Perlak, kolpeak, musuak, traizioak

Kolpeak

Isidoro Gaztañaga, Paulino Uzkudun eta Joxemari Iturralde

Liburuaren azalak ez du zantzurik ematen, baina nobela hau, Perlak, kolpeak, musuak, traizioak, Joxemari Iturralde idazlearen azkena, da bi boxeolari euskaldunen gainekoa, biak XX. mendean bizi izandakoak eta nazioartean arrakasta dezente izandakoak pisu astunetan: Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga, Errezilgoa lehena eta Ibarrakoa bigarrena, gipuzkoarrak biak. Eta zelan mundu horrek betidanik erakarri nauen —gure aita boxeozalea zen, eta gu ere bai, nahiz eta gero urrundu egin naizen mundu horretatik—, horregatik irakurri dut liburua, gehiago jakin nahi nuen-eta bi boxeolari horien inguruan.

Nobelak hogeita bost atal ditu, eta horietako bakoitzak emakume baten izena du. Hala ere, nire irudiko emakumeak aitzakia baino ez dira bi boxeolariez hitz egiteko, zeren idazleak gainetik zirriborratu baititu andreak, haiengan sakondu barik. Beste arazo bat da bai Uzkudunek eta baita Gaztañagak ere, nahiz eta fokoa eurengan egon, ez dutela sakontasun handirik. Badakigu zer egiten duten, baina ez zelan pentsatzen duten eta zergatik egiten dituzten gauza asko eta asko. Nire ustez, horixe da liburu honen arazorik handiena, aintzat hartuta, gainera, Iturraldek nobela formatua aukeratu duela bi pertsonaia horiek lantzeko: niri pertsonaje biak nahiko lauak egin zaizkit. Bi pertsonaia esan dut, baina, egia esan, bada hirugarren bat, inportantea: GU klub kultur-kirolzalea, Tolosakoa, lotura elementu bat bi boxeolarien artean, zeina agertzen zaigun Londresko klub elitista baten antzekoa.

Joxemari Iturraldek esan du Berria egunkarian: “Nobela honek 60-80 urteko historia hartzen du, eta nolabaiteko bi Euskal Herri kontrajarri horiek Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañagak sinbolizatzen dituzte”. Nik, berriz, ez dut horrelakorik ikusi liburuan, alegia, boxeolari bat Euskal Herri atzerakoiaren ikur eta bestea aurrerakoiaren sinbolo. Aitzitik, biak ikusi ditut plano berean: bi astapotro famatuen Olinpon, eta biak astapotroen moduan jokatzen, testosteronak bultzatuta: ringaren barruan, taberna eta putiklubetan, ohean eta gerran, azken hau Uzkudunen kasuan, badakigu-eta Errezilgoak gerra Falangen egin zuela, sekulako aldrebeskeriak egiten, antza. Gaztañaga, ostera, gerra garaian Ameriketan ibili zen, eta ez dakigu errepublika zalea edo Euzkadi zalea ote zen, niri behintzat hori ez zait garbi geratu liburua irakurrita.

Apur bat atsekabetuta amaitu dut nobela, ez nau-eta bete. Berriro diot, espero nuen bai pertsonajeak eta baita euren garaia ere sakontasun eta konplexutasun handiagoz tratatuak izatea.

1936 Uzkudun Avenidan

Paulino Uzkudun Avenidan, Donostian, falangista talde batekin, faxisten agurra egiten (1936)

P.D.: Liburua itxitakoan ohartu naiz haien ondoan gure “Urtain” ez zela oso diferentea izan (“gure” diot, gure garaian bizi izan zelako, ez beste ezerengatik). Zestoako morroskoa izan zen beste haien bertsio modernoa, alegia, haiena bezain zaharkitua.

Kategoria: Liburuak Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Perlak, kolpeak, musuak, traizioak bidalketan

  1. egilea: Iñaki

    Atzo jakin nuen nor zen nobela honetako benetako “Ladis Goiti” eta bere historia. Liluragarria, beste nobela bat idazteko modukoa.

Utzi erantzuna Iñaki(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude