Jon Salaberri, liburua

Salaberri350Liburu bat amaitu dut Jon Salaberri aktibista mondragoetarrari buruz, Jon Salaberri, hiesdunen aldeko ekintzailea, eta sarean jarri dut, irakurri nahi duenak doan jaisteko moduan. Horrela amaitutzat jotzen dut, orain bai, Jon Salaberri proiektua, urte honen hasieran abiarazi nuena.

Egia esan, kostatu egin zait liburua amaitzea, batez ere Goiena Telebistak dokumental bikaina egin zuenetik Jon Salaberriri buruz, haren ostean zerbait diferentea eskaini nahi nuen-eta liburuan.

Bi formatutan

Liburu hau digitala izango da, paperean ez da argitaratuko, eta Dropbox-en jarri dut, bi formatutan: epub eta mobi. Lehena estandarra da, eta irakurgailu digital gehienetan irakur daiteke. Bigarrena, ostera, Kindle irakurgailuetan irakurtzekoa da.

Edukia

Liburuak jasotzen du Jon Salaberriren bizitza, iragan martxoan Sustatu albistarian eta Puntua aldizkarian idatzita baino zabalago.

Horrekin batera, bertsio digital honek jasotzen ditu zazpi elkarrizketa luze, Salaberri ezagutu zuten lagun hauekin eginak: Jose Manuel Agud Aparicio doktorea, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia, Txerra Bolinaga musikari eta aktibista, Aitor Iturriaga laguna, Domi Korta lankidea, Idoia Salaberri arreba eta Josu Unanue lagun mina.

Bost argazkik, bestalde, aitzakia eman didate Jon Salaberri ikuspegi pertsonaletik enfokatzeko. Horietako batean azaltzen da behin zelan erantzun nion Jon Salaberriri Arrasate Press aldizkarian, eta zelakoa izan zen bion arteko eztabaida hura. Baita Salaberrik euskararekiko izan zuen jarrera ere.

Liburuak, bestalde, jasotzen ditu kronologia bat, bibliografia bat eta eranskin bat, lau elementurekin, tartean ilustrazio bat, Yera Sanchez ilustratzaileak Jon Salaberriri egindakoa.

Creative Commons lizentziapean

Liburua Creative Commons lizentziapean jarri dut, jendeak nahi duen eran erabili eta parteka dezan, beti ere berorren egiletza aipatuta. Portadarako, Argia aldizkariaren argazki bat erabili dut, aprobetxatuta hori ere CC lizentziapean dagoela. Eta portada taxutzeko, berriz, Goio Arana adiskidearen laguntza izan dut.

Ulysses aplikazioa

Liburu hau egiteko Ulysses aplikazioa erabili dut, markdown baliatuta. Hori erabili dut aukera eman didalako liburua erraz kudeatu, eta hainbat formatutara esportatzeko.

Kategoria: Liburuak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

3 Responses to Jon Salaberri, liburua

  1. Bikaina! Bideak urratzen berriro ere!

    Ñabarduratxoa: Creative Commons lizentziarekin zabaltzen duzula diozunean, zehaztu beharko zenuke ZEIN. Zure blogeko loturako bera baldin bada, cc-by-sa, Aitortu-Partekatu lizentzia da, eduki librea alegia.

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Luistxo. Bai, lizentzia hori dauka: “Aitortu berdin partekatu”.

  3. Pingback: «Ez nuen enpatiarik izan hiesdunekin» | EIBZko liburutegia

Utzi erantzuna Joxe Aranzabal(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude