Txorien kantuak eta txorien deiak

Zozoak bizpahiru soinu mota egiten ditu

Atzo Asier Sarasuak txorien inguruko master-class zoragarri bat eman zidan, bospasei lerrotan.

Dena eguerdian hasi zen, etxostean nengoela liburu bat irakurtzen, Les grans epidèmies modernes. Halako batean, txori baten “ttor-ttor” bat entzun nuen, behin eta berriro errepikatua. Zein ote da?, neure artean. Mobila hartu eta grabatu egin nuen. Eta Asier Sarasuari bidali nion, galdetzen zein ote zen “ttor-ttor” hori egiten zuen txoria.

Erantzuna berehala etorri zitzaidan. “Esango nuke zozoa dela entzun duzun hori. Pare bat soinutxo egiten ditu, espezie bereko beste txoriekin komunikatzeko, eta horixe da bat”. Eta adibide bat jarri zidan, nik entzuteko moduan.

Nik ere atoan erantzun nion, neure harridura adieraziz, zozoak beste kantu musikatuagoak egiten dituelakoan.

Kantuak eta deiak

Eta orduan etorri zitzaidan Asier Sarasua jakintsuaren erantzun ezinago garbia:

Txori gehienek “kantuak” eta “deiak” dituzte.

  • Kantuak territorialak izan ohi dira, emea erakartzeko, beste arrak uxatzeko…
  • Eta deiak, berriz, bikotearekin/kumekin komunikatzeko, etsairen bat datorrela abixatzeko alerta-deiak, eta abar.

Zozoak 2-3 dei ditu, ohikoak kantuaz gain, ttor-ttor hori, edo hegan ihes egiten duenean botatzen duen ttik-ttik-ttik-ttikkk bat…

Orain badakit. Mila esker, Asier!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Txorien kantuak eta txorien deiak bidalketan

  1. egilea: asier

    Pozten naiz lagundu banizun, eta eskerrik asko aipamenarengatik. Baina txori-kantuetan jakintsu naizela…, gehiegitxo eta lartxo da erabat! Ikasle hasi berria, besterik ez 😉

Utzi erantzuna asier(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude