Steve Jobs-en biografia

Irakurri berri dut Steve Jobsen biografia, Walter Isaakson kazetariak idatzia –nire urtebetetzeko oparia izan zen–, eta gustura geratu naiz, iruditu baitzait serio eta zintzotasunez idatzitakoa dela. Ale mardula da, 700etik gora orrialde ditu, eta irakurri ahala, pertsona zaila eta konplexua azaleratzen da bertan Steve Jobs: aldarte txarrekoa, apetatsua, tiranoa…, eta, aldi berean, sekulako ahalmenarekin proiektuak aurrera atera eta jendea liluratzeko. Perfekzionista akaberakoa.

Liburuaren sarreran irakurri nion egileari ez Jobsek berak ezta haren emazteak sekula ez ziotela esan liburua aurrez irakurri nahi zutela, berau argitaratu aurretik. Eta hori igartzen da liburuan barrena, askatasunez idatzita baitago, eta ez baita inoren botafumeiroa.

Argigarri egin zait ikustea Jobs zelan joan zen ikasten bere lehendabiziko porrotetatik, goi mailako enpresario miretsienetakoa izateraino. Orobat, arretaz jarraitu dut Steve Jobs eta Bill Gates enpresarioen arteko harremana, nemesis izatetik zelanbaiteko mirespen konpartitua sentitzeraino.

Astia eta umorea izanez gero, irakurketa ona izan daiteke Gabonetarako. Dagoeneko, saretik ere jaits daiteke liburuaren kopia digitala.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Steve Jobs-en biografia bidalketan

  1. egilea: Unai Fdz. de Betoño

    Euskarazko artikulu berri baten irakurketarekin osatu daiteke, gainera: Igor Leturiaren “Steve Jobs desmitifikatuz”: http://aldizkaria.elhuyar.org/artikulua.asp?Artik_kod=15838

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude