Jon Salaberri proiektua

JonSalaberri2

Bera bizi zela, sekula ez nuen berbarik egin Jon Salaberri herrikidearekin, baina publiko egin zuenean hiesduna zela eta asmoa zuela bera bezalako gaixoen alde lan egiteko, iruditu zitzaidan sekulako meritua zuela. Orain hogeita bost bat urte, bera izan zen HIESaren aurpegia Euskal Herrian.

Hil ondoren, berriz, eta batez ere 1996an anti-erretrobiral berriek kronifikatu zutenetik HIESa, ahaztu egin genuen apurka-apurka. Googlen idatziz gero “Jon Salaberri”, ez zen ezer agertzen berari buruz, salbu Argia aldizkariak 1993an egin zion elkarrizketa. Argazkirik, bat ere ez. Horregatik, behin baino gehiagotan esan nion neure buruari denbora nuenean saiatu behar nintzela Jon Salaberriren memoria berreskuratzen, hura ahaztu izana bidegabea iruditzen zitzaidan-eta.

Une hori iritsita, otsailean lan-eskema bat zirriborratu nuen, “Jon Salaberri proiektua”. Horren arabera, ondorengo lanak egingo nituen:

  1. Artikulu bat Sustatu agerkarian, Euskal Herriko irakurleei begira.
  2. Erreportaje bat Puntua izeneko astekarian, Debagoieneko bizilagunentzat.
  3. Sarrera bat euskarazko Wikipedian, kazetariek, irakasleek eta ikasleek, besteak beste, erreferentzia finko bat izan dezaten.
  4. Argazki bilduma bat Flickr webgunean, CC lizentziarekin, nahi duenak erabil ditzan.

Aste Santuko oporretara joan aurretik kaleratu nituen artikulua Sustatun eta erreportajea Puntuan. Argazki bilduma ere, prest utzi nuen. Atzo, berriz, Wikipediako sarrera igo nuen. Alegia, amaitu dudala hasierako proiektua.

Hemendik aurrera, “Jon Salaberri” idatziz gero edozein bilatzailetan, eskura izango dugu informazioa. Eskerrik asko proiektu honetan lagundu didazuen guztiei, bereziki Jonen familiari eta lagunei.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude