Adinean aurrera noala, une batez atzera begiratu dut, jakiteko nire bizialdian zenbat etxetan bizi izan naizen. Aintzat hartu barik ikasle garaian eta erbestean egin nituen urteak, sei etxe ditut gogoan:
Jaiotetxea, Arrasaten
Mondragoen jaio nintzen, 1952ko azaroaren 8an, gerora Gipuzkoa etorbidea 48 izango zen etxeko hirugarren solairuko ezkerrean. Gaur egun Meneta taberna dagoen atarian, azken solairuan. Han jaio nintzen, baina ez dut hango oroimenik, pare bat urte nituela, beste etxe batera pasatu ginelako, kale berean.
Betiko etxea, Arrasaten
Bigarren etxea (Gipuzkoa etorbidea 40, lehena eskuina) izan zen guretzat betiko etxea, aitaren eta amaren etxea, gurasoek hantxe egin zituzten-eta euren azken eguna arteko urteak. Hantxe igaro nuen haurtzaroa, hantxe jaio zen Fatima, hantxe hazi ginen bost neba-arrebok, hangoak izan ziren nire betiko lagunak, inguru haiek bihurtu genituen jolastoki, handik abiatzen ginen eskolara eta elizara. Nerabezaroa eta helduaroa kanpoan egin arren, hara bueltatzen nintzen, “etxera”. Gurasoen zahartzaroan etxe ingurua dezente aldatu zen: garai bateko zerrategia eraitsi eta saltoki multzo bat egin zen, beilatoki eta guzti. Hainbeste urte kanpoan egonda, atsegina izaten zen haurtzaroko lagunekin edo auzoekin berriro elkartzea. Ama hil zenean, saldu egin genuen etxea, justu 2008ko krisia iritsi zenean.
Zarugalde kalea, Arrasaten
Behin ikasketak amaituta, eta Eskola Politeknikoan hasi behar nintzenean lanean, bi bikotek pisu bat alokatu genuen Zarugalde kaleko 42an, Eskolatik eta ikastolatik oso hurbil. Etxebizitza zaharra zen, baina, berau pintatu ondoren, hantxe jarri ginen bizitzen Fatima, Mikel, Bego eta laurok. “Arrimatuta” bizi ginen, orduan horrela esaten baitzitzaion ezkondu barik elkarrekin bizitzeari, eta hasieran gurasoak nahigabetu egin ziren. Astegunetan nahiko lan izaten genuen eskolak-eta prestatzen. Igande iluntzetan, berriz, arrautza frijituak jaten genituen Muxibar tabernan, Roots telesaila ikusi bitartean. 1981ean, Fatima Londresera joan zen eta Bego eta biok, Ameriketara. Orduan utzi genuen apartamentu hura.
Ramon Maria de Lili, Bergaran
Erbestean bost urte eginda, 1986ko udan Bergaran jarri ginen bizitzen, hasieran Fatimaren eta Mikelen pisoan, gero beste batean, atari berean. Begok Eroskin aurkitu zuen lana, Elorrion, eta nik, Bergarako Udal Euskaltegian. Bosgarren edo segiarren solairuan zegoen etxea, balkoi ederra zeukan, eta eguraldi onarekin arratsaldeak oso eguzkitsuak izaten ziren bertan. Garai hartan arineketan egiten genuen dezente (askotan Angiozarrera joan eta etorri), eta baita bizikletan ere.
Berrio-Otxoa kalea, Elorrion
Bergaran bizi ginela erosi genuen etxe zahar bat Elorrion, Begoren jaiotetxeko azken solairuan. Erosi genuenean, etxeak 12 ate zeuzkan, dena pasilloz betea. Goitik behera zaharberritu genuenean, ostera, 4 ate geratu zitzaizkion, horma asko apurtu genituen-eta. Etxe ederra zen, eta goian txoritoki bat zeukan, eta hura zen nire lantokia: bertan neuzkan ordenagailua, inprimagailua, eskanerra, etab. Etxe hartan hazi genuen Miren alaba. Leku abegikorra zen, eta argitsua. Bigarren solairuan zegoen, ordea, eta igogailurik ez zegoen. Asteroko erosketak eta bestelako gaiak, eskuz igo edo jaitsi behar. Birritan jausi nintzen eskailera haietan, eta bigarrenean pentsatu nuen hezur bat apurtu nuela.
Urkizuaran kalea, Elorrion
2019ko otsailean, Gomera uhartetik bueltan, beste etxe bat erosi genuen, Elorrion bertan. Urte bereko maiatzean sartu ginen bertan bizitzera, eta, apur bat geroago, horrela idatzi nuen Faroan:
Orain baina, 60 urte ondo beteta ditugu biok ere, eta, zahartzaroa ikusmiran, beste etxe baten bila hasi ginen, errazagoa izango zena adineko bikote batentzat. Bat aurkitu dugu, etxabe txiki bat, belardi txiki batekin, naturarekin lotzen gaituena. Hori guztia lehengo etxetik 200 bat metrora.
Urtebete geroago, 2020ko martxoan, erabateko konfinamendua egin behar izan genuen etxe honetan, SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemia zela eta. Etxeak daukan terraza eta belardiari esker, patxadaz igaro genuen itxialdia. Harrezkero, sarri pentsatu dugu garai onean aldatu ginela etxez.