Aurrekoan Gernika filma ikusi nuen, Koldo Serraren azken lana. Sentipen gazi-gozoekin irten nintzen Arriola zinema jendez betetik, Elorrion.
Sentipen gaziak gehiago zirenez gozoak baino, haiekin hasiko naiz:
- Gidoia eskasa iruditu zitzaidan: maitasun-triangelu bat komisario politiko errusiar bat, neska zentsore euskaldun bat eta kazetari estatubatuar baten artean, hirurak Eusko Jaurlaritzaren bulegoetan bueltaka.
- Gernika dekoratu hutsa begitandu zitzaidan, aitzakia bat maitasun istorioaren askaera hantxe gerta zedin.
- Drama lortze aldera seguruenik, gidoigileek izugarri bihurritu dute historia. Eusko Jaurlaritzaren komunikazio bulegoak ematen zuen Partidu komunistaren komisaldegi politikoa, han zentsore komunistek agintzen baitzuten, ez jeltzaleek edo sozialistek. 2. George Steer kazetari hegoafrikarra, Gernikako bonbardaketaren berri nazioartera zabaldu zuen lehena, erabat desitxuratua agertzen da; filmean gehiago ematen du Ernest Hemingway, Steer bera baino.
- Frankismoaren erantzukizuna oso diluitua ageri zaigu. Pelikulako gaiztoak alemanak ziren, eta, batez ere, errusiarrak, zeinek sekulako izugarrikeriak egiten baitzituzten Bizkaian Stalinen izenean.
- Bikoizketa. Ahots guztiak estudiokoak ziren, erabat artifizialak. Nik geroz eta gutxiago eramaten ditut horrelakoak, iruditzen baitzait kalte handia egiten diotela pelikulari.
Eta gozotik zer? Bada gauza bakarra bonbardaketa zerutik ikusten denean, ikusgarria da, teknikoki ondo lortua. Besterik ez.
Pingback: Dekoratu bat • ZUZEU