Behin eta berriro irakurri dut Elena Lakaren kontakizuna, nola bere semetxo Oierri aurkitu dioten retinoblastoma bat ezkerreko begian. Eta miretsita nago zer indar duen, hor ere, itxaropenak: prozesua luzea izango da, gogorra ziurrenik, baina Oier sendatu egingo da.
Itxaropena ezinbestekoa dugu gizakiok bizitzan aurrera egiteko. Izan ere, itxaropena da gizakiok dugun konfiantza nahi edo desiratzen duguna gerta dadin edo lor dezagun. Nik dakidala, greziarren mito honetan agertzen da lehenengo aldiz itxaropena. Zuri eskaintzen dizut, Oier, eta zure familiari:
Elezaharrak dio Prometeok, gizateria sortu zuen titan hark, nola oparitu zien hilkorrei sua, berak Olinpon lapurtua, eta jakinarazi zien berak Ateneagandik jasotako jakituria. Ordea, Zeus jainko gorenak horren berri izan zuenean, halako moldez haserretu zen, non kateatu baitzuen erruduna zutabe batera, eta agindu baitzuen sai batek jan zitzala haren erraiak egunez, gauez onera etor zitezen, eta horrela sufritu zezan etengabe.
Pandoraren kutxa
Ondoren, Zeusek agindu zion Hefesto bere seme eta suaren jainkoari sor zezala ahal zuen emakumerik ederrena. Hefestok agindutakoa bete, eta Pandora sortu zuen. Orduan Zeusek Lurrera bidali zuen Pandora, horrek opari ziezaion Prometeori kutxa polit bat, non lehenago berak gorde baitzituen gaixotasunak, bekaizkeria, gorrotoa, bizioak, erokeria, eta gainerako gaitzak. Baina hain suminduta zegoen Zeus, non, oharkabean, itxaropena ere sartu baitzuen kutxan.
Prometeok, sumatu zuelarik Zeusen jukutria, ez zuen onartu kutxa, eta erregutu zion Pandorari ez zezala inoiz ireki. Pandorak, ordea, ezin tentazioari eutsi, eta egun batean ireki egin zuen. Bat-batean, gaitz guztiak irten ziren kutxatik, baina baita itxaropena ere, eta harrezkero gizakiak babesten ditu.