Atzo iluntzean, ohera joan aurretik whatsapp-mezu bat ikusi nuen nire mobilean, anaiak bidalita: “Juanito Leibar hil da gaur gauean”. Azkenengoz orain zortzi urte ikusi nuen, Bilbon, biok begietatik operatu gintuztenean kataratak kentzeko. Orduan ere baikor eta sinpatiko agurtu ninduen. Adinean aurrera hil da Juanito, 94 urte zituela, eta, seguruenik, Arrasateko gazte askok ez dute jakingo nor izan zen eta zelako garrantzia izan zuen XX. mendeko bigarren erdiko Arrasate hartan.
Mutiko nintzela, Juanito sarri aipatzen zen gure etxeko jatorduetan, gure hiru neba-arreba zaharrenak Eskola Profesionalean baitzebiltzan, gaur egungo Eskola Politeknikoaren aitzindaria. Eta han Juanito idazkari orokorra zen, eta irakaslea. Beraz, itzal luzea harena.
Urte dezente geroago, 1977tik 1981era, lankide izan nuen Juanito Eskola Politeknikoan, eta orduan ere idazkaria eta irakaslea zen. Baina baita komunikazio-arduraduna ere. Bi astez behin-edo Gorabeherak izeneko berripaper bat ateratzen zuen, eskolan gertatutako azken berriekin. Orri bat izaten zen, alde bietatik idatzita, gaztelaniaz batez ere, berri laburrez josita. Estilo bizkorrean idatzita egoten zen, umore handiz, argi eta garbi. Gehiago edo gutxiago gustatu arren, mundu guztiak irakurtzen zuen, goitik beheraino. Behin entzun nion Jose Antonio Altuna Txatillori esaten Gorabeherak zela berak gehien balioesten zuen hedabidea, oso espazio laburrean, ezinago argi ematen zuelako Eskolan eta, zenbaitetan, kooperatibetan gertatutakoaren berri.
Urte batzuk geroago, 1988an, Arrasate Press sortzeko ginela, egun batean berarekin topo egin kalean, eta aipatu nion aldizkari lokal bat atera nahi genuela erabat euskaraz, eta sutsu animatu ninduen, bere burua eskainiz behar genuen edozertarako. Beste inon idatzi izan dut, estiloari-eta dagokionez, Juanitoren Gorabeherak izan zela Arrasate Press aldizkariaren aurrekari bat, ni, behintzat, harekiko zordun sentitzen nintzelako.
Dena dela, gizon polifazetikoa izan zen Juanito Leibar: irakaslea, idazkari akademikoa, komunikatzailea, historia zalea…, eta bera barik ez dago ulertzerik Arizmendiarrietaren lana bere osotasunean, garai batean Juanito ezinbestekoa izan baitzen bai proiektu kooperatiboaren hezkuntzan eta baita komunikazioan ere.
Gehiago jakiteko Juanito Leibarren inguruan, horra bi aipamen:
- Mondraberri: “Juan Leibar ‘Juanito’ hil da gaur gauean”.
- TU-Lankide: “Juan Leibar hil da”.
Juanito Leibar, gogoan izango zaitugu.