Aspaldiko partez, atzo Mutriku herrian izan nintzen. Bost lagun beribilean sartu, eta kostaldera abiatu ginen Durangotik. Ermua, Eibar eta Elgoibar igarota, Kalbarioko bidea aukeratu genuen Mutrikura egiteko, Kalbarioaren baselizan amaitzen dena, nire bidelagunetan inork ez baitzuen bide horren berririk. Gustatu zitzaien.
Are eta gehiago gustatu zitzaien Mutriku bera. Baita niri ere, zerikusi gutxi baitzuen nik gaztetxotan ezagutu nuenarekin. Bere apalean, herri polita da.
Hamaika-hamabi urte nituela, Mutrikun ikusi genuen El día más largo filma, Normandiako desenbarkua kontatzen zuena, garai hartan ni Saturrarango seminarioan bainenbilen. Orduan oinez egin genuen Saturraranetik Mutrikura bidea eta buelta, sotana eta beka jantzita, biko iladan, oker ez banago.
Atzo, berriz, autoz egin genuen Mutrikutik Saturraranera. Autoa bertan utzi, inguruetara ondo begiratu, seminarioa oroimenean baino ez baita geratzen, eta Ondarroarantz egin genuen, itsaso bazterreko pasealekua hartuta.
Ondarroara iritsi aurretik, Arrigorri jatetxera igo ginen, garai bateko Alfa kooperatibaren udalekua, eta bertan primeran bazkaldu genuen, prezio onean. Ondarroan apur bat paseatuta, ederra dago, Etxebarriara jo genuen, bertan ezagunak genituen-eta zain. Egia esan, aurretik Barinagara joan ginen, bidelagun gehienek hantxe pasatzen baitzuten abuztua euren haurtzaroan. Atzo, ostera, arimarik ere ez Barinagan. Etxebarrian bai. Kafe ona hartu, paseatu, aspaldiko ezagun batzuk agurtu, eta etxera berriz, barne-turismo egun ederra igarota.