiari aurre egiteko gogotsu ekin diogu hautetsiok. Erronka nagusi hori identifikatzea erreza da gure ingurura begiratu ezkero: Donostia, Bilbo edo Hernani eta Tolosarekin konparatuz, atzean geratu garen herria gara. Auzo altuetara oinezko irisgarritasuna errazteko igogailuen inplantazioa adibidez Arrasaten oso atzeratuta doa, hirigunean bidegorri sarearen zabalkundearen antzera. Zer esanik ez, zerbitzu publiko duin bat eskaintzeko gai izango den Kiroldegi bat ez izatean ere. Nolatan izan daiteke, Arrasatek Tolosak daukan punta puntako kiroldegi baten antzerakorik ez izatea edo ezta ere, Hernaniko moduko kanpoko pistina ludikorik? Arrasate atzean geratu da eta horren erakusgarri, bere demografiaren gainbehera larria, Unibertsitate, Hospitale eta hainbat industria izan arren. 2.000. urtean Arrasatek 23.718 biztanle zeuzkan. Hernanik 18.698 eta Tolosak 18.076. 2018an aldiz, Arrasatek 22.019 biztanle, Hernanik 20.222 eta Tolosak 19.525 (www.ine.es). Datu esanguratsuak benetan. Beraz bada garaia, bizitzeko erakargarria izango den Arrasate berri baten eraikuntzari ekiteko, diskurtso zaharkitu eta kontserbadoreak alde batera utzita.

    Ondo ondo izan,

  6. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Ibon, zure uztaileko idatzia hona ekartzeagatik, hor ere garbi agertzen baita kezka, Arrasate ez ote doan gainbehera. Eta ardura hori are esanguratsua da zinegotzi baten ahotik badator.

    Interesgarria deritzot Hernanirekin eta Tolosarekin egiten duzun konparazioari, herri horiek Arrasateren liga berean dabiltza-eta. Donostia eta Bilbo, berriz, ez nituzke hor sartuko. Erraz ulertzen da, bestalde, auzo garaietako igogailuek, bidegorri sareak eta kalitatezko kiroldegi batek zelako eragina izango luketen mondragoetar askoren ongizatean. Horregatik, nik ere beharrezkotzat jotzen ditut azpiegitura horiek.

    Baina iruditzen zait, Ibon, dena ez dela zementoa, eta zuk zeuk ematen duzu arrasto bat hori hobeto ulertzeko: Arrasatek badauka unibertsitate bat, eta horrek dakarren azpiegitura nahiz pertsonal kualifikatua; orobat, Arrasatek badauka ospitale bat, eskualdekoa, ondo hornitua; eta Arrasatek badauka enpresa-sare indartsua; baita kultur etxe modernoa eta hedabide indartsuak ere… Hala eta guztiz ere, ez dirudi Arrasaten bizitasun handirik dagoenik bertan sortu eta kontsumitzeko bai kultura, bai aisialdia edo bai kalitatezko merkataritza. Askok bilatzen dute hori hiriburuetan batez ere, gaur egun erraza baita Gasteiz, Donostia eta Bilbora joatea.

    Ildo horretatik joanda, interesgarria litzateke jakitea zenbat mondragoetarrek daukaten bigarren etxea aipatu hiriburuetan edo kostaldeko herriren batean, eta, behin erretiroa hartuta, zenbat joaten diren behin betiko hiri edo herri horietara bizitzera. Uste dut zuk aipatzen duzun beheraldi demografikoak izan dezakeela zerikusia horrekin.

    Hortaz, betoz zerbitzu publiko berriak, herritarren ongizatea eta herriaren kohesioa areagotuko duten neurrian, baina uste dut Arrasatek baduela premia hausnarketa zabal eta konpartitua egitekoa, lo-herri bihur ez dadin. Eta, duda barik, hautetsiek zeresan handia izango duzue langintza horretan.

    Besarkada bat.

  7. Pingback: Izan gaitezen geurekoiak • ZUZEU

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude