La Belle Époque Elorrion

Bainulariak Beleringo bainuetxean, Elorrion. 1900

Gutxik jakingo dute, jauregi barrokoen urrezko aroa atzean utzita, Elorriok Belle Époque moduko bat izan zuela XIX. mendeko azken herenean batez ere, bertan eraiki ziren bi bainuetxeen inguruan: Galartzako bainuetxea eta Beleringo bainuetxea.

Igor Basterretxeak dioen moduan, XIX. mendean Elorriok egoera egokia zuen erakartzeko inguruko eta urrutiko dirudun asko: kokapena, biztanleria, klima, paisajea, eta endemiarik ez. Are gehiago, burdin-ur iturriak eta bost sufre-ur iturburu.

Ur terapeutikoak eta negozio-aukera

Ur haiek terapeutikotzat jotzen ziren, ustez onak ziren-eta gaixotasun dezente sendatzeko: katarro kronikoak, erreumak herpesak, baginitisa, sifilisa, artritismoa eta gernu-aparatuko gaitzak, besteak beste.

Iturburu zentrikoenetako jabeek negozio-aukera ikusi, eta sortu zituzten bainuetxeak, hasieran apal samar, baina arrakastak bultzatuta, handitara gero, eraikin ikusgarriak eta zerbitzu modernoak sortuta. Lehenengoa Galartzakoa izan zen, Bainu zaharrak. Geroago, berriz, Beleringoa, Bainu berriak.

Bainulariak

Iñigo Agirre irakasleak laburbiltzen duenez, 1881-1907 epean 7.440 bezero etorri ziren Elorriora bainu terapeutikoak hartzera, gehienak Bizkaitik eta Madrildik, baina baita beste toki askotatik ere. Gehienak, noski, dirudunak.

Bainuetxearen hastapenetan, bainulariek herriko etxe partikularretan hartzen zuten ostatu. Horri esker, herritarrek aparteko diru-sarrerak lortzen zituzten. Laster baina, ikusita bezeroen emaria hazi egiten zela, eta bainuetxeak ez zirela gauza bezero guztiei ostatu emateko, ostatuak agertu ziren herrian, bainulariak hartzeko. Horra hor zenbaiten izenak: Las Delicias, La Unión, Buenavista, Chamberí, Mallabi, Kitolis,eta El Vergarés. Geroago ireki ziren La Paz, Arroita eta Arrati.

Bainularien jatorria ikusita, bai geografikoa eta baita klasekoa, uste izatekoa da gehienek gaztelaniaz hitz egiten zutela. Haiek zekartzaten dirua, sona (garaiko jende ospetsu asko agertu zen Elorrion) eta manera onak. Hori guztia nekazari giroko herri euskaldun peto batean, zeina osorik eman zitzaion bisitarien atsegina eta beharrak asetzera, askorentzat haiek izan baitziren diru iturririk behinena garai hartan.

Diligentziak eta trena

Bainu-denboraldiak lau hilabete irauten zuen Elorrion, ekainaren 1etik irailaren 30a arte. Epe horretan, hiru diligentzia irteten ziren egunero Bilbotik Elorriora, lehenengoa goizeko 07:00etan abiatuta. Bidean gurutzatzen ziren beste horrenbeste diligentziarekin, alderantzizko bidea egiten zutenak. Bidaiak lau bat ordu irauten zuen.

1905ean, trena Elorriora iritsi zenean, diligentziak desagertu egin ziren, eta Bizkaiko bainulari asko trenez ailegatuko ziren Elorriora, nahiz eta ordurako bainuetxeen gainbehera hasita egon.

Gainbehera

Ez zuen luze iraun bainuetxeen loraldiak. Galartzako bainuetxea 1907an itxi zen. Beleringoa, ostera, 1936an, Gerra zibilarekin batera.

Bainuetxe bietako eraikinek, berriz, zutik daude, nahiz eta gaur egun beste jarduera batzuetarako erabiltzen diren. Galartzako bainuetxea zenean gaur egun Lourdesko Ama ikastetxea dago. Eta Beleringo bainuetxea zena, gaur egun Betsaide fabrika dago.

Elorrioko bainuetxeak, Wikipedian

Elorrioko bainuetxeen berri, bai idatzia eta baita grafikoa ere, zenbait liburutan jasota zegoen, Iñigo Agirrek, Rikardo Ajuriak eta Igor Basterretxeak idatzitako liburuetan batik bat, baina orain euskarazko Wikipedian daude jasota, edozeinen esku:

Galartzako bainuetxea, diligentzia-zerbitzuarekin, Elorrion. 1900

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude