Aizkorak barkatu zidanekoa

Julen txikiak ez zuen zorterik izan. Bi urte zituela, zulo estu batean jausi zen, estu-estua eta 100 metro inguru sakon. Ramon gure laguna zaharragoa zen, nerabea. Bizikletan zihoala, jausi, eta burua kolpatu zuen. Handik ordu batzuetara, hilik geratu zen ohean. Milaka eta milaka gaztetxoren kasua izan da hori, zorterik izan ez dutenak haurtzaroko edo gaztaroko istripuetan.

Ni justu-justu libratu nintzen. Hiruzpalau urte nituela, etxe aurreko patioan nenbilen, Musakola auzoan, Mondragoen, ama eta arreba zaharrenaren inguruan, haiek egurra zatitzen ari ziren bitartean aizkorarekin. Halako batean, ni patioan utzi eta senideak ganbarara igo ziren otarra bete egurrarekin, aizkora enborraren gainean sarturik utzita.

Antza denez, erabaki nuen neure txanda zela egurra zatitzeko. Kirtenari halamoduz heldu, eta saiatu nintzen zerbait egiten, hain modu traketsean non aizkoraren ahoak jo zidan ezker begiko bekainean eta alde bereko masailezurraren goi aldean.

Nire memoria lausoan, aurpegia eta eskuak odolez beteta ikusten ditut, inguruko auzoak oihuka nire orroak entzunda, eta amak bere bizitzako sustoa hartuta, ganbaratik jaitsi berritan. Besterik ez dut gogoratzen.

Zorionez, aizkorak ez zuen harrapatu begi globoa. Gutxi falta izan zitzaidan betiko begibakar geratzeko. Hala ere, noiz edo behin, ispilura begiratzen dudanean, ezker bekainean jaiotzen zaidan orbain azaleko batek gogorarazten dit zelako zortea izan nuen orduko hartan.

Kategoria: Familia Etiketak , , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Aizkorak barkatu zidanekoa-ri

  1. Pingback: Aizkorak barkatu zidanekoa • ZUZEU

  2. Pingback: BOST MINUTUKO IKASTAROA: Zilegi / Joxe Aranzabal / Nabi | Eskolaegunezegun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude