Gure haurtzaroko alkate hura

UribarrenaAlkatetzan

Zortzi urte nituela, Musakolako eskolan nenbilen, Mondragoen, eta orduan esan ziguten herriak alkate berria zuela, Justo Uribarrena. Eta handik gutxira, alkatea eskola inguruan agertu zen, bertako jendearekin adosteko zeintzuk ziren premiarik gorrienak azpiegiturei zegokienez. Eta, uste baino lasterrago, herri lanak hasi ziren eskola inguruan eta auzoan. Eta bertan sarri agertu zen alkate estreinatu berria, herri lanok ikuskatzera. Eta, noiz behinka, inguruko neska-mutikoekin ere hitz egiten zuen, gizon hura adeitsua baitzen. Bat-batean, karguan urte eta erdi inguru zeramala, hil egin zen, 48 urterekin. Pena handiz hartu genuen haren heriotza.

Mende erdi igarota, atzo Josemari Velez de Mendizabal idazlearen artikulu bat irakurri nuen, “Justo Uribarrena, Arrasateko alkatea”, hari eskainita. Berau irakurrita jakin dut Justo Durangokoa zela jatorriz, familia karlista batekoa, eta errekete moduan egin zuela Gerra Zibila. Pedigree horregatik, seguruenik, izendatu zuten Mondragoeko alkate —eta Unión Cerrajerako nagusien oniritzia zuelako, noski, bertako ingeniaria baitzen. Testuinguru hartan, nekez gerta zitekeen beste modu batera.

Eta, hala ere, segitzen dut pentsatzen Justo Uribarrena alkate ona izan zela, kezkatu egiten zelako herritarron premiez, eta gai izan zelako edozeinekin berba egiteko, baita ume mukizuokin ere. Guri beti eskaini zigun irribarrerik zintzoena. Idealizatuta akaso, baina nik horrela gogoratzen dut alkate hura. (Argazkia: Uribarrena Urionaguena familiarena).

Kategoria: Oroimenak Etiketak , , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude