Berandu eta erabat berotuta iritsi naiz gaur ospitaletik, eta etxeratzerakoan hasperen luzea egin dut, patxada nahi nuen-eta. Gutxi iraun du, ordea, harriduraz ikusi dut-eta Twitterren baten batek Goiena Komunikazio Taldearen eraikinean egin dituen pintadak, Goienari EAJren morroi izatea leporatuta.
Berehala pentsatu dut pintada horiek zerikusia izan dezaketela joan den astelehenean nik Faroan ateratako artikuluarekin, Faroa bera Goienaren komunitatean dago-eta aterpetuta, eta artikulua dezente irakurri baita.
Arretaz irakurri dut Eneko Barberenaren artikulua, pintada horien inguruan idatzitakoa, eta berarekin bat natorren arren gauzarik gehienetan (artikuluaren tonua, Goienaren jatorria eta neutraltasun nahia, Sorturen jarrera lasaia hauteskunde emaitzak aztertzerakoan, pintadak gaitzestea, elkartasuna…), nik bai uste dut pintada horiek zerikusia dutela hauteskundeek zenbait jenderengan eragindako frustrazioarekin, egin, bozketak egin ondoren egin baitira, eta mezu jakin bat zabaldu nahi dutelako, Goiena aukera politiko batekin lotu guran: Eskoriatzan, Aretxabaletan, Arrasaten eta Bergaran alkatetzak irabazi dituen alderdiarekin.
Pintada horiek egin dituenak zikindu nahi izan du Goiena, eta zikindu nahi izan ditu bertako profesionalak eta komunitatea. Ez du lortu. Bihoakio Goienari nire besarkadarik beroena.
Lehelengo, nire elkartasuna “Goiena”ko zuzendaritza eta langile guziei. Ados hire eta Eneko Berberenaren artikuluekin. Ados baita “hauteskundeek zenbait jenderengan eragindako frustrazioarekin” zerikusia dutela uste baitut. Aurrera egin beharrean, atzera saltoka, ekintza faxistoide horiekin. Halakoren baten jausiko ahal dira astotik jardun horretan dabiltzanak.
Eskerrik asko, Joxe.
Goiena osatzen duen GU handi horretan sartzea gura nuke pintada horiek egin dituzten lagunak ere. Ia aukerarik dugun.
Lagun horien jokatzeko modua gura nuke berba egitekoa izatea eta ateak zabalik dituzte Goienan den-denek. Nik neuk alderdi dinamiketatik kanpoko ikusten dut gertatu dena eta ia kapaz garen aurrera begira jarri eta guztiekin eta guztiendako lanean jarraitzeko.
Eskerrik asko.