Zer gertatu da Arrasaten?

Arrasateko udalbatzar berria (Goiena.eus)

Arrasateko udalbatzar berria (Goiena.eus)

Atzo iluntzean hainbat ezusteko izan ziren Euskal Herrian, udal eta foru hauteskundeen harira, eta horietako bat Mondragoen gertatu zen, ezker abertzalearen gotorlekua orain arte. Aspaldiko partez, herritarrek horrela erabakita, eta kanpotik etorritako inongo debeku edo traba administratibo barik, EH Bilduk galdu egin zituen hauteskundeak herrian. Radio Euskadiko estudioan datua lehen aldiz aipatu zenean, Jose Ramon Beloki diputatu ohi jeltzaleak flipatu egin zuen, eta historikotzat jo, baldin eta kontaketa egiaztatzen bazen, artean amaitu barik zegoen-eta.

MInutuak aurrera joan ahala, datuak baieztatu egin ziren: EH Bilduk galdu egin zuen gehiengo osoa Arrasaten, 1.400 boto eta 4 zinegotzi gutxiagorekin. Zer demontre gertatu zen halako jipoia jasotzeko? Zenbaitek esan dute Mondragoen ere atez atekoaren kudeaketa eskasa izan dela porrotaren eragilea. Nire ustez, berriz, arrazoia beste nonbaiten egon daiteke.

Agintaldia hasi zutenean, EH Bilduk eta Inazio Azkarragaurizarrek gehiengo osoa zuten Arrasaten, 11 zinegotzi, eta, nahi izate aldera, alderdiak ez zuen zertan aintzat hartu oposizioa bere asmoak aurrera eramateko. Hori egin ordez, alkateak eta bere taldeak akordioak bultzatu zituzten beste taldeekin herriari zegozkion gai nagusietan, zaborren kudeaketa barne. Eta hori garbi azaleratu zen udal gobernuaren azken osoko bilkuraren ostean, oposizioko alderdi buruek goratu zutenean agintaldia Goiena Telebistan, lan asko egin bide zutelako adostasunean oinarrituta.

Hauteskunde kanpaina hasi aurretik baina, eta Debagoieneko hedabideetan ez agertu arren, Arrasaten bolbora bezala zabaldu zen herriko ezker abertzaleak ez zuela onartu Inazio Azkarragaurizar EH Bilduko alkatearen eta bere taldearen asmoa, segitzeko lanean beste agintaldi bat. Itxura guztien arabera, ezker abertzalean beste iritzi bat nagusitu zen, hurrengo alkateak eta taldeak sintonia handiagoa izan behar zutela Arranotik irteten ziren ildo nagusiekin.

Nire ustez, Azkarragaurizar kenduta, mondragoetar askok ulertu dute ezker abertzaleak bukatutzat eman duela akordioaren bidea herrian, eta, hori ikusita, nahiago izan dute beste alderdi bati bozkatu, akordio faltak istilu gordinak ekarriko lituzkeelakoan, Bergaran-eta bizi izandakoen tankerakoak.

Kategoria: Politika Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

25 Responses to Zer gertatu da Arrasaten?

  1. egilea: patxi lurra

    Mila esker analisiagaitik, Joxe. Bilbotik segitzen ditut-eta interesez Debagoienean gertatutakoak.

  2. egilea: nagore

    Noski! eta Eskoriatza, Aretxabaleta eta Bergarako herritarrak ere hortaz enteratutakoan eaj bozkatu dute. Bai zera!

  3. egilea: Ander

    Normalean, honelakoetan, ez da arrazoi bakarra egoten, zenbait batera baino. Baliteke arrazoietako bat aukeratutako taldea izatea, baina esango nuke behinagoa dela joera orokorra, zenbait herritan ia talde bera aurkeztuta ere jaitsiera egon delako. Kontua da, nire ustez, taldean joan-etorrian ibiltzeko joera dagoela, batetik, eta irabazlearengana edo/eta modetara jotzeko tendentzia. Hortik ondorioztatuko nuke PPk galdutako zinegotziak eta PNVk irabazitakoak bat datozela neurri handi batean, eta Bilduk galtukoak eta herri plataformek eta enparauek irabazitakoak ere bai (oro har, eta asko sinpletuta, beti ez datozelako guztiz bat). Horri gehitu behar zaio, bestetik, lau urtetotan hedabide orokorretatik egindako publizitate eta kaosaren apologia, zaborraren kontua barne. Bazirudien Gipuzkoa desastre hutsa zela, galbidean zihola guztiz. Eta azkenean, dena batuta…

  4. egilea: Pello Aranburu

    Interesgarria iruditu zait zure iritzia. Errazagoa da pentsatzea arrazoi bat baino gehiago egon litekeela horrenbesteko aldaketarako.
    Hala ere, bestelako arrazoi batzuk izango direla pentsatzen dut, behar bada ez horren ideologikoak, ez horren azaltzeko politak, baina… errealagoak. Niri Gipuzkoako Ogasunak kooperatibistak jubilatzerakoan jasotzen zuten dirua zergapetzen hastea 2012an ez zait txikikeria iruditzen. Ordura arte inor ez zen horretan saiatu. Gozoak jarriko ziren!
    Ez dut zuen eskualdeko egoera ezagutzen, eta pentsatzen dut izango zirela arrazoi gehiago.

  5. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Egia da, Pello eta Ander, horrelako jaitsierak ez direla gertatzen arrazoi bakarragatik.

    1. Aukeratutako taldea baino, nik uste dut jaitsieraren arrazoi bat izan dela arbuiatu den taldea, lau urtez lanean ibili dena, emaitza onekin itxura guztien arabera. Ikusi dudanagatik, jende asko minduta geratu da zelan baztertu duten Inazio Azkarragaurizar eta bere taldea, eta jende asko diodanean esan nahi dut botoa jeneralean ezker abertzaleari ematen dion jendea.

    2. Gipuzkoako Hazienda. Baliteke EH Bilduk boto batzuk galdu izana Gipuzkoako Haziendak zergapetzen hasi zelako kooperatibistak, baina nik ez dut sumatu neurri horren kontrako aurkakotasunik herrian.

    3. Nire ustez, eta hau diskutigarria da, noski, Azkarragaurizar eta bere taldea berriz aurkeztu izan balira igandeko hauteskundeetara, EH Bilduk galduko zuen apur bat (zinegotzi bat edo bi), jasoko luke-eta Gipuzkoan koalizioak jasandako kaltearen zati bat, baina irabazi egingo luke, Oñatin gertatu den moduan.

    4. Nagore, atsekabetuta sumatzen zaitut, baina ez dut uste Arrasateko kasuak zerikusi handia duenik Bergarakoarekin eta Aretxabaletakoarekin. Bergaran esango nuke EH Bilduk atez atekoak herrian eragindako istiluen ondorioak jaso dituela. Aretxabaletan, berriz, EH Bilduk izan du alkate bat oso berezia, pertsonalista eta eztabaidatua. Iruditzen zait hori eta atez atekoa zelan ezarri duen izan direla porrotaren arrazoi nagusiak. Eskoriatzaren kasua, berriz, ez dut ezagutzen, eta ez nuke jakingo esaten.

    Mila esker lauroi zuen ekarpenengatik!

  6. egilea: juan

    Horrelako jipoia jasotzeko arrazoi bat, bi eta hiru baino gehiago egongo dira, noski.
    Baina denok entzun dugu kalean Inaxio Azkarragaurizar oraingo alkate apartatu nahi izan dutela bere jokaera larregiko “biguna” zelakoan. Entzun da, baita ere (eta komunikabide batera gutun bat bidali omen zuten, nahiz eta nik ez dudan irakurri) Aralarek ez duela parte hartu nahi izan maitzaren 24ko EH Bilduren zerrendan.
    Arrasateko EH Bilduk argitu beharko du, nahi izanez gero, hau guztia egia den ala ez eta, bidez batez, autokritika apur bat egin. Edo bestela erru guztia DV-ari botatzea dauka.
    Pellok esandakoa Gipuzkoako Ogasunari buruz ere ez da kontu makala.

  7. egilea: Gorka

    Beharbada ezker abertzalearen erabaki horrek eragina eduki du, ez naiz hortan sartuko ingurune hori ezagutzen ez baitut. Baina uste dut herriko auzo batzuetan eragin gehiago eduki dutela beste zenbait kontuk. Gure inguruan adibidez hau izan da besteak beste botoa aldatu edo etxean geratzea ekarri duena:

    http://www.mondraberri.com/mondraberri/contenidos.item.action?id=8671302&menuId=7053418

    Eta zoritxarrez, Mariarekin ados nago: “beste behin ere, bere gehiengoa baliatu du Bilduk erabakia aurrera ateratzeko eta bere nahia inposatzeko”

    EAJri urteetan aurpegiratu zaiona Bilduk egin du auzotarren iritzia kontutan hartu gabe.

  8. egilea: juan

    Lehen aipatu dudan Aralarreko Joxe Etxeberriak Monbraberri.com-era bidalitako gutuna:
    Agurrak eta eskerrak

  9. egilea: kepa

    Ez dut balorazio orokorrik hemen egin nahi. Bakarrik idazten dizut, Joxe, esateko zure argudioen funtsa gezurra dela. Eta horrelako gauzak idatzi aurretik, gezurretan oinarriturikoak, bertsio desbderdinak ezagutzea komeni dela, ez bakarrik gure lagunenak. Ez baitu ezker abertzaleak akordioen aroa amaitutzat eman Arrasaten ezta gutxiagorik ere ( ez dut uste ezker abertzalea izango denik,hondakinen gaian adibidez, sinatuta dagoen akordioa beteko ez duena ez badugu helburuetara iristerik lortzen), ez baitio ezker abertzaleak azken udal lantaldeari ez jarraitzeko esan. Horiek gezurrak dira. Gezur hutsa.
    EHbilduk zerrendaburu bat aurkeztu zuen eta herri batzarrean %90eko bozkaz onartu zen, aurkako bozkarik gabe eta 3 abstentziorekin,eta sektore desberdinetako pertsonak zeuden bertan. Ez zuk diozun arrano hortakoak bakarrik. Hortik aurrera, zinegotzi bakoitzak eduki du askatasuna jarraitu edo ez erabakitzeko. Beraz, zuk diozuna gezurra.
    Beraz, analisiak egin aurretik, bertsio desberdinak jakitea komeni denez, eta zuri bakarra eta gezurra kontatu dizutela uste dudanez, hau idazten dizut. Jakin dezazun,

  10. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Pozten naiz, Kepa, Arrasaten ezker abertzaleak ez badu amaitutzat eman akordioen aroa. Oraingo zerrendaburua ezagututa, neuk ere horixe uste dut. Zenbait jendek, berriz, bestela pentsatu du, ez baitu ulertu zergatik baztertu den Inaxio Azkarragaurizar eta bere taldea eta minduta sentitu baita gauzak zelan egin diren. Eta jende horrek —boto kopuru esanguratsua, bistan da— oraingoan kendu egin dio botoa EH Bilduri.

    Seguruenik, Arrasaten hori ez da izan boto galera osoaren motibo bakarra, bit.ly/1GzPxls baina ondo legoke EH Bilduk berak argitzea gertatua, Hasier Arraizek bozketa eguneko gauean izandako jarrera zintzoaren ildotik, non esan baitzuen, besteak beste, entzun dutela botoa kendu diotenen mezua eta kontuan izango dutela aurrerantzean. Mila esker!

  11. egilea: carlo

    eh bilduren boto galeraren arrazoia joxek blog honetan esandakoa bada, hainbat galdera etortzen zaizkit. Alkategaia aldatzearen erabakia nola gestionatu den ez dut ezagutzen, ehbildu barnean egosi baita eztabaida hori. Galdera da, nork zabaldu du herrian orain hain bolo bolo dabilen gai hori? Nork hauspotu du hasarre hori? Egungo gobernukoak ez ditut ikusi ehbilduren aurrekanpainan, salbuespenen bat ezik. Aurrekanpainan Eneko eta lantalde berria kaltetu dutenak egungo bildu eta aralarren gobernukoak izan diren susmoa daukat.

    PNVk eskerrak eman beharko lizkieke, joxe(aralar) eta bilduko gobernukide gehienei, edo??

  12. egilea: Urbasa

    Kepa, zuk diozuna oso argigarria da, baina ez dut ulertzen, gertatutakoa hori izan bada, zergatik ez den behar den moduan komunikatu, publiko egin, zabaldu. Zurrumurruek kakaztu dute herria eta niri neuri behintzat, Joxe Aranzabalen mezua da ailegatu zaidana 10etik 9tan: Azkarragaurizar “bota” egin duela ezker abertzaleko “aparatuak”, lepoa moztu diotela, estatu kolpea egon dela atzean.
    Jakina, hori dena zurrumurruen zurrunbiloan ibili da bolo-bolo, eta horretan ez du batere lagundu, baina batere-batere ez, Joxe Etxeberriak bere agur gutunean esan zuena, alegia, esan beharrekoa jendeari aurrez aurre esango ziola, kalean, publiko egin barik. Bueno, horixe da, hain zuzen, esameskeriari bidea irekitzeko modurik onena! Nik nire bertsioa emango dizut eta hor konpon! Holaxe zabaldu da kaka parrastada bazter guztietara gero. Eta beste kontu bat ere airean dago nire ustez: Aralarrek zergatik ez du garbi esan Arrasaten noren alde eman botoa? Hori ere kalean, ahopean eta belarrira esan diote elkarri?

  13. egilea: Iñaki

    Kaixo Joxe,

    (Arrasateri buruz)

    Eta nola azaltzen duzu, zuk esaten duzun bezala, botoa jeneralean ezker abertzaleari ematen dioten baina talde aldaketa gustuko izan ez duten horiek, Foru Aldundirako ere EAJ bozkatzea? zigor itzela benetan!

    Bestetik, uste dut asko suposatzea dela “mondragoetar askok ulertu dute ezker abertzaleak bukatutzat eman duela akordioaren bidea herrian”. Barberenak eta bere lantaldeak izugarrizko bilera pila egin dituzte herriko eragileekin hauteskunde aurretik… Goienako eta Mondraberrin, inor eraso ez duen hautagai bakarra (Irabazirekin batera). Horrek ez al du entzuteko eta akordioetara heltzeko borondate apur bat erakusten? Zer esanik ez Eneko Barberena ezagutzen duen edonork hori ere badakiela…

    Faktore askok eragin dutela argi dago. Ez dut ukatuko Inaxio aldatzeak eragina izan ez duenik. Baina horrek baino askoz gehiago, EH Bildu inposizioarekin erlazionatzeko Diario Vascok etb ek 4 urteetan eginiko kanpaina bortitza izan da! EH Bilduren gobernuaren komunikazio kaskarra gehituz, errauskailua eten eta Europan eredugarri izan dena egin arren, agian pedagogia egiten asmatu ez izanak… edo aldaketak azkarregi egin behar izateak faktura pasa du. Zalantzarik gabe, autokritikarako garaia du EH Bilduk.

    Inmigranteen aurkako botoak ere eragin duela uste dut eta batez ere, argi daukat herritarrek erosotasunaren aldeko hautua egin dutela, errespetagarria noski. Hala ere, ikaragarri injustua iruditzen zait kale bat mozteagatik sortu den eztabaida eta iskanbila, berez alderdi eta hautagai guztiak ados egon dira obrak egin aurretik eta ondoren, kale “misto” bat egingo zela. Eta batzuek ederki baliatu dute kanpainan, Udalak herritarrei proiektua hobeto azaldu ez izana. Pena handia, bideen inguruan mintzo, Bidegi auzia bezalako eskandaluek herritarrak arduratzen ez dituela frogatzeak. Marbellan bezala bukatuko al dugu?

    Zer pentsa ematen dit, programan argi eta garbi “konpetizio kirola bultzatuko dugu” esan duen alderdi batez, Mondraberrin Iñaki Azkoagak EAJ ak “kirol proiektu bat” duela esatea. Herritarren %2ak konpetitzen du, horientzat proiektu bat dugu orain. Eta kirolaren arloa EAJ ereduaren islada da, gutxi batzuen interesentzat gobernatzen baitu EAJk, inposiziorik gabe noski!

    Ziur nago urte batzuk pasata atzera begiratu eta batzuk damutu egingo direla zaborraren gaia edo kale baten mozketa horrenbeste polemizatzeagatik. Aldaketa deitu diote eta bai, eskumako gizarte eredu baten aldeko apustua egin du herriak. Gelmako etxeen eskandalua, Biteriko parkina Gesparki ematea, “Gasolinera” eraikitzea etb gogoratzen ditut eta Marbella datorkit berriro burura.

    Azkenik esatea, Podemoseko presentzia hasieran begi onez ikusi banuen ere, egundoko desilusioa hartu nuela Mondraberriko elkarrizketa irakurtzean eta horrenbesteko babesa jaso izanak benetan harritu nau. Madrilgo diskurtsoa Arrasatera ekarri eta irentsi egiten dugu? bertako Udaletxean ‘kasta’, ustelkeria eta politiko profesionalak daudela esanda, hau da, Udaletxearen eta beste hautagaien benetako izaera eta jatorria ezagutu gabe, bozka mordo bat lortu dituzte zerrenda ezezagun batekin. Kontrara, Irabazikoak bai ikusi ditut aspaldi kalean, solasaldiak antolatzen, mobilizazioak, hitzaldietan… baina LaSextako diskurtso polit batek, kalean eta urteetan eginiko benetako lanak baino gehiago balio duela argi geratu da, berriz ere.

    Azken galdera bat, eta errauskailua San Prudentzion egingo balute?

    Zorionak Arrasate!

  14. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eneko Barberenak bere blogean erantzun dit, eskerrik asko Eneko, eta nik ere hantxe erantzun diot http://bit.ly/1cg0Xy0 Mila esker denoi zuen partehartzeagatik.

  15. egilea: Joseba

    Ez zara urruti ibiliko, Joxe. Hiru apuntetxo:
    1.Hautagaien zera hori nork erbakitzen duen jakin nahi nuke. Diputazioan ere berdin: nork jarri zuen Olano? Nola erabaki zen? (Jakinda, gainera, ze ospe duen!!! Usurbilgo udaletik ere bazetorkiona: kontu zaharra dela, alegia, inor jakinaren gainean ez egoteko).
    2.Beste arrazoi bat izan liteke kamiozaleekin egin duten zerga aldaketa (lehen moduluka aitortzen zuten, eta orain aukera hori kendu). Koinatuak, garraiolari autonomoa bera, aspaldi abisatu zidan: a ze ostia hartu behar duen Bilduk!
    3. Pasaian ere Atez Atekoari egotzi diote danbatekoa. Ez zidan hala aitortu Bildu zigortu nahi izan zuen batek. Dirudienez, aparkatzeko sistema aldatu dute, eta bertakoek bakarrik aparkatzeko tokia jarri omen dute. Horrekin dendariak eta tabernariak sutan jarri omen dituzte bezeroak uxatu dizkietelako. Beraz, ez dezagun Atez Atekoa bihurtu kulpa guztien errudun.

  16. Pingback: EUSKADI-PRENTSA DOSSIERRA-DOSSIER DE PRENSA | El blog de Manu Legarreta

  17. egilea: Xabi Alvarez

    Kaixo Joxe Angel,

    Aretxabaletan “gertatutakoaren” inguruan egin duzun bi lerrotako analisia injustua eta bereziki desokia iruditu zait. Desegokiaren arrazoia begi bistakoa denez hobe detailetan sartzen ez banaiz.
    Injustua deritzot, Aretxabaletako analisia gainontzeko analisiekin parekatzen badugu zehaztasun gutxirekin egin duzulako.
    Hauteskudeen emaitzak mahai gainean izatea gomendatzen dut egiten diren analisiak ahalik eta objetiboenak izan daitezen. Jo dezagun beraz emerotekara.
    Alboan dauzkat 1987.urtetik 2015. uterainoko Udal hauteskundeen emaitzak.
    Arira ba:
    Nire irakurketak, batez ere 3 elementu hartzen ditu aztergai . Hauexek dira:
    1 – Aretxabaletan, bailarako eta Gipuzkoako herri gehienetan ez bezala Bilduren gobernuak ez du zigorrik jaso nahiz eta, alkatetza galdu.
    Aretxabaletan Bilduk bozka gutxi galdu ditu; zehatz mehatz 132 bozka. Oñatin baino gutxiago. Oñatin 271 bozka galdu ditu Bilduk.
    D’Hondt legaren arabera Oñatin zinegotzi bat galdu du eta Aretxabaletan berriz bi (injustua baina …)
    Ondo baino hobeto eutsi dio lau urtetako legealdi gogor baten ondorioz, agintean dagoen partidu batek pairatu dezakeen desgastari (herentzian jasotako 15 miloiko zorra, laugarren herrri zorpetuena, Aralar alderdiaren etengabeko opozizioa, hiri hondakinen rifi rafea, Bilduren kontrako kanpaina mediatikoa eta abar). Beraz, 132 bozka bakarrik galdu dituela esan daiteke.
    Bilduk galdu dituen bozka gehienak Irabazi taldera joan dira gainontzeko herrietan gertatu den antzera. Sikieran, a priori ezkerreko partidu batera joan dira, gaitzerdi!
    Aretxabaletan beraz Bilduk ez ditu galdu hauteskunde hauek EAJk irabazi ditu. Ezkerrak ez du galdu, eskumak irabazi du.

    2- Aralarrek egin duen opozizio gogorra Bilduren contra Aretxabaletan, etengabea, ukaezina eta deigarria izan da. Koaliziokideak izan da ulertezina baiña.
    EAJ ikusle eta Aralar frenteko lehenengo lerroan opozizioa egiten.Horrek mesede egin dio EAJri: Aralarreko bozka guztiak EAJra joan dira, guztiak.
    Aralarrek EAJri hauteskundeak irabazten ladundu diola modu konsziente baten argi eta garbi dago.

    3- Denboran atzera egiten badugu, Aretxabaleta ez da inoiz inoren feudoa izan.Inoiz. Esker Abertzalea, EAJ eta Eusko Alkartasunaren arteko lehia , oso estua izan da beti (bozka gutxiko aldearekin irabazi diote bata besteri).
    2003tik 2007.urteraino Esker Abertzale ilegalizatu egin zuten eta Aralar partidan sartu zen. Ezin da ukatu Aralarrek Esker Abertzaletik jaso izan zituela bozka batzuk baina EAJ /EA alderdietatik gertu dagoen herritarrengandik ere bai (popurri). Hauteskunde hauetan, EAJk maileguan utzitako bozkak Aralar alderdiari bueltan etorri zaizkio.
    EAJren bata besteko zinegotzi kopurua 5ekoa izan da 2003.udal hauteskundeeraino.
    2011. udal hauteskundeetan 2 atera zituen eta Aralarrek 3.
    PPk udal hauteskunde guztietan bozkak jasotzen ditut (200 bat inguru) eta udal hauteskunde gehietan zinegotzi bat ere atera izan du. Aurtengo udal hauteskundeetan berriz PPk ez du bozka bat bera ere jaso, guztiak EAJra pasatu dira.
    Laburbilduz:
    Bilduk lortutako emaitzak onak dira. Bozka gutxi galdu ditu (132) eta desgasteari eutsi dio. Bilduren legealdia nahiz eta alkatetza galdu babestua irten da.
    Aralarrek legealdian zehar egindako eta plazaratutako opozizioa BILDU koalizioari, EHBILDUren kalterako izan da. EHBILDUk opozizioa etxe barruan izan du. Neurriak hartu beharko dituzte etxe barruan berriz horrelakorik gerta ez dadin.
    Aralarrek EAJk zeuzkan bozkak berrezkuratzen lagundu dio. Alde batetik, BILDUren kontra burubelarri ibili izan delako alkatetzarako bidea EAJri samurtuz eta bestetik, 2011. urtean jasotako bozkak eta zinegotzi kopurua EAJrentzat izan direlako.
    EAJ (2)+ARALAR(3)+PP(1)= 1615 bozka; 6 zinegotzi. Matematika.
    2011. urtean EHBILDUk irabazi zuen eta 2015.urtean EAJk. Berriz lehian, betiko lehi estu horretan.
    Aretxabaletan EHBILDUk ez du galdu EAJk irabazi du samur…ezer egin gabe.

  18. egilea: Sumindua

    Harrigarria.
    Harrigarria da autokritika falta. Harrigarria beti errua besteei botatzea. Harrigarria biktima trajea jarriz inguruko guztiak erasotzea. Errespetua? Eskatu bai baina erakutsi?
    Norberak egindakoa norberaren larruan sentitzea, izan ohi da gauzetaz konturatzeko eta ikasteko modurik eraginkorrena. Arazoa da, edo galdera. Ba ote dago ikasteko edo konturatzeko gogorik? edo ahalmenik…
    Sumingarria, behin eta berriz erakutsitako jarrera….denak gaiztoak…gu salbatzaileak…denak oker…gu zuzen….faszismo garaiak datorzkit gogora….autokritika egin beharrean etsai eta errudunen bila beti….”conspiración judeo-masónica” ote?
    Benetan tristea….

    • egilea: Xabi Alvarez

      Kaixo Sumindua,

      (ez dakit ziur zure hitzak niri zuzenduta dauden, hola ez balitz datozen berbak ez dira zuretzako eta beraz sentitzen dot)
      Zergatik ez duzu enkajatu egin dudan analisia? Irentzi ezinean sentitzen zaitut,minduta,oso minduta igertzen dizut.
      Askotan,ahoa betetzen zaigu autokritika hitzarekin; autokritika tragozka pare bat hartzeko une aproposa dugu ( gezurra, beti da ariketa aproposa). Errespetutik ,berdintasunetik eta justiziatik egiten den autokritikak ez luke mugarik izan beharko ezta ere trabarik.
      Horrela gauzak Joxe Angelek Aretxabaletan gertatutakoaren inguruko bi lerrotako analisia desegokia eta injustua iruditu zait.
      Saiatu naiz datu objetiboetan oinarritutako ausnarketa zuokin konpartitzen. Zerk mindu dizu horrebeste?
      1 Aretxabaleta ez dela izan inoren feudoa eta partiduen arteko lehia estua izan dela beti? (1989.urtetik udal hauteskundeetan partidu bakoitzak lortutako emaitzak aztertu ondoren hola da. Gomendatzen dizut emerotekatik pasatzea)
      2 Bilduk 132 bozka bakarrik galdu izana?. (Aztertu emaitzak,nik Goienatik jaso dut informazioa). Bailarako eta Gipuzkoako herri gehienetan ez bezala Aretxabaletan Bilduk nahiz eta alkatetza galdu, primeran eutsi dio bendebalari lau urtetako legealdi gogor baten ostean. Aretxabaletan bendebala beste nonbaitetik sartu da. Ezinda esan ala?

      3 EHBILDUk etxe barruan arazo bat izan duela Aretxabaletan eta berau Aralar alderdia izan dela?. Lau urtetan etengabe Bilduren kontra aritu izan da EAJren plazerrerako. Hau ere ukatu behar dugu? Nahi dugu benetan autikritika sano eta libertario bat egin, edota geldituko gare saminduta eta suminduta bestearen ausnarketaren norabidea gustuko ez dugulako?

      4 Aralarrek plazaratu duen jarrera Bildurekiko EHBILDUren kalterako era EAJren mesederako izan dela?. Hementxe EAJri egin dion mesedea:
      Hauteskundeetako emaitzak:
      EAJ 1615
      2011. urtean, EAJk 630 + Aralarrek 786 + PP 132 = 1548 bozka

      EH BILDU (Aralar, EA,Alternativa,Sortu) 1381
      2011.urtean, BILDUk 1513
      Bilduk 132 bozka galdu ditu eta neurri handi batean Irabazi taldera pasatu dira, berriz diñot, gaitzerdi!
      Datuak aztergai, esan dezaket enpatxatu gabe, Aralarrek BILUren kontra legealdian zehar egindako eta erakutsitako oposizioak lagundi dio EAJri alkatetza lortzen, desde luego ez dio mesedertik egin EH BILDURi; matematika. Hau ERE ezkutatu behar dugu ?Zergatik?
      Espero ez zuen gola sartu diote HBILDUri baina ez kanpotik baino barrutik. Horregatik diñot, EHBIDUk neurriak hartu beharko diuela horralakorik berriz pasa ez dadin. Koaliziokideen arteko borrokak min egiten dio etxeari.

      EH BIlDUri teilatua apurtu zaio, baina etxea ez dator gain behera.
      Herri askotan bendebalak EH BILDUko teilatuak eraman dituelako horren zergatia argitzen lagunduko dizkiguten arrazoi orokorrak egon badarela usted dut, baina egia da ere, herriz herriz aztertzen badu “gertatutakoa” agian zehaztasun handiagoarekin asmatuko dugula. Baina exageratu gabe. Gehiegikariak ez dadila talde baten lana,eta batez ere inor desprestigiatu, por tierra bota.
      Ezker Abertzalearen ekintzailetasunak ere Euskal Herria mantendu du bizirik: soberanista,sozialista , feminista,intsumista, internaziolanista eta rebeldea. Bizirik eta zutik.
      Feudoak era feudalismoak, beti malo. Uteroa, Lurra,Sutondua,Etxea, Herria, eta Herriak, Mundua eta Unibertsoa, behetik gorako lana; autokritikatik biarrera…ea hauteskunde ajearen ondoren zenbat apuntutatzen garen biarrean hasteko.

  19. Pingback: EH-Bilduren gainbeherari begira - zuzeu.eus

  20. egilea: Sumindua

    Ez Xabi, ez ziren zuri zuzenduriko hitzak, identifikatua sentitu bazara ez zen hori asmoa. Gaur egun dugun egoerari ziren zuzenduak. Gaur egun Euskal Herrian dugun jarrerari. Berdin dio nork irabazi edo nork galdu. Bi frente nagusien jarrerak antz handia izan ohi du. Banderizoek itxura denez beren horretan jarraitzen dute. Oinaz, Gamboa, Ezker-Abertzalea, Eskuin-Abertzalea. Zer pentsatu ematen du ezin elkar ulertu ahal izateak Abertzaleen artean, lehen helburu elkarbanatu eta garrantzitsua lortu arte behintzat. Azkenik esan, landu beharko genukeen gaitasuna, elkarrizketaren bidetik akordioetara iristea dela, ez bakoitzak bere proiektua hermetikoki defendatzea.

  21. egilea: Xabi Alvarez

    Sentitzen dot ba eta barkatu;
    Behintzat guk elkar ulertu dugu. Pausotxo bat aurrera, ez da gutxi. Ondoloin.

Utzi erantzuna Joxe Aranzabal(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude