Datu bila ari nintzela, ikusi dut Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak (AED), PDF formatuan eskaintzen duela bere webgunean Jazten aldizkaria, Julen Arexolaleiba soziolinguista arrasatearrak zuzendu zuena XX. mendeko 90. hamarraldiaren lehen erdian.
Jazten AEDren ahalegin berezia izan zen, partekatzeko bere baitan egosten ari ziren kezka soziolinguistikoak eta Arrasaten euskara zabaltzeko garatzen ari zen lana. Aldizkariaren ale guztiek lelo hau zeramaten: “Biziko bagara jantzi beharra daukagulako”.
Hainbat aletan kuskuseatzen ibili naiz, eta iruditu zait orduko AEDren ondare bikaina dela. Guztira hamar zenbaki argitaratu ziren, bakoitzak gai nagusi bat hartzen zuela:
- “Un futuro para nuestro pasado” liburuaren aurkezpena.
- Irakaskuntza, hizkuntza eta gizartea.
- Zer da AED? Zer dago atzetik?
- Gazteak eta euskara.
- Munduan, eleaniztasuna nagusi.
- V. Mendeurrenean, Gora nazio etnikoak! Behera estatu zaharrak!
- 10 urte, egunez egun, Arrasate euskalduntzen.
- Herrietako euskara elkarteei buruzko jardunaldiak (1).
- Herrietako euskara elkarteei buruzko jardunaldiak (2).
- AED, hamar urte Arrasate egiten, Euskal Herria egiten.
Inork lortu nahi baditu, hortxe du aukera, eskura.
Postdata: Jazten aldizkariaren azalak eta maketa Goio Aranaren lana izan zen, artean Arrasate Press aldizkariko diseinatzailea.