Vellum: liburu digitalak, errazago

vellum-mba-ipad-backdrop

Orain arte zaila izan da nork bere liburu digitala txukun sortu eta argitaratzea, letratipo dotoreekin, kapitulu eta izenburu txukunekin. Orain, berriz, Vellum dago, doako aplikazio bat Mac ordenagailuetarako, eta horrek gauzak izugarri errazten ditu.

Brad West eta Brad Andalman Pixar animazio-enpresako bi langile ohik sortu zuten Vellum, ikusita zein zaila zen idazleentzat liburu elektronikoak bere kasa argitaratzea. Ez dago ukatzerik lan ona egin dutela, Vellumekin askoz ere errazagoa baita liburu elektroniko bat egin eta argitaratzea.

Abiapuntua .DOCX dokumentu bat da. Berdin da idazleak zein aplikazio erabili duen bere lana idazteko, Word, Scrivener edo Ulysses, nik erabili ditudan hiru aipatzearren. Idatzitakoa gordetzen da .DOCX formatuan, eta hori inportatu egiten da Vellum aplikaziora.

Idazleak kapitulutan antolatu badu bere lana, zenbakiak erabilita esate baterako, Vellumek hori atzeman, eta kapitulutan antolatuko du liburua. Hortik aurrera, prozedura erraza da, Vellumen egitura errazari esker, berau hiru zutabetan baitago antolatuta: ezker zutabean, kapituluak; erdikoan, aukeratutako kapitulu baten testua; eta eskuinekoan, zelan ikusten den azken emaitza telefono, tableta edo liburu-irakurgailu batean.

Idazleak manipulatu ditzake letratipoak, estiloak eta txantiloiak, eta berehala ikusi zelan ikusiko den azken aparailuan, esportatzen ibili behar barik, eta gero probatzen han eta hemen. Hortxe dago Vellumen abantailarik handienetakoa.

Azken emaitza (liburu digitala, alegia) salgai jar daiteke Applen iBooks dendan, Amazon, Kobo, Nook eta Google Play dendetan, Vellumek zehatz-mehatz esportatzen du-eta liburua denda horiek eskatzen dituzten xehetasun guztiekin. Halaber, aukera ematen du liburua ePub formatuan esportatzeko, beta irakurleek iradokizunak egin ditzaten.

Liburu bat argitaratzea 30 dolar kostatzen da; 10 liburu argitaratzea, berriz, 100 dolar; eta lizentzia mugagabea erostea, 200 dolar. Hemen dago tutorial ona, eta bertatik jaits daiteke Vellum aplikazioa.

Probatu dut aplikazioa, lehendabizi jaitsita eta gero tutoriala eginda, baita bertan nire materiala txertatuta, eta zoragarri ibili da. Soilik azken pausoa ez dut eman, liburua formatu guztietan argitaratzea. Hori liburu bat egin nahi dudanerako utziko dut.

Kategoria: Liburuak Etiketak , , , , , , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Vellum: liburu digitalak, errazago-ri

  1. egilea: Andoni

    Leanpub izeneko plataforma ere oso herramienta potentea da liburuak sortzeko. Markdown formatoa erabiltzen da edukia sortzeko, doakoa da eta idazleak erabakitzen du liburuaren prezioa edo doainik ere eskeini dezake. Plataforma portzentai txiki batekin gelditzen da salmentako. Eta noski, web aplikazio bat izanik, ezer instalatu gabe 😉

    https://leanpub.com/

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Mila esker, Andoni, Leanpub plataformaren berri emateagatik. Begiratuko dut. Ondo segi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude