Oppenheimer

Atzo zinera joan ginen Bilbon, Oppenheimer filma jatorrizko bertsioan ikustera. Pelikula oso ona iruditu zitzaidan, primerako antzezleekin. Aurrera-atzera asko ditu, baina ondo antolatuta dago, ikusleeek haria traba barik segitzeko moduan. Eta musika, indartsua, pelikularen gaia ondo azpimarratzen.

Aurrez ez nuen gauza askorik irakurrita Manhattan proiektuaz, eta, hartaz, filmak argi dezente egiten du. Denen gainetik, gauza bat: behin militarrek eskatzen zuten “jostailua” eginda, zalantza etikoak zituzten zientzialariak bazterrean geratu ziren, militarrek gorrotatu egiten baitzituzten zientzialariak, komunistatzat jotzen zituzten-eta. Oppenheimerri gertatu zitzaion AEBetan, eta Sakhavori ere bai, Sobiet Batasunean, han beste aitzakia batzuk erabilita.

JATORRIZKO BERTSIOAN

Gezurra badirudi ere, berrogei urte pasatxo ziren Bilbon bertan pelikula bat jatorrizko bertsioan ikusi genuela, oker ez banabil All That Jazz, garai hartan ingelesik ez genekiela. Ez dakit zergatik, uste nuen lau katu izango ginela Oppenheimer jatorrizko bertsioan ikusiko genuenak, baina, kia. Hirurogei bat lagun elkartu ginen areto txiki hartan. Hori bai, azpitituluak gaztelaniaz zeuden. Euskararen arrastorik, bat ere ez.

HIROSHIMA ETA NAGASAKI

Justu gaurko egunez, orain 78 urte, amerikarrek lehen bonba atomikoa jaurti zuten Hiroshima hirian. Hiru egun geroago, Nagasakin bota zuten bigarrena, eta hantxe amaitu zen Bigarren Mundu Gerra. Harrezkero, badakigu munduan dagoen arsenal atomikoa nahikoa dela gure Lurra behin baino gehiagotan birrintzeko. Eta, hala ere, gaur egungo gerra-jokoetan ere, potentzia handien artekoak, presente dago meatxu atomikoa.

Kategoria: Zinea Etiketak , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Oppenheimer-ri

  1. Nik ere jatorrizko bertsioan ikusi nuen, seme gazteak bultzatuta, gazteleraz bikoiztua ikusi zuelarik (Barbenheimer meme-ekintza gisa, lagunekin, saio doble maratoniano bat) gogoa sartu zitzaiolako berriro jatorrizkoan ikusteko. Ona da, baina Manhattan proiektuaren gorabehera tekniko-historikoak hobeto kontatzen ditu liburu oso on honek: The Making of the Atomic Bomb
    (Richard Rhodes). Epub bat nahi izanez gero ingelesez, pasatzeko moduan. Sustatun idatzi nuen… https://sustatu.eus/luistxo/1691130100

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Mila esker, Luistxo, The Making of the Atomic Bomb liburuaren erreferentzia pasatzeagatik. Apuntatuta geratzen da. Ondo segi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude